Hermoso: «Babesgabe sentitu nintzen»

Gaur hasi da Rubialesen aurkako epaiketa. Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatua du. Hermosok testigantza eman du, eta berretsi ez ziola baimenik eman musu emateko.

Jennifer Hermoso, gaur, epaitegian. CHEMA MOYA / EFE
Jennifer Hermoso, gaur, epaitegian. CHEMA MOYA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 3a
16:45
Entzun

Hasi da Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketa. Espainiako futbol selekzioak Munduko Kopa irabazi eta gero Jennifer Hermoso jokalariari baimenik gabe musu emateagatik epaituko dute. Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du harentzat, sexu eraso bat egiteagatik; baita jokalariarengandik 200 metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko agindua eta 50.000 euroko kalte ordaina ere.

Halaber, auzi horretan inputatuta daude Jorge Vilda hautatzaile ohia, Albert Luque Espainiako Futbol Federazioko gizonezkoen kirol zuzendari ohia eta Ruben Rivera marketin zuzendari ohia ere. Urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute haietako bakoitzarentzat, jokalariari mehatxu eta presio egiteagatik. Fiskalak azpimarratu du jazarri egin zitzaizkiola, Hermosok esan zezan musua onetsia izan zela. Jokalariak behin eta berriz uko egin zion horri.

Gaur hasi, eta otsailaren 19ra arte iraungo du epaiketak, eta guztira 27 lekukok hartuko dute hitza. Hain zuzen, Hermosok gaur eman du testigantza. Zer jazo zen kontatu, eta azaldu du «ezustean» harrapatu zuela denak: «Begirunea galdu zidaten». Haren bizitzako egunik politenetako bat «zikindu» zutela azpimarratu du. «Sentitu nuen gertatutakoa testuingurutik kanpo zegoela. Nire nagusiak musu eman zidan, eta horrek ez du gertatu behar testuinguru horretan».

Azaldu du selekzioko prentsa sailekoek berarengana jo zutela: komunikatu bat erakutsi zioten, Hermosoren beraren izenean idatzitakoa. «Gainetik irakurri nuen. Ez nuen jakin nahi izan zer jartzen zuen ere. Nirea balitz bezala idatzita zegoen, nik idatzi izan banu bezala. Inoiz ez zidaten galdetu zer jarri nahi nuen, eta testua idatzita zegoen jada».

Hermosoren arabera, Australiatik bueltan abioiaren aurrealdean eserita zeuden entrenatzaile multzokoak, Vilda, Rubiales eta beste, borobilean. Gero, Dohan egindako eskalan, Rubialesek Hermosori proposatu zion elkarrekin bideo bat egitea, «bazterrak nahasten ari zirelako». Jokalariak ezezkoa eman zion. «Ez nuen bideorik egin, ez bainintzen errespetatua sentitu. Nire nagusiak eman zidan musu. Hori ez da normala». Rubialesek hau ere esan zion: «Gauza bera gustatzen zaigu zuri eta niri».

Argi esan du Hermosok: «Vildarekin eta Rubialesekin nuen harremana profesionala zen». Jokalariak gaineratu du federazioko inork ez ziola galdetu zer moduz zegoen: «Babesgabe sentitu nintzen». Federazioaren errepresalien beldur ere bazen: «Ezin konta ahala aldiz eskatu zidaten komunikatuak edo adierazpenak egiteko».

Hain zuzen, Rivera eta Luque behin eta berriro jarri ziren harremanetan Hermosorekin. Halako batean, Hermosoren lagun batekin hitz egin zuen Luquek, eta zera esan zion, Hermoso «maltzurra» zela presidenteari bere bizitzako «fardelik handiena» gainetik ez kentzeagatik.

Hermoso ez zuten sartu Espainiako selekzioaren hurrengo deialdian: «Hautatzailea Montse Torre zen ordurako, Vildaren bigarren entrenatzaile izandakoa eta haren eskuineko eskua. Haren lana kontinuista zen».

Hermosok kontatu du sentimendu kontrajarriak izan zituela: batetik, Munduko Kopa irabazi berri zuten, baina, bestalde, «ohartzen» zen zer gertatu zen.

Ez zen hor amaitu kontua: «Espainiara itzuli orduko, telebista kamerak nituen etxe azpian, eta niri jarraika zebiltzan. Madrildik alde egin behar izan nuen. Kalean ibiltzeko beldur nintzen. Heriotza mehatxuak ere jaso nituen. Egoera jasanezina zen».

«Segada»

Ana Alvarez federazioko emakumezkoen orduko kirol zuzendariak eta Patricia Perez prentsa arduradunak ere hitz egin dute gaur. Alvarezek esan du Hermoso kezkatuta zegoela Rubialesek bideo bat egiteko eskatu ziolako musuari garrantzia kentzeko asmotan. «Esan zidan ez zuela halakorik egin nahi. Lasai egoteko esan nion, eta ez egiteko nahi ez zuen ezer». Zera gehitu du: «Tentsioa sumatu nuen». Eta Hermosok esandakoa berretsi: «Bazegoen testu bat hitz batzuk Hermosoren ahotan jartzen zituena. Ez dakit nork idatzi zuen».

Bide beretik jo du Patricia Perez prentsa arduradunak ere: «Pablo Garcia Cuervok —federazioko komunikazio zuzendariak— pare bat paragrafo idatzi zituen Hermosok irakurri zitzan. Testua lehen pertsonan idatzita zegoen. Funtsean, musuari garrantzia kentzen zion». Adierazi du Hermoso nazkatuta zegoela egoerarekin, «gaindituta».

Estu hartu zuten Perez ere, eta salatu du federazioak «segada bat» egin ziola. Izan ere, orduan komunikazio zuzendariorde zen Enrique Yuntak Perezi esan zion integritate txostenean deklaratu behar zuela. Jakinarazi zion galderak eta erantzunak bidali egingo zizkiola, Perezek ez zezan izan sinatzea beste lanik, «denbora aurrezte aldea». «Ikusi ez nituen gauza batzuk zeuden tartean. Federaziora iritsi nintzenean, esan zidaten hirugarren solairura joan behar nuela, presidentearekin egotera. Gelara sartu, eta zortzi lagun zeuden han, baina integritate zuzendaria ez».

Hala esplikatu du: «Erantzunak jada idatzita bidali zizkidaten, eta sinatu besterik ez nuen egin behar. Testuan jartzen zuen, esaterako, banekiela Hermosok garrantzia kendu ziola musuari. Erantzunak moldatu nituen. Sartu orduko iruditu zitzaidan hura segada bat zela». Gehitu du aurrez sekula ez zuela halako egoerarik bizi izan.

Auzitegira bidean, Vildari galdetu diote ea Hermosori presio egin zioten. Hark esan du bere errugabetasuna babestuko duela, eta mehatxuena «epaileak erabakiko duela».

Asteazkenean Misa Rodriguezek hitz egingo du, eta ostegunean, berriz, Irene Paredesek, Alexia Putellasek eta Laia Codinak. Rubialesek datorren astean hartuko du hitza, asteazkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.