Udan geldialdi txiki bat egin behar izan zuen Clara Azurmendik (Donostia, 1998) sorbaldako lesio batengatik. Pistara itzultzeko gogoz zegoen, lehiak ematen duen «txinpartaren beharra» sentitzen baitzuen. Emaitza onak bildu ditu lehen txapelketetan. Herbehereetako irekian, adibidez, ez zuen finalerako sailkatzerik izan, baina brontzezko domina irabazi zuen. Alemaniatik erantzun du kazetariaren deia, han ari baita lehiatzen orain. Helburuez, badmintonaren sekretuez eta goi mailan aritzeko egin beharreko sakrifizioez mintzatu da, besteak beste.
Amaitu da udako geldialdia. Zer moduz itzuli zara pistara?
Oraintxe denboraldi betean nago. Udan gelditu egin behar izan nuen sorbaldako lesio batengatik, eta ordutik jokatzen ari naizen hirugarren txapelketa da oraingoa. Orain ondo sentitzen naiz, eta Turkian, Herbehereetan eta Alemanian lehiatzen aritu naiz. Beste hainbat txapelketa ditugu orain; errutina betean sartuta gaude jada. Ondo ari naiz, eta oso pozik nago. Ondo sentitzen naiz, baina, horretaz gain, emaitzak ere iristen ari zaizkit.
Herbehereetako irekian brontzea lortu zenuen. Nola sentitu zara han?
Oso ondo. Arantza bat ere badut, finalerdia irabazteko aukerak izan nituelako. Finala jokatzeko gogoz nengoen, baina hotzean pentsatuta, geldialdiaren ostean inolako minik gabe lehiatzea zen helburu nagusia, eta nik eman dezakedan mailatik gertu aritzea. Behetik gora egin nuen, eta oso ondo sentitu naiz azkenean. Denboraldiko erronkei begira, abiapuntu oso ona da.
Zer helburu dituzu orain epe motzera eta luzeagora?
Abenduan taldekako Europako Txapelketa mistoetan egoteko sailkatze fasea jokatuko dut. Sailkatuz gero, otsailean jokatuko dugu txapelketa. Banaka, apirilean Europako txapelketa izango dut, eta abuztuan, Munduko Txapelketa. Eta, noski, tartean hainbat txapelketa ere izango ditugu. Luzera begira, Olinpiar ziklo honetan jarri dugu arreta [2028an jokatuko dira, Los Angelesen].
«Min hartuta egon naizen denboran, asko sumatu dut lehiaren falta. Txinparta horren beharra neukan».
Lehiaketa karga handia daukazue?
Egia esan, min hartuta egon naizen denboran, asko sumatu dut lehiaren falta. Txinparta horren beharra neukan. Behin errutinan sartuta, normala denez, badaude lehiaketa batzuk inolako gogorik gabe egingo dituzunak. Izan ere, lehiaketa karga handia da; baina joan beharra dago. Alde horretatik, ondo antolatzea garrantzitsua da.
Zuen kiroleko goi mailako prestaketan, zein dira gakoak?
Oso kirol azkarra da. Dinamikoa da, eta puntuen artean oso denbora gutxi dago. Oso kontzentratuta egon beharra dago; bestela, bizpahiru minutuan dena galdu dezakezu. Kontrara, une on bat izugarri ona bilakatu daiteke. Prestaketari dagokionez, ezinbestekoa da hankak eta erreflexuak lantzea.
Txapelketa gehienak etxetik oso urruti jokatzen dituzue, eta, partiden kargaz gain, asko bidaiatu behar duzue. Denborarekin, ohitzea lortzen duzue?
Sakrifizio asko egin behar dira. Amestutako bizitza bizitzen ari gara, eta hori ezin dugu ahaztu; guk erabaki dugun bizitza da. Jende askok egin nahiko luke guk egiten duguna, baina ez dute guk izandako aukera izan. Baina bai. Familia, bizitza soziala eta aisia sakrifikatzen dituzu.
«Jende askok egin nahiko luke guk egiten duguna, baina familia, bizitza soziala eta aisia sakrifikatzen ditugu».
Hainbeste bidaia eta txapelketarekin, zaila izango da entrenatzeko denbora ateratzea, ezta?
Txapelketa batean egonda, beti da zaila entrenatzea, baina ateratzen dugu denbora horretarako ere. Ez dira oso entrenamendu gogorrak izaten. Madrilen bost ordu entrenatzen gara egunean, eta kanpoan lehiatzen garenean, gehienez bi orduko entrenamenduak egiten ditugu. Desberdinak izaten dira, gainera. Partida moduko zerbait egiten saiatzen gara, eta beste herrialdeetako lehiakideekin batera entrenatzen gara, gauza berriak ikasteko.
Goi mailako errendimenduko zentro batean bizi zara, Madrilen. Oso gaztea zinenetik, gainera. Nolakoa da zuen egunerokoa?
Bakoitzak berean jartzen du arreta. Denek dakigu kirola dela gure bizitzaren erdigunea, gure kasuan badmintona, eta gure ordutegiak ditugu. Denbora librean sartzen ditugu unibertsitatea, ikasketak, familiak eta lagunak. Jendeak ikasketak eta familia erdigunean jartzen ditu, baina guk alderantziz egin behar dugu. Gure bizitza horrelakoa dela onartu behar dugu, eta ulertu atsedena ezinbestekoa dela gurean.