Hellen Obiri izango da berriro Elgoibarko Kroseko izarra

Kroseko eta 5.000 metroko munduko txapeldunak bigarrenez jarraian irabazi nahi du Mintxetan, igandean

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
ATLETISMOA. Igande honetan jokatuko da Euskal Herriko krosik garrantzitsuena, Elgoibarkoa (Gipuzkoa), Juan Mugerzarena. 77. ekitaldia izango du aurtengoa, eta, urtero legez, Mintxeta atletismo taldeko antolatzaileek parte hartze bikaina lortu dute. Izen bat nabarmentzen da Mintxetan ariko diren korrikalari guztienen gainetik: Hellen Obirirena. Atleta kenyarra atletismoko izarretako bat da. Iaz urte ikusgarria osatu zuen. Izan ere, Elgoibarren nagusitasunez irabazi ondoren, munduko txapeldun izan zen krosean eta 5.000 metrokoan. Antolatzaileak «oso pozik» azaldu dira Obiri berriro Elgoibarren lehian izango delako. Hura da faborito nagusia. Rose Chelimo bahraindarra, eta Beatrice Chebet eta Eva Cherono herrikideak izango ditu aurkari nagusi. Maitane Melero iruindarra izango da euskal atletarik aipagarriena. 12:30ean jokatuko da lasterketa, eta ibilbidea 7.621 metro luze izango da.

Gizonezkoetan, ordea, ez dago izar distiratsurik. Antolatzaileak saiatu dira aurretik Elgoibarren irabazitako atletaren bat erakartzen, baina ezin izan dute. Hala ere, lehia polita izango da. Paul Chelimo estatubatuarra, Aron Kifle eritrearra, Aras Kaya turkiarra eta Richard Taylor kenyarra nabarmentzen dira, besteak beste. 13:15ean hasiko da proba, eta ibilbidea 10.796 metro luze izango da.

Goiz osoan jokatuko dituzte lasterketak, 09:30ean hasita, eta ETB1ek zuzenean emango ditu proba nagusiak, 12:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.