Alba Fehervar taldeko jokalaria

Maddi Aalla: «Hemen edozein lekutatik eta edonoiz jaurti diezazukete baloia»

Aallak azaldu du kostatzen ari zaiola Hungariako ligara ohitzea, jaurtitzaileen mailagatik bereziki. Datorren sasoian ere han aritzea gustatuko litzaioke.

Maddi Aalla, Hungariako ligako partida batean, atea defendatzen. BERRIA
Maddi Aalla, Hungariako ligako partida batean, atea defendatzen. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 4a
05:05
Entzun

Maddi Aalla (Plentzia, Bizkaia, 1997) Hungarian betetzen ari da bere betiko nahia: kanpoan jokatzea. Alba Fehervar taldean hasi du  ibilbidea Europako liga onenetako batean, eta denboraldiari gaizki ekin badiote ere, gustura dago taldean.

Orain Hungarian zaude. Zer moduz lehen hilabete hauetan?

Eskubaloian ondo nabil, baina oso desberdina da dena. Ez da bakarrik liga oso indartsua izatea: eskubaloia bizitzeko era, gauzak eramateko eta kudeatzeko modua... asko aldatzen da dena, eta oraindik moldatze prozesu horretan nago. Taldea, berriz, ez doa guztiz ondo, nahiko txarto baizik, egia esanda. Azken-aurrenak gara ligan, baina egia da hemen dena oso berdinduta dagoela; bi partida irabaziz gero, 13. postutik 9.era pasatu zaitezke. Goiko hiruzpalau taldeak kenduta, denen aurka galdu edo irabazi dezakezu.

Irabaztera ohituta dagoen talde batean ibili ondoren, arraroa da zuretzat egoera hori?

Bera Beran presioa geneukan, ia dena irabazteko edo gutxienez irabazteko borrokan egoteko beharra geneukan eta, baina hemengo presioa ezberdina da: guk ez dugu zerbait irabazteko jokatzen, ez jaisteko baizik. Gainera, Bera Beran bagenekien partida batzuk irabazi egingo genituela gaizki jokatuta ere, baina hemen ez. 60 minutuz barruan duzu dena eman behar duzu; edozein despiste txiki izan, eta partida gal dezakezu.

Zer dela eta erabaki zenuen hara joatea?

Beti esan izan dut kanpoan jokatu nahi nuela noizbait, eta iaz Hungariako eskaintza hau iritsi zitzaidan. Hungariako liga oso indartsua da, eta nahiz eta kanpoko jokalariak badauden, ez dira asko, bertako jokalariek maila oso handia dute eta. Eskaintza heldu zitzaidanean, pentsatu nuen agian ez nuela beste inoiz izango halako aukerarik. Kirol arloko kontuez gain, banekien neska portugaldar bat ere etortzekoa zela, eta hizkuntzarekin lagunduko zidala, hungariera oso ezberdina eta zaila baita. Gainera, Budapestetik gertu nago, eta bi gauza horiek ere animatu ninduten hona etortzeko.

«60 minutuz barruan duzun guztia eman behar duzu: edozein despiste txiki izan, eta partida gal dezakezu»

Nola zabiltzate ligaz bestelako txapelketetan?

Kopan, irabazi egin genuen aurreko partida, eta lauko finalaren aurreko faserako sailkatu gara; beraz, Kopan ondo ari gara. Baina orain arazoa liga da.

Liga zaila da, beraz?

Bai, oso gogorra da. Dena oso parekatuta dago, eta edozeinen aurka irabazi edo galdu dezakezu. Ez gaude bolada onean, baina bigarren fase guztia geratzen da oraindik.

Atezaina izanda, nabari da alderik jaurtitzaileen mailan?

Orokorrean, Europako liga ia gehienetan jokalariak handiagoak dira Espainiakoan baino, eta asko jaurtitzen dute kanpotik, bederatzi metrotik edo atzeragotik. Espainiako liga osoan, gehienez bost jokalari-edo egongo dira halako jaurtiketak egin ditzaketenak, baina hemen talde guztiek edozein lekutatik eta edonoiz jaurti diezazukete baloia. Beraz, alde horretatik zaila da, ez bainago ohituta halako jaurtiketak jasotzera, eta pixka bat kostatzen ari zait erritmoa hartzea.

image1
Maddi Aalla, Hungariako ligako partida batean. BERRIA
Titularra zara? Edo postua partekatua duzu?

Hiru atezain gara, baina bat oso gaztea da, eta ez du jokatzen. Beste neskak eta nik, orokorrean biok jokatzen dugu asko. Espainiako ligarekin alderatuz gero, bada beste ezberdintasun bat da: markagailuarena. Oso arraroa da partida baten emaitza 20 edo 22tik beherakoa izatea. Orduan, horrek eragina du atezainengan, eta orokorrean biok jokatzen dugu partida bakoitzean.

Zer diozu lehen hilabeteez? Han jarraitzeko asmoa duzu?

Oso pozik nago taldearekin, jokalariekin... Egia da emaitzak ez direla onak, eta hori gogorra da. Sasoi baterako sinatu dut, eta aukera dut beste baterako luzatzeko, baina etxetik urrun egotea eta zure jendea hemen ez izatea oso gogorra da; horregatik, oraindik ezin dut esan non egongo naizen hurrengo sasoian. Gustatuko litzaidake hemen jarraitzea, baina denboraldia luzea da, eta ez dakit nola joango diren gauzak. Ez dakit hurrengo denboraldian kontuan hartuko nauten edo ez, eta hala bada, ez dakit jarraitu nahiko dudan edo ez. Oraindik goiz da zerbait esateko.

«Gustatuko litzaidake hemen jarraitzea, baina denboraldia luzea da, eta ez dakit nola joango diren gauzak»

Gogorra egin zaizu Gabonetan ezin etorri izana?

Zaila da, ez bainago ohituta. Bera Beran jokatzen nuenean, etxetik gertu nengoen, eta hau da kanpora noan lehen aldia. Egokitzapena ez da erraza, eta oraindik ez dakit zenbateraino merezi duen.

Eskubaloian aritzen zara bakarrik?

Ikasketak Bera Berara joan baino lehen amaitu nituen, eta, han nengoenean, eskubaloira jokatzen nuen soilik, eta hemen ere bai. Nire lana da.

Nolakoa da zure egunerokoa Hungarian?

Astelehenetik ostiralera egunero entrenatzen gara, hiru egunetan goizez eta arratsaldez: gimnasioan ibiltzen gara, entrenamendu zehatzak egiten ditugu, banakako teknika landu... Nire egunerokoa entrenatzea da.

Bera Beran zeundela baino gehiago entrenatzen zarete?

Ez, lan saioak berdinak dira, Bera Beran ere goizez eta arratsaldez entrenatzen baikinen astean hirutan.

Herrialde txikia izanda, nola mugitzen zarete partidak jokatzeko?

Alde horretatik oso ondo dago, bidaiarik luzeena lau ordukoa baita, eta autobusez mugitzen baikara beti. Budapesten alboan bizi naiz, eta talde mordoa daude Budapest inguruan; beraz, partida gehienak hemendik ordubetera jokatzen ditugu, asko jota.

Nola ikusten dituzu zure talde izandakoak, hau da, Zuazo eta Bera Bera?

Ez ditut asko ikusi, baina Bera Bera oso ondo ari da, Europan sartzea lortu baitu, eta hori izan baita azken urteetako erronka. Egia da jokalari berri asko dauzkala, eta moldatzeko denbora behar dutela, baina, hori kontuan izanda, uste dut oso ondo ari dela. Orain ikusi beharko da nola moldatzen den Europan, baina nik oso ondo ikusten dut. Zuazori, ordea, ez diot hainbeste erreparatu, baina justu beste aldean dago: Bera Bera dena irabazteko borrokan ari da, eta Zuazo, ordea, ez jaisteko lanean. Baina oraindik goiz da ondorioak ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.