Indarkeria Matxista

Hemezortzi hilabeteko isuna jarri diote Rubialesi sexu erasoagatik

Auzitegi Nazionalak Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia kondenatu du Jennifer Hermoso futbolariari baimenik gabe musu emateagatik. Rubialesek 10.800 euro ordaindu beharko ditu, eta ezingo da jokalariarengandik 200 metro baino gutxiagora egon.

Luis Rubiales. SERGIO PEREZ / EFE
Luis Rubiales, epaiketara sartzen, joan den astean. SERGIO PEREZ / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 20a
13:54
Entzun

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketak badu epaia. Gaur eman du haren berri Jose Manuel Fernandez-Prieto Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta, horretan, zigortu egin du Rubiales Jennifer Hermoso futbolariari sexu erasoa egiteagatik. Rubialesek baimenik gabe eman zion musua Hermosori iazko abuztuan, Espainiako selekzioak Australian jokatutako Munduko Kopa irabazi berritan.

Luis Rubialesen kondena

Fernandez-Prieto epaileak hemezortzi hilabeteko isuna ordaintzera zigortu du Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia. Eguneko hogei euro ordaindu beharko ditu; beraz, 10.800 euro inguru ordaindu beharko ditu guztira. Horrez gain, ezingo da Hermosorengandik 200 metro baino gutxiagora egon, eta ezingo da harekin komunikatu urtebetez.

Epaileak «sinesgarritasun osoa» eman dio Hermosori, eta, haren arabera, Rubialesek «ezustean eta baimenik gabe» eman zion musua Hermosori, eta horrek «sexu askatasunaren aurka» egiten du. «Emakume bati ezpainetan musu emateak sexu konnotazio argia du, eta ez da ohikoa jendea horrela agurtzea laguntasun harremanik ez badago».

Ikusi gehiago

Azaldu duenez, Rubialesen ekintzek argi erakusten dute normalean ez diola jendeari ezpainetan musu ematen agurtzeko. Dominak banatzerakoan egindakoa jarri du epaileak horren adibide gisa: Rubialesek masailean eman zien musu jokalariei, bakar bati ere ez ezpainetan, baina, Hermoso iritsi zenean, nahita eman zion musu ezpainetan. Dioenez, Rubiales ez da gai izan azaltzeko zergatik aldatu zuen bere jokaera.

Epaileak azpimarratu du ez zela onespenik izan, eta hori bateragarria dela Hermoso ospakizunetan pozik egotearekin. «Egin dioten sexu erasoak daukan intentsitatea dauka, baina ez da aski lortu berri duen arrakastak eragindako poza zapuzteko».

Hermosori egindako sexu erasoa «gaitzesgarria» dela dio, baina «intentsitate txikienekoen artean» dagoela zehaztu du, «ez baitago ez indarkeriarik, ez intimidaziorik, eta biktimaren borondatea ez baita ezeztatua». Rubiales Espainiako Federazioko presidente izan arren, epaileak dio Rubialesek ez zuela baliatu haren kargua eta biktimarekiko nagusitasun harremana. «Ekintza gaitzesgarria da, Munduko Kopa irabazi eta Espainiako emakumezkoen futbolaren historian inoiz lortu gabeko arrakasta lortu izanak eragindako euforiaren barruan egindakoa».

Mehatxu delitutik absolbitua

Epaileak absolbitu egin du Rubiales mehatxu delitutik. Beste horrenbeste egin du beste hiru akusatuekin: Jorge Vilda emakumezkoen Espainiako hautatzaile ohiarekin, Albert Luque gizonezkoen futbol zuzendari ohiarekin, eta Ruben Rivera Federazioaren Marketin arduradun ohiarekin. Epailearen arabera, ez akusazioetan, ez Hermosok epaiketan egindako deklarazioan ez da deskribatu indarkeria ekintzarik, ezta intimidaziorik ere, eta horiek egon behar dute mehatxu delitua egoteko.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bi urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu zuen Rubialesentzat: urtebete sexu erasoa egiteagatik, eta urtebete eta sei hilabete mehatxuengatik. Fiskaltzak azken zigor hori eskatu zuen Vildarentzat, Luquerentzat eta Riverarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.