Xabier Orbegozo, 'Arria V.a'. Herri kirolaria

«Herri kiroletako ibilbidea plazan amaitzea nire ametsa izan da»

Bere kirol ibilbideari ginga jartzeko desafioa prestatu du Orbegozok iganderako: ehun kiloko harria hamar aldiz altxatu, Tolosako hiru tontorren mendi maratoia osatu, eta hamar kana-erdiko ebaki nahi ditu sei orduan: «Prestaketa luzea egin dut».

GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan buru-belarri prestatzen aritu eta gero, Xabier Orbegozo Arria V.a herri kirolariak (Errezil, Gipuzkoa, 1977) igande honetan egingo du bere ibilbideari amaiera emateko proba, Ibarran (Gipuzkoa). Harri jasotzen, ehun kiloko zilindro zaharra hamar aldiz altxatu nahi du; gero, 43 kilometro egin Tolosaldeko hiru tontorrak igarota, eta, amaitzeko, hamar kana-erdiko ebaki nahi ditu. Sei orduren azpitik osatu nahi du agurreko saioa.

Aurki helduko da igandea. Dena prest al duzu?

Bai, prestaketa luzea izan da, eta kostatakoa, baina azkenerako heldu gara amaierara, lesiorik gabe. Denboretan ere hortxe gaude, eta eguna heltzeko amorratzen nago.

Hasieran zenuen asmotik apur bat atzeratu zaizu, egoerak hala behartuta.

Bai, eta, halere, gustura nago, egin ahalko dudalako. Muga-mugako datetara heltzen ari ginen; beroa ere laster hasiko da, eta bero handiarekin proba hau ezin da egin. Pandemiak dena atzeratu du, gainera: hasieran, Zegaman [Gipuzkoa] egiteko asmoa nuen, baina herriak asko sufritu du pandemiarekin, eta atzera utzi genuen. Ibarrako Udalarekin hasi ginen gero, eta azkenean lortu dugu. Uste baino beranduago, baina garaiz gaudela uste dut.

Nola sortu zitzaizun ideia?

Mendian ibiltzen den jendearekin hizketan. Jende askori iruditzen zaio herri kiroletan prestakuntza aldetik ez garela ondo aritzen. Eztabaida batean hasitako kontua da; neure burua gai ikusten nuen egiteko, beldurgarri sufrituta bada ere. Halaxe izan da: prestakuntzan hamalau kilo galdu ditut. Mutil handia naiz ni horrenbeste kilometro egiteko, desnibel horrekin [5.600 metroko desnibel metatua du lasterketako zatiak], baina txukun jarri garelakoan nago.

Lan mardulak dira, ezta?

Bai. Lehen, baserrietan-eta baziren erreferentziak ehun kiloko harriak zer-nolako heldua duen. Harri jasotzaileak ikusita, harri xahar bat ematen du, baina norberak heldutakoan tankera ematen dio ehun kiloko harriari ere zor zaiola errespetua. Gainera, orain arinduta nago, eta kilo gutxirekin oraindik eta errespetu handiagoa zor zaio. Bestea, hamar kana-erdiko moztea da; lehen, apustuak jokatzen ziren horretara. Errespetua behar zaio ilaran jartzen direnean. Eta, tartean mendian maratoi bat eginda, zaila da dena sei ordutan sartzea. Denak ondo atera behar du horretarako; akatsik txikiena ere ez dut egin beharko sei ordutan egiteko. Uste dut denboretan hortxe nagoela.

Denboran sartu beharrak kezkatzen zaitu gehien?

Bai, denborak estu daude. Azken hamar kana-erdikoak ez dira samurrak egingo, eta harriaren jasoaldiek ere ez didate mesederik egingo abiatzeko. Oso estu daude denborak; bete-betean aterako naiz, eta ahal dudana egingo dut. Ilusioa dut, eta egiteko gaitasuna erakutsi dut entrenamenduetan. Orain, egunean bertan egin behar da, bestela ez du ezertarako balio. Uste dut ez garela urruti ibiliko.

Nola bideratu duzu prestaketa?

Hasieran 95 kilo inguru nintzen, eta pisua galdu behar nuen. Ez du misteriorik. Ordu asko egin ditut mendian: lauzpabost orduko bueltak, aste bukaerarik galdu gabe. Gero, aste barruan hemezortzi kilometroko saioak egin ditut: astean behin egin ditut halakoak. Gero, serieak ere bai. Astean hiruzpalau egun oso gogorrak izan dira. Bestela, bizikletan, aizkoran, astean behin harriarekin... 80 kilora jaitsi nintzen, eta harririk jaso ezinda geratu nintzen. Orain, 83-84 kilo inguru naiz.Prestatzaileak bidalitakoa bete dut; bizi osoko prestatzailea da, eta konfiantza izan dut harekin.

Sei orduan egiteko, mendi maratoia izango da gakoa. Zenbat denboran osatu nahi duzu?

Bost ordu eta hamar minutuan egiteko gaitasuna badudala uste dut. Egiten badut, tartetxoa dutsei ordutan egiteko dena. 5.20an eginda, presaka aritu beharko nuke beste bi lanetan, eta 5.30ean egiten badut, zaila izango da. Aldeak txikiak dira; mendian denbora galtzen hasten zarenean, azkar eta asko galtzen duzu. Erritmo jarraian egin behar da. Ibilbide honek gozatzeko leku gutxi du; tira eta tira joan behar da.

Eguraldiak ere baldintzatuko du?

Bai. Euriak gauza on bat du: fisikoki freskoago aritzen zara. Hego haizeari diot beldurrik handiena; goizeko 08:00etan [orduan hasiko da] 22-23 gradu baldin badaude, horrek ematen dit errespetua. Likidoa beldulgarri edan behar da, eta ez dadila hego haizerik egon, behintzat.

Zure herri kirol ibilbideari akabera emateko proba da. Zergatik erabaki duzu uztea?

44 urte egin ditut, eta azken seiak intentsitate handian egin ditut: era guztietako apustuak, pentatloiak... Dena probatu dut, eta gorputzak atsedena behar du; baita buruak ere. Lesioekin zorteko izan naiz, baina belaunetan eta gerrian nabari dut, eta zerbait handia etorri aurretik lasaitzea iruditu zait egokiena. Sasoiz ez dut gaizki ikusten neure burua;lan politak egiteko gai naiz, baina uste dut nire gaitasunak probatuta utziko dudala. Akaso, nire urterik onenak kiroletik aldenduta egin nituen, baina ez dut damurik. Gustura nago.

Sasoi onean zaude. Ez al dizu penarik ematen orain uzteak?

Arantza bat dut: pentatloia bakarka ez irabaztea. Bi aldiz hirugarren egin nuen. Dena ezin da harrapatu, ordea. Joan naizen lekuetan saiatu naiz, eta horrela beharko du.

Zer dela eta utzi nahi duzu marka bat ezarrita?

Iruditzen zait lortzen baldin badut marka historiko bat izango dela. Azken sei hilabeteetan saiatu egin gara, eta ez nuen nahi lesio batekin utzi. Ibilbidea plazan bukatzea nire ametsa izan da, era duin batean bukatzea. Zer dago hoberik halako marka bat ezarrita uztea baino? Saiatzea bera ederra da, asmoa izatea. Faktore asko sartzen dira jokoan, eta denak ondo atera beharko du lortzeko, baina saiatzea ez da gutxi.

Gazte mailan aizkorako txapelketetan aritu zinen gehienbat, eta etena egin zenuen gero. Azken urteetan, berriz, markak, probak eta apustuak egin dituzu gehiago. Gustukoago al dituzu horiek?

Herri kirolen oraingo bidea ez zait gustatzen. Txapelketak ondo daude; lehen ere izaten ziren. Euskalduna apustuek, desafioek eta erronkek mugitzen dute. Frogatuta geratu da horrelako saio bat egin den bakoitzean. Halakoetan ondo prestatzen da kirolaria; bitarteko denak jartzen ditu, eta jendeak ere interes handiagoa izaten du. Oraingo kirolariek apustua baztertua dute; ez dute aipatu ere egiten. Ematen du lehengo kontuak direla, eta orria pasatu behar dela. Aldaketak egin behar dira, baina lehengoa ahaztu gabe. Oraindik mahaian esertzen garenean apustuengatik hitz egiten dugu; ez erakustaldi, ez txapelketa. Lehengo apustuak aipatzen dira oraindik, eta, hori galtzen bada, herri kirolen esentzia atzetik joango da. Horrek ematen dit pena. Adibidez, [Xabier] Zalduak eta [Julen] Gabirondok egin behar duten jokoa, aizkoran eta segan, oso polita da. Jendeak hori aipatzen du kalean, eta uste dut apustuena itzaltzen ari dela. Pena da hori.

Zuk dezente dituzu eginak, belaunaldi ezberdinetakoen kontra, eta bakarka ere marka saiakerak egin dituzu. Zein duzu gogoan iltzatuta?

Irabazitakoak beti geratzen dira gogoan, baina galdutakoak ere baditut batzuk. Baditut pare bat irabazteko aukera izan eta galdutakoak. Bat, Donatoren [Larretxea] kontra: apustu handia jokatu genuen, eta eskuetatik ihes egin zidan joko hark. Oraindik galdetzen diot neure buruari nolatan egin zidan ihes apustu hark. Bestea, [Joxe Mari] Olasagastiren aurka: geldi egotetik itzuli berria nintzen, eta atzaparrak sendatu gabe nituen, azal mehearekin. Fisikoki ondo heldu nintzen, baina beste faktore batzuengatik galdu nuen. Gero, uste dut aizkoran gehien egin nuena [Joseba] Otaegiren kontrakoan izan zela. Hogei kana-erdiko 40 minuturen azpitik ebaki nituen; sasoi puntu oso onean heldu nintzen. Eta proba mistotan, hogei segundorengatik galdu nuen bat. Eta hogei kana-erdiko ebaki eta plazan hogei kilometro egin nituenekoa ere gogoan dut. Izugarri gogorra da hori; zezen plazari 200 buelta ematea, albozka, hondarretan... Lauzpabost hilabetean bi segidan egin nituen, eta gogoan ditut haiek.

Proba mistoak sarri egin dituzu. Diziplina askotariko kirolaritzat al duzu zeure burua?

Lehen esan dudana: aizkora hutsean ariko banintz, maila hobexeagoa eman nezakeen, baina beti gustatu izan zait korrikan aritzea. Buruz ere aizkora hutsean baino errazago prestatzen nintzen. Bitarte horretan ondo moldatu naizela uste dut.

Arriatarra zara, eta etxean jaso dituzu herri kirolak. Haur bat zinela egin zenuen lehen plaza. Zer eman dizute herri kirolek?

Gure aitona zenak, Arria I.ak, 1930eko hamarkadan askotan bete izan zuen Azpeitiko zezen plaza, apustuetan. Beldurtzeko moduko apustuak jokatu zituen. Hor dago gure aitak egindakoa ere [Arria II.a]: aizkoran, hamar-hamasei kana-erdikoetara onentsuena izan zen, eta apustuak-eta egiten zituen; segan ere bai. Gure aitak irabaziak ditu Euskal Herriko txapelketak aizkoran, segan, trontzan, pentatloian... Klase horretako kirolaria izan zen. Gero, osabak, Arria III.ak ere apustu latzak jokatu zituen. Mundu hori beti segitu izan dut. Gainera, nola herri txikikoa naizen, herri kirolaren erdigunea hori izan da. Etxean eta kalean asko ibili dugu, eta asko eman dit. Makina bat jende ezagutu dut, makina bat bazter ere bai, eta uste dut gu ezberdintzen gaituena hau dela: gure hizkuntza, eta gure kultura txiki hau. Joan garen lekuetan garena erakusteaz harro egon behar dugu. Ameriketan, Espainian barrena... Haietan erakutsi dugu zer den hau. Gero, apustu egun handi horietan sentitzen dena gauza handia da, galdu ala irabazi: aurreko egunak, tentsioa... Badu bere xarma.

Nola definituko zenuke herri kirolak zuretzat esan nahi duena?

Familia txiki bat gara, baina lehia sortzen da. Futbolean handian sortzen den bezala, Reala eta Athleticekin, Real Madril eta Bartzelonarekin, gurean txikian sortzen da. Herrietan-eta sortzen da lehia hori. Malizia puntua ere badu. Apustuetan, adibidez, egurrarekin: zein klasetakoa eraman, gogorra, biguna... Mila istorio egoten dira. Hor sortzen den giro hori da, niretzat; hortik sortua da herri kirola. Txapelketak beharrezkoak dira, gazteenak-eta lehiatzeko eta ezagutarazteko, baina apustuak beste zerbait dira. Herri kirolek hor dute sustraia. Ez dut esaten dirutza handirik jokatu behar denik, baina desafioaren esentzia mantendu behar da. Horrek xarma handia du niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.