Etxeko bi partidak irabazita, baina kanpoko bi neurketak galduta hasi du denboraldia Xotak. Hala, sailkapenaren erdialdean dago Irurtzungo taldea, sei puntu eskuratuta. Roberto Martil taldeko kapitainak (Irurtzun, Nafarroa, 1987) dio «bi aurpegi ezberdin» erakutsi dituztela orain arte. «Esango nuke etxean oso ondo aritu garela. Bereziki, lehen jardunaldian oso neurketa ona egin genuen Kordobaren aurka. Kanpoan, ordea, ez gara hain ondo aritu, seguruenik komeni zitzaigulako beste partida mota bat planteatzea eta jokatzea».
Miguel Hernandezen taldeak 7-2 menderatu zuen Kordoba lehen jardunaldian; ondoren, Peñiscolaren eta Manzanaresen aurka galdu egin zuen etxetik kanpo, eta joan den asteburuan garaipenaren bidera itzuli zen, Noia 2-1 menderatuta. «Argi dago Anaitasuna gotorlekua dela guretzat. Normalean, oso ondo jokatzen dugu etxean, baina beste urrats bat egin nahi badugu eta gorago begiratu, irabazi egin behar dugu etxetik kanpo ere».
Partidei banan-banan erreparatu nahi badiete ere, Martilek argi dauka zein den helburu nagusia. «Pandemia garaitik hona, mailari eustea izan da beti gure helburu nagusia, eta lehenbailehen lortuz gero, are eta hobeto. Gero, aurreko sasoian egin bezala, lehenengo itzulia amaituta kopa jokatzeko aukera badugu, bikain. Dena den, hori sari bat da, gure helburua mailari eustea baita».
Taldea dezente aldatu da aurreko sasoikoarekin alderatuta. Besteak beste, Fabinhok eta Linharesek taldea utzi dute, jokalari garrantzitsuak biak ere, eta Xotak lau fitxaketa egin ditu, eta utzita zeuden bi jokalari berreskuratu: Ion Cerviño eta Josu Mendibe. «Ez nuke esango oso talde ezberdina garenik, jokatzeko ikuspegia eta DNA ez baitira aldatu, baina egia da Fabinhok eta Linharesek erantzukizun handia hartzen zutela jokatzeko orduan. Orain, erantzukizun hori banatuago dago, eta jokalari batzuek aurrerapauso bat eman dute. Sasoi honetan, gehiago jokatzen ari gara talde gisa».
Osatu duten hamalau jokalariko taldearekin eta egindako fitxaketekin «pozik» da Martil. «Nire ustez, fitxaketak ondo ari dira. Kokoro japoniarra oso ondo moldatu da, Ligeiro brasildarra geroz eta erosoago dago, eta Facundo Russo argentinarra geroz eta gehiago sartuko da taldean partidak aurrera joan ahala. Korsun ukrainarraren fitxaketa bestelakoa da, 31 urte baititu. Oro har, oso talde gaztea osatu dugu».
«Ez nuke esango oso talde ezberdina garenik, jokatzeko ikuspegia eta DNA ez baitira aldatu»
ROBERTO MARTILXotako jokalaria
Denboraldi hasierako sentipena «ona» bada ere, Martilek aitortu du badutela zer landu. «Erregularragoak izateko lan egin behar dugu. Talde gaztea gara, baloiarekin jokatzea gustuko duena, baina, batzuetan, etxetik kanpo bereziki, ulertu behar dugu beharrezkoa dela beste mota bateko partidak egitea ere: gutxiago jokatu, defentsako lanari garrantzi handiagoa eman... Horretan ari gara lanean».
Miguel Hernandez entrenatzailearentzat bigarren sasoia da taldeko arduradun nagusi gisa, Imanol Arregi ordezkatu ostean. «Lehengo denboraldia beti da zaila, are gehiago hainbeste urtez bigarren entrenatzaile izan eta gero. Lehen laguntzailea zen, eta orain nagusia da. Zaila da trantsizio hori egitea, baina, bere modura eta lan asko eginez, aldaketa ondo barneratzen ari da. Sasoi honetan hobeto ikusten dut Miguel».
Martil aritzen da orain Hernandezen laguntzaile, jokalari izateaz gainera. Urtarrilean itzuli zen pistetara, lesio larri bat osatu eta gero, eta uztailean beste denboraldi baterako berritu zuen kontratua. 21. denboraldia egiten ari da Xotan. «Oso pozik nago, sentitzen baitut garrantzitsua naizela taldearentzat, eta, dezente jokatzeaz gain, golak sartzen ere ari naiz. Pistan lagundu badezaket, ondo, baina, bestela, beste modu batera lagunduko dut, kanpotik».
Xotak Santa Colomaren pistan jokatuko du etzi. «Oso partida zaila izango da. Interren aurka galdu berri dute, azken orduan, baina denboraldia bikain hasi dute; Bartzelona eta Palma menderatu zituzten. Hala ere, nahi bezala jokatzen badugu, egiten dakigun hori egitea bada kontua, irabazteko aukera izango dugu».
Nafarroako Erribera, behealdean
Xotak bezala, Nafarroako Erribera helburu bat eta bakarra dauka sasoi honetarako: mailari eustea. Tuterako (Nafarroa) taldeak garaipen bakarra lortu du lehendabiziko lau jardunaldietan —0-1 irabazi zion Noiari—, eta bi punturen aldea du jaitsiera postuetako lehenarekin. Alvaro Cordonen taldea sailkapenean postu bat gorago dagoenaren aurka ariko da bihar, Kordobaren aurka, 18:00etan, Tuteran.