Hemisferio batean zein bestean

Lurence O'Toole australiarrak osagai exotikoa gehituko dio gaur Urrezko Aizkolarien finalari. Munduko txapeldun izandakoa da lan motzetan, eta txapelen bila itzuli da Euskal Herrira.

Laurence O'Toole aizkolari australiarra, Azpeitiko plazako kioskoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Jack aitonak (1917-1983) erein zuen aizkorarako grina o'tooletarren etxean. Melbournen (Australia) ditu sustraiak, eta aitona zena aski ezaguna zen. Polizia zen ogibidez, boxeoan ere aritutakoa, baina, batez ere, aizkolari aparta zen. Hogeita sei aldiz —hamabi zutik eta hamalau enbor gainean— izan zen munduko txapeldun, eta ia mitotzat hartua da hego hemisferioko aizkora jardunean. Jackek bere pasioa txertatu zien Laurence eta Martin semeei. Haiek ere munduko txapeldun izan ziren, eta 1970 eta 1980ko hamarkadetan erakustaldi bikainak eman zituzten Euskal Herrian. 1976an 16.000 ikusle bildu ziren Atotxan, besteak beste, haiek lanean ikusteko. Hogei urte geroago, Laurence bilobak (Melbourne, 35 urte) ere aizkorari heldu zion 1992an, DNAn zeraman, eta hark ere munduko titulua eraman zuen etxera.

Aitak eta osabak aurretik egin bezala, Laurence ere hegazkin batera igo zen mundu erdiari bira eman eta Euskal Herria delako toki umel hartara joateko. Etxean entzundako istorioak egia ziren ikusi nahi zuen, eta aizkolari haiek ezagutu. 2004an etorri zen aurrenekoz, eta aurtengoa bosgarren bisita izan du. «Oso gustura nator Euskal Herrira. Leku aparta da, eta jana bikaina. Lagun handiak ditut hemen; iaz, esaterako, Iker Vicente hilabete egon zen nirekin Australian, eta duela urte batzuk Aitzol Atutxa bi hilabetez egon zen. Harreman estua dut euskal aizkolariekin».

O'Toole Euskal Herrian aritutakoa da, baina mundu osoan zehar lehiatu ohi da: AEBetan, Zeelanda Berrian, Austrian... Euskal Herrian, baina, lana ezberdina da. Australian enbor bakarreko lanak dira; Euskal Herrian, aldiz, lan luzeak. «Oso gogorra da hemengo aizkora. Aurrenekoz ikusi nuenean harrituta gelditu nintzen. Ez dakit egokituko ahal izango nintzatekeen. Sei hilabeteko prestaketa bat eginez gero... agian». Beraz, posible ikusten du? «Agian, esan dut», errepikatu du zuhur. Giharreria oso sendokoa da, 1,96 metro luze eta 98 kilo, eta ia garaiezina da lan motzetan. Luzeetan, baina, kosta egiten zaio erritmoari eustea.

Iragan astean munduko aizkolari bizkorrenaren txapela jantzi zuen, eta gaur binakakoa janzteko faboritoa da Iker Vicenterekin batera. O'Toolek azaleko lanak oso ondo egiten ditu, eta barrukoak Vicenteri uzten dizkio. «Tira, ez da erraza izango, baina uste dut txapela lor dezakegula. Gogor egin dut lan prestatzeko. Urtarrilean etorri nintzen, baina aurretik ere prestatzen aritu nintzen». Egokitze prozesua, dioenez, hauspoa lantzea baino gehiago baita: «Nire aizkora astunagoa da; kolpe angeluak ez dira berdinak...».

Australian aizkolari jardunetik bizi daitekeela dio O'Toolek: «Txapelketa asko irabazten badituzu, sari onak daude, eta babesleren bat lor dezakezu». Hark, baina, nahiago du lanarekin uztartu. «Astean bizpahiru egunez lan eginda bizitza ederra izan dezakezu», dio harro. O'Toole basomutil aritzen da hiriko parkeak txukuntzen. Ezin aste osoan lan egin, torneo askotan parte hartzen baitu. Urtean 65 bat egunez lehiatzen da, eta Australiako txapelketak zortzi egun irauten dute.

Txapelketa garrantzitsuenak buruz izendatu ditu: Melbourne, Perth, Adelaida, Perth eta Sidney. Nekazari giroko festekin bat egiten dute. «Sidney Showa munduko txapelketa bezalakoa da», azaldu du. Hiru aste barru jokatuko da, eta, horregatik, bihar itzuliko da etxera. Eta apustuak? Ba al da apusturik Australian? «Ez, han txapelketak bakarrik». Bada, harra izatekotan, Euskal Herrian izan beharko. «Inoiz ezin da inoiz esan». Hor utzi du airean. Hori bai, oraindik ez daki noiz itzuliko den Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.