Bolo-bolo zebilen kontua gauzatu egin da azkenean: Ander Herrerak (Bilbo, 1989) Athleticen jokatuko du berriz. Utzita ariko da, eta talde zuri-gorriak hura erosteko aukera izango du denboraldi amaieran.
2011tik 2014ra zuri-gorriz jantzita jokatu zuen Herrerak. 128 partida izan ziren guztira, Espainiako liga eta Kopa, eta Europa liga kontuan hartuta; 11 gol sartu zituen, eta hogei goleko pase eman.
Taldea uztea erabaki zuen gero, eta Europako handienetako batera joan zen: Manchester United. Ingalaterrako taldeak haren etete klausula ordaindu zuen: 36 milioi euro. Bost sasoi osatu zituen han, eta ondoren, Paris Saint-Germainen egin ditu azkeneko hiru denboraldiak.
Palmares oparoa biribildu du Europako bi talde handi horietan. Ingelesekin Superkopa, Kopa eta Ligako Kopa bana irabazi zituen. PSGrekin, berriz, bi aldiz bereganatu zuen Frantziako liga, Kopa eta Superkopa, eta behin ligako kopa.
«Oso pozik nago itzultzeagatik. Ilusio handia egiten dit iraganeko istorio polit horri segida emateak. Handia da erronka, baita exijentzia ere. Oso gogotsu nago», esan du Herrerak webgunean egindako adierazpenetan.
Bihar aurkeztuko dute, eta ezusterik ezean, ez da ariko astelehenean Cadizen (Espainia), ligako partidan (20:00, Dazn eta Gol). Athleticek bolada onari eutsi nahi dio, lau puntu bildu baititu lehen bi jardunaldietan. Aukera ona du horretarako, Espainiako taldeak gaizki ekin baitio lehiari, jokatu dituen bi partidak galdu baititu. Yuri ez da ariko, min hartu baitu eskuin orpoan.