Jennifer Hermoso ez dago ados Jose Manuel Fernandez-Prieto Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketan emandako epaiarekin. Hori dela eta, helegitea aurkeztuko du. Gaur jakinarazi du hori. Rubialesek, berriz, atzo adierazi zuen hark ere helegitea aurkeztuko duela.
Epaileak zigortu egin du Rubiales, Hermosori sexu erasoa egiteagatik. Rubialesek baimenik gabe eman zion musua Hermosori iazko abuztuan, Espainiako selekzioak Australian jokatutako Munduko Kopa irabazi berritan. Ekintza horregatik epaileak hemezortzi hilabeteko isuna ordaintzera zigortu du Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia. Eguneko hogei euro ordaindu beharko ditu; beraz, 10.800 euro inguru ordaindu beharko ditu, eta, beste 3.000 Hermosori, kalte ordain gisa. Horrez gain, ezingo da Hermosorengandik 200 metro baino gutxiagora egon, eta ezingo da harekin komunikatu urtebetez.
Epaileak «sinesgarritasun osoa» eman dio Hermosori, eta, haren arabera, Rubialesek «ezustean eta baimenik gabe» eman zion musua Hermosori, eta hori «sexu askatasunaren aurkakoa» da. Hermosori egindako sexu erasoa «gaitzesgarria» dela dio, baina «intentsitate txikienekoen artean» dagoela zehaztu du, «ez baitago ez indarkeriarik, ez intimidaziorik, eta biktimaren borondatea ez baita ezeztatua».
Epaileak absolbitu egin du Rubiales mehatxu delitutik. Beste horrenbeste egin du beste hiru akusatuekin: Jorge Vilda emakumezkoen Espainiako hautatzaile ohiarekin, Albert Luque gizonezkoen futbol zuzendari ohiarekin, eta Ruben Rivera Federazioaren Marketin arduradun ohiarekin. Epailearen arabera, ez akusazioetan, ez Hermosok epaiketan egindako deklarazioan ez da deskribatu indarkeria ekintzarik, ezta intimidaziorik ere, eta horiek egon behar dute mehatxu delitua egoteko.