Realaren denboraldiari buruzko gogoeta egitean, iritzi bat zein bestea eduki, abiapuntua bera da: taldeak bete egin du bere helburua, hots, mailari eustea. Eta horrek meritu handia dauka, kontuan hartuta inoiz baino garestiago egon dela Lehen Mailan jarraitzea, eta talde igo berriak direla jaisteko hautagai nagusiak, estatistikek erakusten dutenez. Lehen Mailan finkatu ahal izateko, bertan gelditzea zen eman beharreko lehen pausoa, eta eman egin du Realak, eskarmentu gutxi edo batere ez zuten jokalari askorekin, gainera. Ekonomia aldetik, udan eta neguan fitxaketekin zorpetu beharrik izan gabe bete du helburua. Baina, lorpenaz haratago, ahulezia eta hobetzeko kontu ugari utzi ditu agerian, eta dezente sufriarazi die zaleei.
1. Hasiera bikaina
Berehala hartu zion neurria Lehen Mailari taldeak, lehendabiziko bi jardunaldietan lau puntu batuta. Estreinako partidan, Anoetan Vila-reali irbazi izanak sekulako konfiantza eman zion, Martin Lasartek gerora aitortu duenez. Ligako lehen hamalau partidetan oso ondo aritu zen oro har taldea, hiruzpalau kenduta. Izan zituen itxura txukuna emanda galdutakoak ere, hala nola Real Madril eta Atletico Madrilen aurkako norgehiagokak. Fisikoki sasoiko zegoen, eta serio ari zen defentsan gehienetan ere. Erasoan, berriz, bere jokalaririk arriskutsuenek ustekabean harrapatu zituzten aurkari asko. Ondorioz, bitan egon zen sailkapeneko seigarren postuan sailkatuta tarte horretan, Racingi eta Athletici irabazi ondoren.
2. Gorabeherak
Lehen abisua laster iritsi zen, lau partida jarraian galdu zituenean, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza eta Sevillaren aurka. Azken hiru partidetan ondo aritu zen, eta gol aukera ugari izan zituen, baina aurkariari emandako erraztasunek hondamendia ekarri zuten. Benetako txakalaldia, ordea, handik sei jardunaldira hasi zen, 24. jardunaldian. 34 puntu zituen ordurako, eta Europarako hautagaitza berresteko aukera zuen Cornella-El Praten, Espanyolen zelaian, baina 4-1 galdu zuen lehen zati bikaina egin arren. Ondorengo sei norgehiagoketan ere, puntu bakarra lortu zuen, Levanteren aurka etxean. Egutegi samarra zirudiena ez zuen aprobetxatu, eta azken zazpi jardunalditan hiru partida irabazi eta bat berdindu behar izan du mailari estu eta larri eusteko.
3. Anoeta, erabakigarria
Aspaldiko joera txarra irauli zuen Realak etxean aurreko denboraldian, eta bukatu berri den honetan ere eutsi egin dio sendotasun horri. 35 puntu lortu ditu Anoetan, Valentziak adina. Bartzelonak, Real Madrilek, Vila-realek, Athleticek eta Osasunak soilik dute kopuru hobea, hurrenez hurren. Sevilla eta Atletico Madril azpitik ditu. Bigarren Mailan bezala, hil edo biziko partidak aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi du. Azken txanpa ikusi besterik ez dago: Sporting, Bartzelona eta Zaragozari irabazi dio, eta Getaferen aurka berdindu. Zaleen jarrera eredugarria izan da. Txisturik ez da izan ia, eta unerik zailenetan sekulako babesa eman diete jokalariei. Bazkide kopuruari begiratuta ere, garai gozoan da kluba.
4. Kanpoan, makal
Etxetik at egindako lan eskasa dago txanponaren beste aldean. Hamar puntu baino ez ditu pilatu Anoetatik urrun, guztiak lehen itzulian: Malaga, Sporting eta Getaferi irabazi, eta Almeriaren aurka berdindu zuen. Bigarren itzulian, ordea, bederatzi porrot pilatu ditu errenkadan. Hercules da uzta eskasagoa jaso duen bakarra, bederatzi punturekin. Halaber, Realak jaso du gol gehien, alde handiarekin, gainera: 45. Malaga da hurrengoa, 39 golekin. Jokoari dagokionez, neurketa kaskar ugari egin ditu. Lehen itzulian, Mallorca, Osasuna eta Levanteren aurka negargarri aritu zen, adibidez. Bigarrengoan, egutegi zailagoa zuen, baina ia sekula ez da irabaztetik gertu egon. Zorroztasun taktikoa, ausardia eta freskotasuna falta izan zaizkio, oro har.
5. Eraso aberatsa
Gehienek uste zuten gol falta izango zela Realaren gabezia nagusia Lehen Mailan, Bigarren Mailan izan zituen buruhausteak kontuan hartuta. Hala ere, nahiko ondo moldatu da —11. onena izan da, 49 gol sartuta, Getaferekin berdinduta—. Lanak nola banatu dituen da deigarriena, hamahiru jokalarik sartu baitute gol bat gutxienez. Erdilarien ekarpena ere aipatzekoa da, Xabi Prieto eta Griezmann baitira gol gehien sartu dituztenak, Tamudorekin berdinduta —zazpi gol—. Aranburuk ere bostekin lagundu du. Llorenteren lesioa asko pairatu zuen taldeak, baina Tamudo ere, zenbait jardunalditan oharkabean igaro arren, agertu behar zuenean agertu da. Datu esanguratsu bat: bost partidatan bakarrik ez du golik sartu. Erregulartasuna erakutsi du, beraz.
6. Bigun, bigunegi
Defentsan sumatu du Realak jauzia gehien. Izan ere, Lehen Mailan ez da nahikoa arean ofizio handiko atzelariak edukitzea, edota atzean jokalariak pilatzea onik ateratzeko. Koordinazioa behar da talde lanean, eta abiadura eta gogortasuna banakako jardunean. Realak, ordea, erraztasun gehiegi eman ditu, baloi ugari galdu dituelako eta geldikako jokaldietan ere makal aritu delako. Getafek azken partidan sartu zion gola, edo Valentzian gertatutakoa dira horren adibide. Trantsizioetan ere gaizki moldatu da, alde batera zein bestera. Ia bi gol sartu dizkiote partidako, eta zama handia da hori. Lasarte saiatu da arazoa konpontzen bai eskema eta bai jokalariak aldatuz, baina alferrik.
6. Harrobiarentzat,argi-ilunak
Entrenatzaileak gehien erabili duen hamaikakoan Zubietan hazitako zazpi jokalari daude. Harro egoteko moduko datua da. Griezmannek, Xabi Prietok eta Zurutuzak arreta piztu dute, eta Markelek itxaropena edukitze-ko moduko denboraldi bukaera egin du. Baina harrobia lantzea talentu berriei bide emateaere bada. Zaila da lan hori emaitzen berehalakotasunarekin uztartzea, baina sasoi honetan ez da lortu. Ez da ulertzen, esaterako, Illarramendik jarraituta- sun handiagoa eduki ez izana. Elustondo eta Agirretxerentzat ere ez da denboraldi onuragarria izan.
7. Fitxaketekin baikor
Ezin da esan jokalari berriek pisu handia eduki dutenik. Llorente da salbuespen bakarra. Berarekin izan zituen taldeak unerik onenak, baina bizkarreko lesioak ez dio utzi ondo hasitakoa biribiltzen. Halere, Realarentzat baleko jokalariak izan daitezkeela erakutsi dute beste fitxaketa gehienek. Demidovek egokitze prozesua hainbestean gainditu du, eta nortasuna eta kalitatea antzematen zaizkio. Sutilek arazoak izan ditu lesioekin, baina lan txukuna egin dezake. Ifranek, berriz, dohain ederrak erakutsi ditu. Bere fisikoa izango da gakoa. Sarpong deialdietatik desagertu da azken txanpan.
8. Albisteen zain
Denboraldia bukatu bada ere, klubaren egunerokoa zirraragarria izango da datozen asteetan. Izan ere, une honetan kolokan dago kirol egitura ia guztia. Lasartek beste urtebeterako du kontratua, baina begi bistakoa da zuzendaritzak ez duela garai bateko konfiantza harengan. Uruguaitarra minduta azaldu da elkarrizketaren batean. Aulkian aldaketa baldin badago, Pablo Balbik ere ez du jarraituko, eta Alberto Iturralderen etorkizuna ere ikusteke dago. Azken orduetan, berriz, Lorenen inguruko zurrumurruak zabaldu dira. Jokalariei dagokionez, Tamudok agur esan du, eta Rivasek bide bera jarrai dezake, Realari atea itxi ez badio ere.
Helburuaz haratago
Realaren etorkizunari begira, funtsezkoa zen mailari eustea. Lortu egin du, baina argi-ilunak ere badaude tartean. Hurrengo egunak erabakigarriak izango dira, orain kolokan baitago kirol egitura ia guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu