«Jesus Manuel Madariaga arratzuarra Gernikako Arkupe pilota elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Ikusten du gaur egun gure kirolekiko lotura galduz doala, eta buelta bat eman gura izan dio egoera horri», azaldu du Joseba Etxebarria Bizkaiko Herri Kirolen Federazioko Kirol zuzendariak. Madariaga haienera joan zen, Bizkaian herri kirolak sustatuko dituen fundazioa sortzeko asmoa aurkeztera. «Ateak zabaldu dizkiogu, guretzat interesgarria delako. Federazioarentzat iturri bat izan daiteke: fundazioaren eskutik herri kiroletara gerturatuko diren gazteak gero gure kide bihur daitezke». Azaroan erregistratu zuten Sustabiz fundazioa. Federazioa du babesleetako bat, eta Etxebarria teknikari ibiliko da. Herenegun aurkeztu zuten, Busturiako Madariaga dorretxean, Busturialdeko eragileekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin egindako ekitaldian. Lehen proiektua Gernika-Lumon ipiniko dute martxan: herri kirolak ikasteko eskola bat da. Ezagutarazteko, harri-jasotze tailerrak antolatu dituzte gaurko.
Gernika Crossfit taldearen boxean —izen hori dute crossfit-ean aritzeko lokalek— gune bat alokatu dute fundaziokoek, astean ordu batzuetarako, eta hura izango da Sustabiz Herri Kirol Zentroaren egoitza. Dagoeneko atondu dute materiala: han eskainiko dituzte harri jasotzea, Ipar Euskal Herriko jokoak eta trontza ikasteko eskolak. Gerora, sokatira ere gehitu nahi dute eskaintzara. Gaurko tailerraren asmoa da eskola eta han arituko diren entrenatzaileak ezagutaraztea. 15 urtetik gorako 36 lagunentzako pentsatu zuten, eta azkenean 39k eman dute izena. Iragartzeko kartel bat sortu zuten, eta han ipinitako QR kodean sartuta eman behar izan dute izena. Lehen deialdia arrakastatsua izan da, beraz.
Harriak, txalekoak eta behar den bestelako material guztia Sustabizekoek ipiniko dute. Aukeratu dituzten irakasleak ez dira edozelakoak: Inhar Urruzuno, Karmele Gisasola Zelai III.a, Lur Errekondo eta Paulo Azpiazu harri jasotzaileak ibiliko dira tailerra gidatzen. Etxebarriak azpimarratu du Azpiazu fitnessetik iritsi dela herri kiroletara; harri jasotzera, zehatzago esanda. “Gaur egun, crossfit-aren kontu honegaz, neurri batean modan ipintzen ari da harri jasotzea; sare sozialetan-eta zabal dabil. Zeozelan olatu hori aprobetxatu gura dugu”. Izan ere, Sustabizekoek uste dute herri kirolek ikusgarritasuna falta dutela, besteak beste. Euskal pilota eta arrauna sustatzea ere bada fundazioaren helburua, baina, oraingoz, gerorako utzi dituzte, ikusten dutelako kirol bi horietan badaudela eskolak eta elkarteak. «Larriago» daude herri kirolak.
Eskola kirolean eta federatuan egingo dute lan fundazioan. Ikastetxeekin lan egitea ezinbestekoa izango dutela deritzo Etxebarriak, eta badabiltza Busturialdekoekin harremanetan. Izan ere, ume-umetatik hasi nahi dute herri kirolekiko zaletasuna pizten. Besteak beste, udaleku formatuko campusen bat antolatu nahi dute orain; udarako sasoiz helduko ez balira, Gabonetarako egingo lukete. Orain Busturialdean hasi diren arren, Bizkaiko beste eskualdeetan martxan jartzeko proiektuak ere badituzte buruan. Etxebarriaren esanetan, Bizkaiko eskualdeen artean badago aldea: batzuetan bestetan baino «osasuntsuago» daude herri kirolak.
Transmisioa, nukleo itxietan
Tradizioz, familia barruan edo inguru jakin batzuetan transmititu dira, Etxebarriaren arabera. «Irakaskuntza prozesua oso nukleo itxietan egin da orain arte. Guk zabaldu egin nahi dugu. Beste profil bat duen jendeari herri kiroletara gerturatzeko aukera eman nahi diogu». Herri kiroletan hamazortzi diziplina daude, eta askok ez dute zerikusirik elkarren artean, azaldu duenez. «Erabiltzen den materiala ez da lortzeko erraza logistikoki; garestia ere izaten da. Gainera, gaitasun fisiko-tekniko handia behar da. Horrek guztiak zaildu egiten du herri kirolak zabaltzea».
Horretaz gain, esan du herri kirolak jaiekin eta aisialdiari lotutako jazoerekin lotzen direla. Beste kirol batzuk, ostera, normaltasun batean egiten dira, asteroko programa baten barruan. “Gernikan, astero daude zesta-punta partidak Jai Alain, eta esku pilotakoak Santanapen. Herri kirolen saioak, jaietan baino ez”. Hori guztia aldatu gura dute Sustabiz fundazioan.