Gaurtik igandera bitartean jokatuko da Pista Estaliko Europako Txapelketa, Istanbulen (Turkia). Iker Arotzena (Hondarribia, Gipuzkoa, 2001) Super Amara BAT Bidasoa Atletismo taldeko luzera jauziko atletaren lehen aldia izango da maila absolutuko nazioarteko txapelketa batean. Iaz, Munichen (Alemania) egin zen Aire Zabaleko Europako Txapelketarako sailkatuta egon arren, azken orduan irizpideak aldatuta, Espainiako Atletismo Federazioak ez zuen hondarribiarra hautatu. «Nahiko gaizki pasatu nuen, ilusio handia egiten baitzidan nire lehendabiziko nazioarteko txapelketan parte hartzeak. Gertatutakoak gehiago entrenatu eta saiatzeko motibatu ninduen, eta, azkenerako, lortu dut maila horretako txapelketa batean egotea. Pauso handia da».
Orain, zerrendan aurretik zituen atleta batzuek hainbat arrazoirengatik txapelketari uko egin ostean, ametsa betetzeko aukera izan du. Duela bizpahiru egun heldu zen Istanbulera. «Gaur [atzo] egin dut azken entrenamendua, eta sentipen onekin amaitu dut: gustura nago egindako prestaketarekin. Bi egun luze behar izan nituen Istanbulera iristeko. Nekagarria izan da, baina gorputzari buelta eman diot jada. Bihar [gaur] paseo bat eman eta ariketa batzuk baino ez ditut egingo; aurreko egunean ez da entrenamendurik egiten». «Sasoiko» dago, eta txapelketa «lasai» prestatu ahal izan duela dio.
Ostiral goizean, Euskal Herriko ordutegian 07:10 direnean, parte hartuko du Arotzenak luzera jauziko sailkatze proban. Helburua igandeko finalean egotea da. «Disfrutatzera nator, baina kirol arloko helburuak ere badauzkat; finalean egon nahi nuke. Hamabi onenak sailkatuko dira, eta, zerrendaren arabera, hamaseigarren edo hamazazpigarren postuan nago». Ordutegia ere ez da ohikoa harentzat. «Saiatu naiz goiz esnatzen eta ahalik eta goizen entrenatzen. Halere, uste dut hori baino garrantzitsuagoa izango dela ongi atseden hartzea. Lehiaketa egunean goiz jaiki eta gorputza ondo martxan jartzea izango da gakoa».
Badaki «oso ondo» aritu beharko duela finalerako sailkatzeko. 7 metro eta 82 zentimetroko jauzia da haren markarik onena [EAEko marka da], eta horren bueltan egon liteke finalera igarotzeko aukera emango lukeen jauzia. «Maila oso ona dago. Dena den, atleta batzuek ez dituzte aurreko urteetako markak berdindu ahal izan, eta ez daude agian horren sasoiko. Jauzi luzeak egin beharko dira finalera igarotzeko. 7 metro eta 95 zentimetroko jauziarekin, zuzenean igarotzen zara finalera, eta, bestela, hamabi onenen artean egon behar duzu».
Espainiako Txapelketan zilarra lortu eta Madrilgo topaketan ondo aritu arren, Arotzenak aitortu du ez zituela «sentipen onenak» izan. «Aztertu ditugu bi txapelketa horietan egindako jauziak, eta uste dut zuzendu dugula zuzendu beharrekoa. Ostiralean [bihar] sentipen hobeak izango ditudala pentsatzen dut». Jauzi aurreko lasterkaldian jarri dute arreta. «Azken metroetan korrika egiteko modua apur bat zuzendu dugu, horrek erabat baldintzatu baitzituen nire jauziak. Espero dut hori aldatu izana».
Denboraldiko eta bere ibilbideko «garairik onenean» dago Arotzena. «Argi dago. Orain arte ez naiz sekula horrelako txapelketa batean izan. Denboraldia birbildu nahi dut Istanbulen: egindako guztiari ginga jarri».
Markekin «itsutu» gabe
Finalera igarotzeaz gain, marka pertsonala hobetzea ere badu buruan, eta etorkizunean zortzi metroko jauzia egiteko gai ikusten du bere burua. «Aurreko denboraldia eta aurtengoa aztertuta, garapen ona izan dudala esango nuke. Ez dakit lehiaketa honetan zortzi metroak gainditzeko gai izango naizen, pista estalian zaila baita, baina pentsatzen dut etorkizunean hori gainditu dezakedala. Aire zabaleko lehiaketetan agian errazagoa izango da». Halere, ez da horrekin «itsutzen». «Ez, ezin naiz marka horrekin itsutu. Iristen denean iritsiko da, besterik gabe».
Pista estaliko denboraldia amaituta, Aire Zabaleko sasoian ere erronka ugari ditu. «Europako 23 urtez azpiko txapelketa izango da erronka nagusia. Munduko Txapelketarako sailkatzea zaila da, baina ahaleginduko naiz».
Markel Fernandez atleta bizkaitarra ere txapelketan izango da. 4x400 metroko erreleboetan parte hartuko du Espainiako selekzioarekin. Asier Martinezek azken orduan egin zion uko txapelketari, lunbalgia arazoak direla eta.
Helburuak betetzeaz gain, gozatu
Iker Arotzena atleta hondarribiarrak lehendabiziko aldiz parte hartuko du Europako Txapelketa batean, maila absolutuan. Bihar goizean lehiatuko da luzera jauziko sailkatze proban (07:10).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu