Anna van der Breggen eta Annemiek van Vleuten erretiratuta, elastiko arrosa eskuratzeko lehia azken urteetako irekiena egongo da. Bihar hasiko da Italiako Giroa, Brescian; eta hurrengo igandean amaituko da, L'Aquilan. Azken zazpi aldietan, bi horien artean txandakatu dute Giroko tronua. Herbeheretarren nagusitasuna, baina, lehenagotik dator. 2011n lortu zuen herrialde horretako ziklista batek lehen aldiz maglia arrosa bereganatzea —egun oraindik ere lehian aritzen den Marianne Vosek (Visma)—. Bada, ordutik, bi alditan baino ez dute huts egin: Vosek hirutan irabazi du, eta Van der Bregenek eta Van Vleutenek, lautan. Aurten, ordea, nagusitasunak amaiera izan dezake. Herbeheretarren aukera nagusia, Demi Vollering (SD Worx), ez da Giroan arituko; ezta Vos ere.
Erlojuaren aurka hasiko dute Giroa bihar. Etzi, etapa laua izango dute, tropeleko azkarrenentzat aproposa; eta, etzidamu, hirugarren etapa 12,5 kilometroko Toano mendatean amaituko da. Laugarren, bosgarren eta seigarren etapak ez dira goi mendikoak, baina, horietan ere, ziklistek ez dute atseden une askorik izango. Eta hanketako minari errematea emateko, hurrengo asteburuan, Abruzzoetan, goi mendiko bi etapa gainditu beharko dituzte.
Larunbatean, 3.600 metroko desnibela gainditu ostean, Blockhaus mendatean —16,5kilometro eta %8ko pendiza— izango dute helmuga. Eta itzuliari amaiera emateko, talde estrategietarako egokia den etapa diseinatu dute zortzigarren egunerako. Pescara eta L'Aquila artean, gora eta behera ibiliko dira txirrindulariak; ibilbide horretan, sailkapen nagusia irauli dezake mendateetan denbora galdu duen talderen batek.
BI IZEN HANDI
Pendiz handiak dituzte aurkari
Besteen gainetik egon daitezken izen bi ageri dira kiniela gehienetan: Lotte Kopecky (SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Lidl). SD Worxeko flandriarra egungo munduko txapelduna da. Batez ere egun bateko lasterketetan nabarmentzen da; besteak beste, aurten, Strade Bianche eta Paris-Roubaix probak irabazi ditu, eta, berriki, bere herrialdeko txapelketan gailendu da, errepidean zein erlojupekoan. Bi itzuli ere irabazi ditu 2024an: Arabiar Emirerri Batuetakoa eta Britainia Handikoa. Iazko Tourrean bigarren izan zen, baina Giroan ez da inoiz podiumera igo.
Maglia arrosa irabaziz gero, lehen flandriarra izango da hori erdiesten. Horretarako, gainera, talde indartsua du alboan. Giroan arituko dira Niam Fisher-Black igotzailea eta lauan zein aldapan ondo moldatzen diren Marlen Reusser eta Blanca Vas.
Longo Borghini da, itxuraz, Kopeckyk parean izango duen aurkaririk gogorrena. Antzeko txirrindulariak dira: igotzaile petoak ez, baina eremu guztietan ongi moldatzen direnak. Lidl taldekoak bitan zapaldu du Giroko podiuma: bigarren izan zen, 2017an; eta hirugarren, 2020an. Aurten hirugarren postuan amaitu ditu Espainiako Vuelta eta, berriki, Suitzako Itzulia. Bere taldean izango du, gainera, egungo igotzaile onenetako bat: Gaia Realini. 23 urteko gazteak hirugarren amaitu zuen iazko Giroan, eta ikusteko dago aurten Longo Borginhiri laguntzeko ardura izango duen edo sailkapenagatik lehiatzeko asmoz arituko den. Italiarrek 2008an irabazi zuten azkenengoz emakumezkoen Giroa.
AZKENALDIKO IREKIENA
Igotzaile indartsu ugari
Badaude, ordea, SD Worx zein Lidl taldeei aurre egingo dieten zenbait ziklista. Juliette Labous frantziarra (DSM) izan daiteke mehatxu nagusia. Bigarren egin zuen iazko Giroan, eta sasoiko dagoela erakutsi du aurten. Lehen bostetan amaitu ditu lehiatutako itzuli guztiak, eta, berriki, Frantziako Txapelketan gailendu da. Frantziarra bezalaxe, pendiza gogorrenetan ondo moldatzen da Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ). Aurten, ordea, lesio bat medio, ez da bere mailan ibili. Mavi Garcia balearra (Liv) da lehian ibiliko den beste bat; badaki, gainera, zer den Giroko podiuma zapaltzea —hirugarren izan zen 2022an—.
Canyon-SRAM taldea denboraldi bikaina ari da osatzen, baina irabaztea kostatzen ari zaio. Suitzako Itzulian erakutsi dute sasoi betean daudela, eta Giroan ere aurrean ibiliko dira Neve Bradbury, Elisse Chabey eta Antonia Niedermaier. UAEko Silvia Persico eta Erica Magaldik iaz lehen hamarren artean amaitu zuten. Eta, debuta egingo duen arren, zeresana eman dezake Kim Cadzow gazteak (Education First).
Bestetik, herbeheretarren esperantza nagusiak Fem van Empel (Visma) eta Pauliena Rooijakkers (Fenix) izango dira. Eta Movistarrek, iaz Van Vleutenekin lortutako errepikatzeko asmoz, Lianne Lippert alemaniarra eramango du. Bestetik, Arlenis Sierra azkarrak etaparen bat eskuratu dezake Nafarroako taldearentzat. Chiara Conssonni (UAE) eta Elisa Balsamo (Lidl) italiarrak izango dira Sierra eta Kopeckyrekin batera aurtengo Giroko esprinter azkarrenak.
GALTZEKORIK EZ
Laboral Kutxa, estreinakoz
Laboral Kutxa taldeak urratsak egiten jarraitzen du World Tour mailara igotzeko bidean. Aurten, lehen aldiz, Italiako Giroan parte hartzeko gonbita jaso du. Azkenaldiko emaitzek islatzen duten moduan, sasoi onean iritsiko dira txirrindulariak. Usoa Ostolaza izan da azken probetan distira gehien egin duen taldekidea, eta bihar Bresciako irteera lerroan izango da zarauztarra. Iragan hilabetean, Pirinioetako Itzulian (Frantzia) eta Espainiako Txapelketan gailendu zen, eta lehen aldiz arituko da Giroan.
Laboral Kutxako taldeburua, ordea, beste euskal ziklista bat izango da. 11. aldiz hartuko du parte Giroan Ane Santesteban errenteriarrak. Horietatik, hirutan amaitu du sailkapen nagusiko lehen hamarren artean; iaz bertan, hamargarren izan zen. Lasterketa irabazteko hautagai sendoenen artean ez badaude ere, asko dute esateko eta oso gutxi galtzeko Santestebanek zein Ostolazak. Laboral Kutxako elastikoarekin arituko diren beste txirrindulariak hauek izango dira: Aileen Schweikart alemaniarra, eta Nadia Quagliotto, Debora Silvestri, Laura Tomasi zein Cristina Toneatti italiarrak.
💜 #LaboralKutxaTeam#GiroItaliaWomen
🥰 Gure debuta izango da @girowomen lasterketan!
🗣️ Ion Lazkano: “Ilusioz eta motibazioz gainezka goaz, azken bolada hau oso positiboa izaten ari da taldearenzteat, eta gogo handizen dugu esperientzia hau”.
— LABORALKutxaTeam (@LABORALkTeam) July 3, 2024
📰 Info guztia eta… pic.twitter.com/i5Jsn9j2cW