Leire Alcala. Hibaikako arraunlaria

«Hemendik aurrera Kontxa prestatzen hasiko gara»

Iaz bezain ondo aritzea kostatzen ari zaie aurten Hibaikakoei. Neguan lanak izan dituzte trainerua osatzeko, eta 'Madalen' ontziko kideak uste du horrek eragina izan duela emaitzetan.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Arraunaren loria askotan dastatu duten herrietatik gertu dago Errenteria; Donostia, Hondarribia eta Pasaia kilometro gutxira ditu. Horrek, baina, ez dio bere bidea egitea saihestu Hibaika arraun elkarteari. Bide horretan laguntzen ari da Leire Alcala (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) duela zenbait urtetatik. Orain, Kontxara begira jarri nahi du.

Orain arte, iaz baino apalago zabiltzate. Zein balorazio egiten duzue?

Ekainean hasi ginen behar bezala entrenatzen. Aurrez, trainerua osatu ezinik ibili gara, eta gutxitan uretaratu gara, ondorioz. Gurekin dabiltzan bizkaitarrek ere beste denboraldietan baino arazo gehiago izan dituzte etortzeko. Hori horrela, neguan zortzi arraunlari bakarrik geunden, eta kadeteekin osatu genuen ontzia. Nahi ala ez, emaitzetan islatzen da hori.

Askok utzi dute taldea?

Nahi baino gehiagok. Pentsa, arraunean egiteko asmorik ez zuten hiruk itzuli behar izan dute ekainean, urtea kanpoan ikasten eman eta gero.

Zenbat kide berri dituzue?

Bizpahiru. Andrea Marin etorri zaigu Oriotik, urtea han hasi ostean. Ez zuen lekurik egin haien ontzian eta guregana etorri zen. Nerea Seijo hondarribiarra ere etorri zaigu, eta gainontzekoak beste urteetan gurekin aritutako bizkaitarrak eta lehendik gure taldekide zirenak gara: Amaia eta Estibaliz Gezala, Jone Oliban, Olatz Ortega eta beste asko.

Zailtasunak zailtasun, Euskotren ligarako sailkatu zarete. Gustura?

Oso. Urteko helburu nagusia genuen, eta lortu dugu. Gainera, nahiz jakin itsasoa inoiz ez dela berdin egoten, iazko denboretara gerturatzen ari gara pixkanaka.

Oriorekin duzue hirugarren posturako lehia.

Hala da. Ondo dabiltza, zenbait estropadatan erakutsi duten moduan. Itsasoan fin dabiltza, eta Zarautzen dira azken estropadak. Euskadiko Txapelketan erakutsi dute zertarako gai diren itsasoan. Ez da erraza izango.

Hori duzue hurrengo helburua?

Postuari eutsi nahi diogu, baina burua galdu gabe. Saiatuko gara ahalik eta lanik txukunena egiten, baina hemendik aurrera Kontxa prestatzen hasiko gara.

Horretara bideratuko duzue prestakuntza, beraz?

Bai. Ligan ez daukagu zeregin handirik, eta sailkapen estropada prestatu nahi dugu. Orain ari gara neguko entrenamendu luzeak egiten; badakigu ez dela egoerarik aproposena, baina hala egokitu da.

Sailkatzeko esperantzarik baduzu?

Baikorra naiz. Euskotren ligarako beldurra nuen sailkatuko ote ginen, eta lortu genuen. Orain, ondo prestatzen badugu, iruditzen zait sailkatzeko benetako aukerak ditugula. Hala ere, tentuz ibili beharko dugu; azken asteburuan Zarautz-Getaria nahiko gertu izan dugu.

Nola ikusten dituzu aurkariak?

San Juan oso indartsu dago; iruditzen zait Euskotren ligarako aurrez sailkatuta egoteak beste patxada bat eman diela, eta fresko helduko dira estropadarik garrantzitsuenetara. Zumaia ere, beste hainbeste; iaz arazoak izan zituzten trainerua osatzeko, baina aurten oso sendo ibili dira hasieratik: ikusi besterik ez dago denboraldi-aurretik orain arte zenbat garaipen lortu dituzten. Oriotarrek ere urteetako taldea mantentzea lortu dute, eta denboraldiro koska bat igotzen dute. Guk ere hala egitea espero dut.

Gipuzkoako Ligan ere jarduten zarete. Nola ikusten duzu bi ligak uztartzearena?

Ondo dago. Euskotren ligarako sailkatzen ez diren ontzientzat lehiatzeko aukera bat da. Iaz, uztailean Euskotren ligako estropada dezente jokatu genituen, eta Gipuzkoakoa hankamotz geratu zen; txapelketak bakarrik jokatu zituzten zenbait taldek. Egoera horretan zeuden taldeak kaltetuak izan ziren, estropadek ematen duten lehiakortasuna galdu zutelako. Gainera, tristea da azarotik entrenatzen aritzea gero hilabete batez soilik lehiatzeko.

Zenbait elkarte ez daude ados puntuazio sistemarekin.

Ulertzekoa da. Guk Euskotren ligan jokatzen dugunez, batzuetan bi estropadak egun eta ordu berean izaten dira. Estropada horiek bost taldek bakarrik jokatzen dituzte, eta ez gauden traineruok sei puntu jasotzen ditugu, nahiz eta estropada baldintza oso ezberdinetan jokatu. Ez da oso garbia, eta ikaragarrizko nahasmena sortzen du.

Nola daramazue liga hori?

Bestea bezala, Oriorekin borrokan. Hemen ere hirugarren amaitzen saiatuko gara; bi estropada geratzen zaizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.