Txomin Arana. Rallyetako motoetako pilotua

«Helmugako pozak estali egiten ditu pasatutako komeria denak»

Larunbatean hasiko da Dakar rallya, eta bertan ariko da laugarrenez Arana. Istripu larria izan zuen 2016an, eta urtebete pasatxo egin du lehiatu gabe. Irteeran egote hutsa «lorpen handia» dela dio.

MARIO RUIZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urtea hastearekin batera abiatu da Perurantz Txomin Arana (Ereño, Bizkaia, 1985). Gaur da iristekoa Limara, eta lau egunez ariko da azken detaileak lotzen. Oso gogor egin behar izan du lan bertan izateko, eta, horregatik, lehiatzen hasteko irrikan dago.

Bi urtez egon behar izan duzu zain berriro Dakar rallyan parte hartzeko. Zer dio gorputzak?

Lehiatzen hasteko irrikan nago. Sekulako ilusioa dut motoari gasa ematen hasteko.

Zailtasunez betetakoak izan dira azken bi urteak zuretzat. Istripu larria izan zenuen 2016ko apirilean, Abu Dhabin lehiatzen ari zinela.

Gogorra izan da, bai. Lehenbizi, istripu larria izan nuen. Gero, urtebete pasatxo egin behar izan nuen motoan lehiatu ezinik. Eta, azkenik, erlojuaren aurka aritu behar izan dut urte erdiz Dakar rallyan parte hartzeko. Hemen egote hutsa lorpen handia da.

Bueltatu 2016ko apirilaren 7ra. Zer gogoratzen duzu egun horretaz?

Abu Dhabiko rallyko azkeneko etapa zen. Gozatzen ari nintzen, onenekin nor baino nor gehiago ari nintzelako. Baina erori egin nintzen, eta kolpe handia hartu. Konortea ere galdu nuen. Esnatu nintzenean, ospitalean nengoen. Kezkatu egin nintzen, ez nekielako zer pasatu zitzaidan.

Orno bat hautsi zenuen, eta beste bi konprimitu zitzaizkizun. Elbarri geratzeko arrisku handia dago halako lesioa izanda. Larritu egin al zinen?

Bai, noski, baina, zorionez, bizkarrezur alorreko munduko espezialistarik onenetako bat zegoen Abu Dhabiko ospitalean. Hark ez zuen oso argi ebakuntza arrakastatsua izan zitekeenik, baina, azkenean, ebakuntza egin zidan, eta arrakastatsua izan zen. Burni batzuk sartu zizkidan. Horri eta hari esker nago hemen.

Ebakuntza arrakastatsua izan zen, baina urte eta erdi pasatxoko errehabilitazioa zenuen zain. Zer moduz eraman duzu?

Nahiko ondo. Abu Dhabin bertan hasi nituen osatze lanak. Han eman nituen aurreneko pausoak istripua izan ondoren. Hamar egunera itzuli nintzen etxera, eta han jarraitu nuen gogor lanean.

Urte eta erdian izango zenuen bolada txarren bat, ezta?

Bai, batez ere hasieran. Min handia nuen, eta zaila egiten zitzaidan pentsatzea min hori izanda berriro moto batera igoko nintekeenik. Denborak aurrera egin ahala, ordea, mina arinduz joan zen, eta, hori ikusita, burua altxatu nuen.

Zenbat denbora egon zinen moto batera igo gabe?

Bada, ez asko [barrez]. Scooter moto bat hartu nuen istripua izan eta bi hilabetera. Rallyetako motora igotzeko, ordea, denbora askoz gehiago behar izan nuen.

Zer sentipen izan zenuen rallyetako motoan berriro ibili zinenean?

Min hartuta egon nintzen denboran nire kezka nagusia zen ea lehen bezala motoan ibili ahal izango nintzen. Baina motora igo, azeleragailuari eman, eta berehala konturatu nintzen baietz, gai izango nintzela. Lasaitu ederra hartu nuen hori ikusitakoan.

Behin osatuta, erlojuaren aurka aritu zara azken urte erdian.

Hala da, makina bat probatan aritu naiz: Euskal Herrian, Sardinian, Grezian, Marokon eta Herrialde Katalanetan. Hiru astez egon naiz Granadan, altueran entrenatzen.

Hori guztia, Dakarrean kosta ahala kosta aritzeko. Zer dauka rally horrek horren erakargarri izateko?

Ez dakit, baina Dakarrak harrapatu egiten zaitu. Oso proba gogorra da, asko sufritzen da, baina, hain da handia helmugara iritsitakoan sentitzen den poza, ezen ahaztu egiten den ordu arte pasatutako komeria guztiak. Estali egiten dira. Horregatik, behin parte hartuz gero, urtero lehiatu nahi duzu bertan.

Lasterketa ederra da, baina baita oso arriskutsua ere. 63 parte hartzaile hil dira.

Arriskua oso presente dago proba osoan, eta parte hartzen duen orok oso barneratuta dauka hori. Oso azkar goaz, makina bat tranpa dago, basamortuan edozer gerta daiteke... Oso gutxi behar da istripu bat izateko.

Dakarrean parte hartzen duzuenok, ausartak ala eroak?

Nik uste dut bietatik dugula [barrez]. Probari inoiz errespetua ez galtzea da garrantzitsuena.

Ederra, arriskutsua eta garestia. Zenbat diru behar da bertan parte hartzeko?

Alde handiak daude taldeen artean. Helburuaren mende dago gastatu beharreko dirua: zenbat eta gorago sailkatu nahi, orduan eta diru gehiago erabili beharra dago.

Zure taldeak zenbat diru gastatuko du?

Dakarrean parte hartzeko, hainbat probatan lehiatu beharra dago, prestaketa moduan. Eta horrek guztiak kostu handia dauka, 200.000 euro inguru.

Lortu duzue aurrekontua betetzea?

Ez. Inoiz baino larriago ibili gara aurten, eta, azkenean, aurrekontua osatu ezinik geratu gara. Etsigarria da urtero horrela aritu beharra. Baina, tira, honek jada ez du atzera bueltarik, proba hastera doa. Bagoaz. Moldatuko gara nola edo hala aurrerago.

Dakarren gisako proba batean funtsezkoa da eskarmentua izatea. Zuk baduzu, laugarrenez ariko zara.

Hala da, eta horregatik lasai nago, badakit gutxi gorabehera zerekin egingo dugun topo eta nola ahal diogun egin aurre horri.

Nola gogoratzen dituzu aurreko hiru aldiak?

Oso oroitzapen onak ditut. Lehen aldiaz, estreinakoa izan zelako; bigarrenaz, 16. postuan sailkatu nintzelako; eta hirugarrenez, nahiz eta ez amaitu, oso aurrean ikusi nuelako neure burua.

Zein izan da aldirik onena?

Bigarren aldian Buenos Airesko azken helmugara hamaseigarren postuan iritsi nintzenekoa. Senitarteko eta lagun asko izan nituen ondoan, eta oso berezia izan zen.

Eta txarrena?

2016ko ekitaldian erori eta proba utzi behar izan nuenekoa. Bikain ari nintzen. Pena handia eman zidan erretiratu behar izateak.

Aurten, zein helburu duzu?

Nagusia, amaitzea. Behin hori lortuta, zenbat eta aurrerago sailkatu, orduan eta hobeto. Handia litzateke aurreneko hogeien artean sailkatzea, baina konforme nengoke lehen 30en artean sartuta ere. Maila handia dago, motoak asko garatu dira denbora gutxian, eta ni orain bi urte erabili nuen moto berarekin ariko naiz. Argi dugu orduan baino koska bat beherago gaudela. Hala ere, ahal dudan lanik onena egiten saiatuko naiz. Ilusio handia dut, eta eskarmentu dezente ere bai. Ea zortea dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.