Herri harmaila: soka tenkatu egin da

Azken egunetan eztabaida sortu da Iñigo Cabacas Herri Harmailaren eta Athleticen artean. Lehenengoek taldea animatzeari utzi diote, baina esan dute ez dutela inor mehatxatu animatzeagatik. Klubak aurkakoa dio.

Athleticeko jokalariak Herri Harmailako kideei eskerrak ematen, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Athleticeko jokalariak Herri Harmailako kideei eskerrak ematen, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urtarrilaren 29a
18:59
Entzun

Tenkatzen ari zen Athleticen eta Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldearen arteko harremana, eta, igandean, Leganesen aurkako partidan, are gehiago tenkatu zen. Klubak komunikatu bat atera zuen astelehenean, partida horretan taldea animatzen saiatu ziren Herri Harmailako hainbat kidek jasotako «hersturak eta mehatxuak» salatuz, eta zera gainera zuen: «Animatzen dutenak hertsatzen dituenak ez du tokirik San Mamesen». Klubak dei egin zien «Herri Harmaila osatzen duten beste taldeei eta pertsonei» Viktoria Plzen aurkako partidan taldea animatzeko, «animazio grebari» aurre egiteko eta «taldea defendatzeko».

Halaber, jakinarazi zuen bi pertsonari debekatu egin diela San Mamesera sartzea, izan ere, Herri Harmailako beste kide batzuk hertsi zituzten taldea animatzen ari zirelako. Iñaki Williamsek eta Unai Simonek partidaren ostean egindako adierazpenak ere babestu zituen klubak. Simonek, besteak beste, zera esan zuen: «Jendea ez animatzera bultzatzen duten horiek hobe dute etxean geratu».

Iñigo Cabacas Herri Harmailak ukatu egin du greban daudela: «Ez dugu sekula hitz hori erabili, eta ez dugu esan jendeak animatu behar ez duenik. Ez dugu inor mehatxatu horregatik», adierazi du Pello Magunagoikoetxeak, Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeko bozeramaileetako batek. Argi utzi du zer eskatzen dioten klubari: «Ertzaintzaren aldetik jasotzen dugun jazarpena eta isunak ikusita, animazioaren dinamizazio lan horretan ari direnek babesa izatea eskatzen dugu, eta klubaren aldetik konfiantza izatea gure lan horretan jarraitzeko. Ez digute erantzun, eta suari egur gehiago bota besterik ez dute egin; jendea gure aurka jarri. Baina gu hitz egiteko prest gaude». BERRIAk Athleticengana ere jo du, eta taldeak adierazi dio asteleheneko oharrean esandakoa berresten duela.

«Dei egiten diegu Herri Harmaila osatzen duten beste taldeei eta pertsonei Viktoria Plzen aurkako partidan taldea animatzeko» ATHLETIC

Herri Harmaila San Mames Orroa dinamikari esker sortutako animazio harmaila da. Horren bidez lortu zen ezohiko batzar batean bazkide konpromisarioek Herri Harmailaren sorrera onartzea. 4.000 zale inguruk osatzen dute. Gehienak norbanakoak dira, baina beste batzuk kolektibo edo taldetan bilduta daude. Jendetsuenetakoak Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Euskal Lions eta Piratak taldeak dira. 

Hain zuzen, Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil ondoren sortu zen Iñigo Cabacas Herri Harmaila, hainbat zale talde biltzen zituen koordinakunde gisa. Denborarekin, eta Herri Harmailaren sorrera onartu zenean, talde bakoitzak bere dinamika zuela ikusi zuten. Horregatik, bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuten. Iñigo Cabacas Herri Harmaila talde propio bat bezala hasi zen funtzionatzen, koordinakunde izaera alde batera utzita. «Ordutik animazio ekintza eta dinamika gehienak guk bultzatu ditugu».

Magunagoikoetxeak azaldu du Ertzaintzak hasieratik jazarri ziela. «Beraien kontrol edo ideologiatik kanpo dagoen edozein taldek jasan du hori. [Ertzaintza] hasieratik egon zen Herri Harmaila sortzearen kontra, eta klubari jakinarazi zioten». Aitor Elizegiren agintaldian egin zen bozketa hori. «Harekin eta haren zuzendaritzarekin ere eztabaidak zeuden, eta Ertzaintzaren jazarpena hor zegoen. Baina klubak ez zuen haien diskurtso guztia aintzat hartzen, eta bitartekari lana egiten zuten». 

Uriarterekin «okerrera»

Baina Jon Uriarteren zuzendaritza etorri zenean, hori aldatu egin zela uste du. «Oinarrian dago ez dutela gogoko izan herri harmaila bat egotea. Funtsa harmailaren izaera herrikoi horretan dago. Herri harmaila baten balioa ez da soilik animatzea, aldarrikapen sozial eta politikorako leku bat ere bada: antifaxista, arrazakeriaren aurkakoa, feminista... Zuzendaritza honek, ordea, animatu besterik egiten ez duen harmaila bat nahi du, politikoki eta sozialki desaktibatuta dagoena. Presidenteak berak hala esan du bazkide konpromisarioen batzarretan galderak egin dizkiogunean». Magunagoikoetxeak azaldu du iragan denboraldian bederatzi isun jaso zituztela, eta, epaitegietara jo ostean, denak bertan behera geratu zirela. «Isun horiek ziren, besteak beste, Palestinaren, Amnistiaren eta Pablo Gonzalezen askapenaren aldeko banderak ateratzegatik. Baina baita hainbat kantu abesteagatik ere».

«Zuzendaritza honek animatu besterik egiten ez duen harmaila bat nahi du, politikoki eta sozialki desaktibatuta dagoena» PELLO MAGUNAGOIKOETXEAIñigo Cabacas Herri Harmailako bozeramailea

Aurreko denboraldian harremana «nahiko ona» izan zen, baina okerrera egin du: «Gurekin hartu-emanak zituzten pertsonak aldatu zituzten, eta egotzi ziguten Espainiako Kopako finalean atera genuen tifoan bengalak eta petardoak aurkitu zituztela. Baina esan genien guk ez genuela zerikusirik horrekin. [Tifoa] Cartujan jarri zenean, gure jendea, klubeko langileak eta Polizia ibili ziren dena kontrolatzen. Inork ez zuen ezer ikusi, eta gero egin zuten miaketa batean agertu omen ziren. Hor Poliziak aukera ikusi zuen gure eta klubaren arteko harremanak tenkatzeko».

Real Madrilen aurkako norgehiagokan gehiago korapilatu zen egoera. «Hirugarrenez jarraian ertzainak San Mamesera sartu ziren. San Mamesen segurtasunaz arduratzen zen enpresak denbora zeraman zelaiko sarbideetan harmailako jendea identifikatzen. Jendea kexatzen hasi zen, eta segurtasunekoek ertzainei deitu zieten. Oso modu txarrean sartu ziren. Egun horretan, gainera, jaso genuen tratuaz zerbait esan beharrean, Uriartek soilik salatu zuen pertsona batek berari mehatxu egin ziola partida amaitu eta gero». Athleticek oharra atera zuen: «Ez diogu gertatutakoa Herri Harmailari egotzi nahi, bertako kide gehienak kirol legearen, elkartasunaren eta errespetuaren eredu baitira. Eta aldi berean indarkeriaren aurka dugun konpromisoa berretsi nahi dugu».

Hurrengo partidan, Vila-realen aurkako partidan, taldea animatzeari utzi zioten. «Animazioaren dinamizazio hori alde batera utzi dugu». Bada, zer geratu zen igandean?: «Pertsona batek erabaki zuen mikrofonoa hartu eta abesten hastea. Gure taldearen inguruko pertsona bat harengana joan zen hitz egitera, eta esan zion ea horrekin arazoa konpontzen laguntzen zuen. Baina ez zion mehatxu egin, eta ez zion esan animatu behar ez zenik. Biek aspalditik ezagutzen dute elkar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.