Hermosoren kontrako presioak izan zirela berretsi dute Paredesek eta Putellasek

Azaldu dute futbol jokalaria «oso larrituta eta gaizki» zegoela: «Argi utzi zien ez zuela bideorik egingo». Baina Espainiako Federazioko kideek «estutzen» jarraitu zuten.

Alexia Putellas eta Irene Paredes epaitegitik irteten. QUIQUE GARCIA / EFE
Alexia Putellas eta Irene Paredes epaitegitik irteten. QUIQUE GARCIA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko otsailaren 6a
16:10
Entzun

Gaur laugarren eguna du Jennifer Hermoso jokalariari baimenik gabe musu emateagatik Espainiako Futbol Federazioko presidente ohi Luis Rubialesen aurka hasitako epaiketak, eta epailearen aurrean deklaratu dute, besteak beste, Irene Paredes, Alexia Putellas eta Laia Codina futbolariek, eta Hermosoren lagun batek, Ana Ecubek. Guztiek berretsi dute Hermosok presioak jasan zituela gertatutakoari garrantzia kentzeko. «Jennik esaten zigun ez zutela bakean uzten. Hegazkinean oso larrituta zegoen, eta negar egin zuen», azaldu du Putellasek.

Hermosok berak kontatu zien zer gertatu zen: «Kopa jasotzeko zain geundela kontatu zidan. Baina ez nion ondo ulertu. Aldagelara joan ginenean konturatu nintzen zer gertatua zen. Hasieratik ez zitzaidan gustatu, eta oso larria iruditu zitzaidan. Taldekide batzuk txantxak egiten ibili ziren, ez ziren jabetu gertakaria zein larria zen. Berehala esan nien txantxak alde batera uzteko, kontua oso serioa baitzen», azaldu du Paredesek. Australiatik itzultzeko hegazkinean Rubialeskin izandako elkarrizketa bat ere ekarri du gogora. «Komunetik bueltan egin genuen topo, eta esan zidan: 'Bortxatzailea naizela esaten ari dira'. Nik erantzun nion egin zuen hori ez zitzaidala egokia iruditu».

Halaber, berretsi du Jorge Vilda hautatzaile ohia ikusi zuela Hermosoren anaiarekin hizketan: «Nire anaiak esan zidan behin baino gehiagotan gerturatu zela harengana, eta berehala joan nintzen Jenniri esatera. Ez zuen inolaz ere nahi inork bere familiakoekin hitz egitea». 

Putellasek esan du hasieran ez ziola garrantzirik eman gertatutakoari. «Pentsatu nuen ospakizuneko poz hartan nahi gabe emandako musu bat izan zela». Autobusean hasi zen ohartzen zer gertatua zen: «Burutik heldu ziola azaldu zidan Jennik, musu eman ziola, eta ez zekiela nolatan bururatu zitzaion hori egitea. Bideoa ere erakutsi zidan. Ordurako kezkatuta zegoen».

Kezka hori areagotu egin zen hegazkinean. «Eskatu zioten atzera joateko, Rubialesekin hitz egitera. Rubialesekin batera sei-zazpi lagun zeuden: Jorge Vilda, Rafael del Amo, Chema Timon... Denak presidentearen gertukoak». Itzultzean zera azaldu zien: «Kontatu zigun etengabe aritu zitzaiola gertatutakoaz hizketan, eta eskatu ziola bideo bat grabatzeko eta ukatzeko musua baimenik gabe emana izatea. Azaldu zigunez, esan zion ez zuela egingo, eta bakean uzteko. Oso larrituta, nekatuta eta haserre zegoen. Behin baino gehiagotan egin zuen negar; besteak beste, Madrilen egin genuen ospakizunean».

Ondoren Eivissara joan ziren, eta Codinak azaldu du han ere izan zela presiorik. «Han are okerrago zegoen, triste, eta, atseden hartzen geundela, federazioko kide bat etorri zen. Bost edo sei aldiz esan zion Albert Luquerengana joateko [Federazioko kirol zuzendariarengana], propio Eivissan zegoela harekin hitz egiteko. Hor berriz lehertu zen».

Jokalaria ez ezik, estu hartu zuten haren ingurua ere. Hala azaldu zuen atzo Hermosoren anaiak, eta gaur Ecubek. «Jenni oso nekatuta zegoen, bai fisikoki, bai mentalki. Behin baino gehiagotan esan zien ez zela Luquerekin bilduko». Azkenerako, Ecube bera joan zen harekin hitz egitera: «Besteak beste, esan zidan Jennik bideoa egitea lortzen banuen ez zitzaigula lanik faltako ez Jenniri ez niri». Bestalde, Luquek Ecuberi bidaliko mezu batzuk ere plazaratu dira saioan. Horietako batek zera zioen: «Badakizu Luisek oso ondo ordaintzen dituela mesedeak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.