FUTBOLA

Helburua, eta beharra

Realak irabazteko beharrarekin jasoko du Valentzia Anoetan; sailkapenean berdinduta daude. Alavesek ere irabazi nahi du, Getafen; jaisteko postuetan dago aurkaria.

Santiago Mouriño eta Vinicius, asteartean jokatu zuten partidan. JUANJO MARTIN / EFE
Santiago Mouriño eta Vinicius, asteartean jokatu zuten partidan. JUANJO MARTIN / EFE
pettan uralde
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Espainiako Lehen Mailako zortzigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte gaur Alavesek eta Realak. Alaves etxetik urrun ariko da, Getafen (Espainia), 14:00etan (DAZN). Reala, berriz, etxean ariko da, Valentziaren aurka, 18:30ean (DAZN). Oso bestelako egoeran daude bi taldeak: Alaves eroso dago, hamar punturekin sailkapenaren goialdean; Realak, ordea, bost puntu besterik ez du, eta jaisteko postuetatik gertu dago. Realaren helburua argia da: lehen garaipena eskuratzea etxean. Alavesek ere badu berea Getaferen aurka: etxean sentitu bezala sentitzea kanpoan.

Realaren kale egiteko tartea oso txikia da, eta presiopean iritsiko da partidara: liga hasiera honetan huts gehiago ez egiteko. Asteazkenean, Nizaren aurkako berdinketak argi-itzalak utzi zituen, nahiz eta emaitza guztietan onena izan. Baina Imanol Alguacilek Europa ligako lehen partida horretan egin zituen txandakatze ugariei esker, ohiko talde titularraren gehiengoa atseden hartuta dago. Guztiaren gainetik, prestatzaile oriotarrak nabarmendu du «lasai» dagoela. «Ez nago larrituta, ezta nire jokalariak ere. Valentzia ere ez da urduri egongo, nahiz eta gure antzera bost puntu besterik ez duen».

Martin Zubimendi, Valladoliden aurkako partidan. R.GARCIA / EFE
Martin Zubimendi, Valladoliden aurkako partidan. R.GARCIA / EFE

Realaren aldetik askoz ere ezagunagoa den hamaikakoa espero da gaur Valentziaren aurka, baina oraindik ikusteko dago nola dagoen Ander Barrenetxea, Nizan ordezkatu behar izan baitzuten. Deialdiko berritasunei dagokienez, Sheraldo Becker kanpoan geratu da, lunbalgia batengatik, eta Alvaro Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate erabaki teknikoagatik ez daude zerrendan. Haien tokian, Jon Ander Olasagasti eta Sadiq Umar sartu dira. Aurrelariei buruz galdetuta, Imanolek Orri Oskarssoni buruz esan du balitekeela titular izatea, «dagoeneko hasieratik atera delako, eta horretarako prest dagoelako». Mikel Oiartzabali buruz ere hitz egin du, oraindik ez baitu golik sartu. «Hobeto legoke hiruzpalau gol sartuak izango balitu. Hala ere, Mikelek ez dit zalantzarik eragiten; taldeko liderra da, buruz indartsuena. Jokalari guztiek dituzte gorabeherak, eta ez da ezer gertatzen».

Partida aurreko prentsaurrekoan nabarmendu zuen ez daudela hain urrun beste denboraldi batzuetako taldetik, ligako zortzigarren jardunaldian eta Europa ligan debuta egin ondoren talde txuri-urdina nola dagoen ikusita. «Bilakaera handia ikusi dut, argia eta agerikoa. Azken bi partidak eta Real Madrilena eredugarriak izan dira. Ez gaude hain urrun: gaurko Reala laster izango da beste urte batzuetakoaren antzekoa. Asmatzea eta partida errematatzea falta izan zaigu».

Ez dute esku hutsik itzuli nahi

Alavesek asteko bigarren erronka izango du Madril aldean. Joan den asteartean Real Madrilen aurka aritu ondoren, Getaferen etxean arituko da Gasteizko taldea. Hiru puntuak eskuratzeko asmoz, Luis Garcia Plaza entrenatzaileak ia talde guztia izango du prest: Hugo Novoa da deialditik kanpo geratu den jokalari bakarra. Garcia Plazaren 100. partida izango da Alavesen aulkian.

Hain zuzen ere, norgehiagokaren aurreko prentsaurrekoan nabarmendu zuen Getaferen «bertuteak apaltzeko» beharra. «Haien indarrak apaldu eta gureak ahalik eta gehien indartu behar ditugu, eta gola sartzearen eta gola jasotzearen arteko oreka bilatu. Etxetik kanpo lehiatzen jarraitu behar dugu, orain arte egin dugun bezala. Konfiantza osoa dut nire jokalariengan».

Getaferen inguruan ere hitz egin zuen. Jaisteko postuetan iritsiko da lehiara, jokatutako zazpi neurketetan lau berdinketa lortu ondoren. Las Palmasekin batera, denboraldi hasiera honetan irabaztea zer den ez dakien talde bakarra da. Baina baita gol gutxien jaso duten taldeetako bat ere. «Oraindik ez dute irabazi, eta final gisa egingo diote aurre partidari. Errespetua izan behar diegu, oso ondo defendatzen dutelako eta oso zaila delako haiei gola sartzea. Rayok eta Realak ez zuten arriskurik sortu Coliseumen».

Garaipenaren bidera itzuli nahi dute berriro Athleticek eta Eibarrek

Athleticek modu ezin hobean hasi zuen liga, lehen bi jardunaldietan irabaziz. David Aznarren jokalariek garaipena lortu zuten bi partida estutan, Levanteren eta Granadaren aurka. Azken jardunaldian, ordea, galdu egin zuten Real Madrilen aurka. Gaur, berriz, aukera paregabea daukate garaipenaren bidera itzultzeko (20:30, DAZN). Coruñako Deportivoren etxera egingo dute bisita, oraindik partidarik irabazi ez duen taldea. 

Eibar ere antzera dago. Ligako lehen bi jardunaldietan sei puntu eskuratu zituen Yeray Martinek zuzentzen duen taldeak, baina azken jardunaldian galdu egin zuen Granada aurkari zuzenaren aurka. Hori ahaztu egin dezake, ordea, gaur Levante menderatzea lortzen badu (12:00, DAZN). Sailkapeneko azken postuan dago, eta ez du punturik eskuratu lehen jardunaldietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.