Atezain orok berezitik pixka bat baduela esaten dute. Partida osoa bakarrik pasatu nahi izatea edota baloikada bat jaso ondoren poztea ageriko sintomak dira. Iago Herrerin (Bilbo, 1988) leinu horretako kide bat da, eta bihar, Kopako finalean, Athleticzaleen heroia izatearekin egiten du amets. Hark, baina, zerikusi gutxi du San Mameseko ateak zaindu zituztenen irudi klasiko zurrunarekin. Are gehiago, finalera, eta taldera, iristeko bere bideak ere ezohikoak izan ziren.
Herrerin artelan mugikor izateko bidean doa. Bi tatuaje handik beso bakoitza estaltzen diote. «Nire asmoa bular osoa egitea da, eta agian bizkarra ere bai. Hau hasi baino ez da egin». Eskuinean tribal handi bat du, ikusgarria, eta eskuinean Erroma eta Grezia klasikoko ikonografia. «Erroma zaharreko iruditegia asko gustatzen zait», azaldu du xume. Gustatu beharko, bizepsean Coliseoa ikus daitekeelako, Partenoia eta eskumuturreraino doan soldadu erromatar bat. Esana du Kopa irabazten badu Athleticen ikurren bat ere eramango duela azalera.
Eskuan, besteak beste, 13 zenbakia ere badu tatuatua, bi hatzetan. «Ez dut sineskeriarik; etxean katu beltz bat ere badaukat. Atezaina bazara eta sineskeriak badituzu... Maniarik ere ez; finalean, esaterako, eskularruak estreinatuko ditut. Espresuki egingo dizkidate». Argitasun ia harrigarriz mintzo da, eta egunotan ez du ezer jakin nahi finalari buruz. «Oso kirol zalea naiz, baina egunotan gehiago ari naiz jarraitzen NBAko finalak futbol kontuak baino. Ipadean bideo pila bat dauzkat, Bartzelonaren jokalarienak; bada, Messi eta Neymarrenak ez ditut ikusi. Ez dut beldurtu nahi, ea gol batzuk Txapeldunen Ligako finalerako uzten dituzten». Bere atezain senean fede handia du, eta finalaren aurretik ez ditu Bartzelonaren penaltiak zehatz aztertuko. «Messi eta Neymarren guztiak eta aztertu behar baditut, erotuko naiz. Irurekin —atezainen entrenatzaileak— gauza pare bat hitz egin eta kito. Beti gabiltza horrekin borrokan. Eta gero, ikusiko dut kasu egiten diodan».
Umorea eta harrokeria elkartzen ditu. Izaera horren erakusgarria, Atletico Madrilen igarotako azken egunean eginikoa. «Ni bigarren taldean nengoen, eta ordurako Athleticekin akordioa nuen. Egun hartan lehen taldeak eta Athleticek Europako Ligako finala jokatu zuten, eta Isma Lopezek oparitu zidan Athleticen elastikoarekin agertu nintzen entrenamenduan. Ia bota egin ninduten!». Joan-etorriko bidea izan zen harena Madrilera, Lezaman hazitakoa baita.
Espainiako Kopako partidak jokatu ditu bakarrik, eta finalerdietako itzulikoan min hartu zuen. «Finalera nola edo hala iritsiko nintzela argi nuen; herren jokatzeko kapaza nintzela esan nion Valverderi». Entrenatzailea fidel izan zaio apustuari, eta hor mantendu du. Are gehiago, ligako azken partidak berak jokatu ditu, erritmoa hartzeko. Herrerinek maila ona eman du. «Presiopean maila hobea ematen dudala iruditzen zait. Gogor egin diezadaten gustatzen zait; loreak botatzen dizkidatenean baino hobeto aritu izan naiz». Zuzendaritzak 2017ko ekainera arte berritu dio kontratua. Ezusteko albistea izan da, Lezaman atezain gazte on bat zailtzen ari baitira, Kepa Arrizabalaga, baina Herrerinen kontratua berritu izanak ulertzera ematen duenez, Arrizabala, oraingoz, ez da lehen taldera igoko.
Taldean finala hizpide dute, eta, Herrerinek dioenez, Mikel Rico da alaiena. «Aldagelan argazki historiko asko daude, iraganeko tituluenak. Paretan tarte bat hutsik dago, eta Mikelek beti esaten digu hor jarriko dutela gure argazkia; ea horrela den!». Basurtukoa da jaiotzez, eta, Herrerinek dioenez, bertan ez omen dago kopako txapeldunik. «Hala esan didate; ea joera aldatzen dugun». Lortzen badu, bizi guztirako gogoratuko dute auzoan, Athleticek irabazten badu berak lan oso ona egin beharko duelako.
Futbola. Espainiako Kopako finala
Heroi izateko oposizioak
Tatuaje asko, mania gutxi, eta ez dago finalarekin itsututa; Iago Herrerin atezainaren izaeraren zertzelada batzuk dira. Ordezko moduan egin du liga osoa, baina Kopak eman dio gozatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu