TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Hermansek irabazi du erorikoek baldintzaturiko etapa

Aranburu izan da esprinta abiatzen lehena, baina hirugarren izan da azkenean. Roglicek eroriko txarra izan du, eta bukaeran Ayuso ere lurrera joan da. Ez dute denborarik galdu, baina baliteke kolpeen ondorioak nabaritzea bihartik aurrera.

(ID_13755308) (aitor karasatorre/@FOKU) 2024-04-03, Altsasu. Euskal Herriko itzuliko hirugarren etapa Ezpeleta eta Altsasu artean.
Quinten Hermansek irabazi du etapa Altsasun. AITOR KARASATORRE / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 3a
17:10
Entzun

Garaipena hatz mamiez ukitu du Alex Aranburuk (Movistar) itzuliko hirugarren etapan. Indarrez abiatu du esprinta Altsasun (Nafarroa), beste inoren zain gelditu gabe. Tximista bezala irten da helmugatik 200 metrora. Gertu egon da, baina gurpila ondo hartu dio Quinten Hermansek (Alpecin), eta gainditu egin du aldapako azken ahaleginean. Edoardo Zambanini ere (Bahrain) aurretik izan du. Gipuzkoarra ez da gai izan lana biribiltzeko. Zutik zihoan, bizikleta astinduz, baina eseri egin da amaieran, amore emanda.

Biribiletik gutxi izan du etapak Primoz Roglicentzat (Bora). Esloveniarrak ere ezin izan du zutik iraun: bizikletatik erori da. 40 kilometroren faltan izan du ezbeharra, eta lanak izan ditu multzoarekin bat egiteko. Eutsi egin dio lidergoari, baina ikusteko dago nola erantzuten duen biharko malda bortitzetan. Juan Ayusok ere (UAE) arazoak izan ditzake, hark ere kolpea hartu baitu, tropela azken kilometroan sartzear zela. Ion Izagirre (Cofidis), Mattias Skjelmose (Lidl) eta Brandon McNulty ere moztuta gelditu dira. Arriskutsu hasi da Itzulia. Bere txarrean, gaurko erorikoek ez dute denbora galerarik ekarri. Remco Evenepoelek (Soudal), berriz, hiru segundo irabazi ditu gainsariei esker, eta bigarren jarri da sailkapenean. Zazpi segundora hurbildu zaio Roglici.  

Ezpeletatik (Lapurdi) atera da tropela, David Gaudu gabe (Groupama). Otsondoko mendatea igo dute hasi orduko. Ihesaldia sortzeko saiakerak egon dira maldan gora, baita tontorretik igaro ostean ere. Haatik, ahalegin oro bertan behera utzi du tropelak. Besteak beste, Ineos eta Euskaltel aritu dira tarteak ixten. Hasierako eraso festaren ondoren, Alan Jousseaumek (TotalEnergies) aurrea hartu du Usategietako aldapetan. Tom Paquot (Intermarche) eta Eric Fagundez (Burgos) batu zaizkio hortik gutxira.

James Fouchek (Euskaltel), berriz, kilometro askoren ondoren egin du bat lasterketa buruarekin. Berandu atera da tropeletik, eta hurrengo bi mendateak, Uitzi eta Zuarrarrate igaro ondoren burutu du jazarpena. Berotu handia hartu behar izan du Zeelanda Berrikoak aurrean sartu eta hartara Euskaltelek gaurko etapan zuen helburua betetzeko.

Laukotea lau minutu ingururen aldearekin iritsi da Sakanara. Bezperan bezala, Bora taldeak izan du multzo nagusian tira egiteko ardura. Movistarrek hartu dio lekukoa Altsasura hurbiltzean, eta tarteko helmugara alde murritzagoarekin iritsi dira iheslariak: 2.30 ingurura hurbildu zaizkie 68 kilometroren faltan.

Tropela, Roglicen zain

Errentak behera egiten jarraitu du Goierrira bidean. Otzaurte gainean, minutu bakarra ere ez zitzaien gelditzen. Paquotek iraun du gehien, Zegamatik (Gipuzkoa) igaro berritan bakarrik abiatuta. Berandu gabe bildu du onenen multzoak. Denak elkarrekin zihoazen Olaberriko igoera tentearen bila. Eta, halako batean, erori egin da Roglic. Kolpeak durduzatuta utzi du, eta ez da segituan itzuli bizikleta gainera. Jantziak urraturik eta odoldurik ekin dio jazarpenari.  

Artean asko gelditzen zen helmugarako, eta tropelak itxaron egin dio. Trostan igo dute Olaberria. Bi minutu atzerago zegoen liderra. Kosta egin zaio tartea ixtea; Lizarrustiko igoera hasi baino apur bat lehenago itzuli da saldora. Maldan gora ez da surik piztu: Louis Meintjes (Intermarche) mugitu da bakarrik, puntuak biltzeko. Lider jarri da mendiko sailkapenean.

Gero, ziztuan joan dira Etxarri-Aranatzera. Han gainsariak zituzten zain, Altsasuko helmugatik zortzi kilometrora. Esprinta nagusitasunez irabazi du Evenepoelek. Gero, eraso egin du Gorka Izagirrek (Cofidis), Marc Soler (UAE) eta Nelson Oliveirarekin (Movistar) batera. Urdiain (Nafarroa) parean harrapatu dituzte. Eta Altsasura iristear zirela, eroriko handia izan da. Minduta gelditu da Ayuso. Beste zenbait faboritok ere ezin izan dute etapa aurrean bukatu. Bai, ordea, Hermansek. Bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du Altsasun. Aranbururi, berriz, ihes egin dio Itzulian bigarrenez gailentzeko aukerak.  

Bihar onenen txanda iritsiko da, Etxarri-Aranatz (Nafarroa) eta Legutio (Araba) lotuko dituen etapan. Nahiko laua izango da 114. kilometrora iritsi arte: Opakua igoko dute soilik. Azken 44 kilometroetan, berriz, Olaeta, Untzilla eta Leintz Gatzaga kateatuko dituzte. Igoera labur eta bortitzak dira; ausart eta indartsuenak xaxatzeko nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.