Erronka jarri zion Egoitz Murgoitiok (Hirumet) bere buruari joan zen astean: aste horretan Euskal Herrian jokatuko ziren hiru ziklo-kros probak irabaztea, hots, Asteasun, Itsasondon (Gipuzkoa) eta Igorren (Bizkaia) indartsuena izatea. Asmo handiko helburua zirudien, baina eskuragarria, abadiñoarra baita gaur-gaurkoz espezialista onena Euskal Herrian. Eta lehen bi probetan oso argi geratu zen, ostegunean Asteasun eta larunbatean Itsasondon Murgoitio nagusi izan baitzen, nahiko erraz gainera. Bietan Aitor Hernandez (Orbea) izan zuen atzetik, bietan nahiko urruti, minutu batera Asteasun eta minutu erdira Itsasondon. Ez zirudien ermuarrak ustekabea eman zezakeenik. Oso indartsu zegoen Murgoitio.
Horrelako nagusitasunarekin, ia inork ez zuen zalantzan jartzen asteburuko azken proban ere, Igorren, abadiñoarrarentzat izango zela garaipena. Are gehiago lehen itzuliak nola joan ziren ikusita: Murgoitio zen aurretik, indartsu, bakarrik. Baina inork espero ez zuenean, hustu egin zen, eta Hernandezek oso ondo baliatu zuen atzetik aurrera egin, azken-aurreko itzulian Murgoitio harrapatu eta atzean uzteko. Azkenean,25 segundoren aldearekin iritsi zen helmugara. Garaipena harentzat, eta hirukorik ez Murgoitiorentzat. Igande honetan jokatuko da Euskadiko zirkuituko hurrengo proba, Zeberion (Bizkaia).
Hernandezek eragotzi zuen Murgoitioren hirukoa
Txirrindulari ermuarrak irabazi zuen herenegun Igorreko ziklo-kros proba, abadiñoarraren aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu