Ander Herrerak Manchester Unitedekin negoziatu izana ukatu zuen atzo, eta hala, Athletic uztea «ezinezkoa» zela esan zuen. «Gezurra da Manchester Unitedekin akordio bat lortu nuenik. Gezur asko esan dira azken egunetan». Erdilariak Lezaman eman zituen azalpenak, eta gezurtatu egin zuen Athletic presionatu zuenik joaten utz ziezaion. «Nik Athletic uzteko etete klausula ordaindu behar da lehenbizi, eta gero nirekin hitz egitera bildu, eta hori ez da gertatu». Herrerak maiz errepikatu zuen Athleticen oso gustura dagoela, «ondo baloratua» sentitzen dela eta ez duela uste, Fernando Llorenteren kasuan bezala, zaleek bere aurkako jarrera izango dutenik.
Herrerak iragan astelehenean Athletic uzteko zorian egon izana ukatu zuen. Egun osoa lasai eta Bilbon pasatu zuela nabarmendu zuen. «Manchester Unitedek inoiz ez zigun esan klausula ordainduko zuenik, eta Athleticek halako kasuetan nola jokatu duen ezaguna da. Beraz, klausula ordaindu gabe ez zegoen zer negoziaturik». Horrek, baina, egoera absurdua planteatzen du, ez baitu logikarik Manchesterrek Athleticekin negoziatzen saiatzea aurretik jokalariarekin akordio bat lortu arte. «Sekuentzia logikoa hori litzateke, baina horren inguruko azalpenak Unitedek eman behar ditu, ez nik».
Herrerarentzat ohorea da United bezalako talde batek bera fitxatzeko interesa eduki izana. Auzi guztian ez du sentitu Ingalaterrako taldeak botata utzi duenik, ezta beste fitxaketa bat merkatzeko erabilia izan denik ere. Eta klausula ordaindu izan balute? Erantzuna saihestu egin zuen. «Hipotesi bat da, eta ez dut aztertuko. Ordaindu izan balute, hitz egin beharko genuke, baina zaila litzateke Athleticek erakartzen nauena baino gehiago erakartzea». Jokalariak azaldu zuenez, LFPra joaniko abokatuak ez ziren bere izenean joan, eta iragan igandeko partidan zergatik ez zuen jokatu Ernesto Valverderi galdetu beharreko zerbait da.
Herrera: «Gezurra da Manchester Unitedekin akordio bat lortu nuela»
Erdilariak ukatu egin du Athletic uzteko zorian egon dela, eta Uniteden esku utzi du egoera azaltzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu