Arrauna ETE liga

Helburua argi izanik, bide sendotik doaz

Zumaiak bideratua dauka ETE liga, baina igotzea du helburu nagusia: aurreko urteko arantza kendu nahi du, eta goi mailara igo, bederatzi urteren ondoren.

Zumaiako trainerua, iazko estropada batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zumaiako trainerua, iazko estropada batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
pettan uralde
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

ETE liga erdialdera iritsi da, zazpi estropada jokatuta, eta jokatzeko beste zazpi falta direla. Traineru bat nagusitu da nabarmen lehen erdi honetan: Zumaiako Telmo Deun. Bost estropada irabazi ditu, behin geratu da bigarren, eta beste behin hirugarren. Kike Manterolak zuzentzen duen taldea azkarrena da itsaso eta ibaietan, eta horrela jarraitu nahi du denboraldia amaitu bitartean. Leire Ibar arraunlariak lurrean dauzka oinak (Azpeitia, Gipuzkoa, 2004), baina ez daki bere taldearen muga non dagoen.

«Oso indartsu gaude, eta motibatuak ligari dagokionez. Lehen postuan eutsi diogu, ahaztu gabe Astillero bi puntura baino ez dugula. Horrek, dena den, indarra ematen digu ez lasaitzeko, eta entrenamendu eta estropadetan daukagun guztia emateko», adierazi du Ibarrek.

Liga erdia igarota, ezin hobeto sentitzen da Zumaia, aurten asko prestatu baita bere helburuak lortzeko. «Fisikoki, taldea oso garai onean dago, eta taldeko giroa ezin hobea da. Hori da gure gakoetako bat, lagun talde bat garela, eta gure arteko harremana bikaina dela. Denok helburu baten bila ari gara, eta nabaritzen da lehiatzeko orduan».

«Aurreko urtean, bigarren postuan geratu ginen ligan, eta, kanporaketetan ere bigarren postuan geratu ginenez, ez genuen igotzea lortu. Aurten ezinbestean igo nahi dugu»

LEIRE IBARZumaiako arraunlaria

Bost bandera altxatzeak konfiantza handia eman dio Telmo Deun-eko eskifaiari. «Garaipenek asko laguntzen dute giro on hori egon dadin. Denboraldiaurrean ere emaitza onak lortzen hasi ginenean, indar handia eman zigun, eta uste dut horregatik hasi genuela liga hain ondo».

Oraindik asko geratzen bada ere, Ibarrek argi dauka Euskotren ligara igotzeko kanporaketetan dutela burua. «Ligako lehen bi postuetan mantendu nahi dugu kanporaketak jokatzeko, eta, posible bada, liga irabazi kanporaketa horietara ahalik eta hobekien iristeko. Aurreko urtean, bigarren postuan geratu ginen ligan, eta, kanporaketetan ere bigarren postuan geratu ginenez, ez genuen igotzea lortu. Aurten nahitaez igo nahi dugu, eta horretan jarriko ditugu ahalegin guztiak». Liga amaieraren eta kanporaketen tartean Kontxako Bandera dago, eta horri ere garrantzi berezia ematen dio Ibarrek. «Beti da saio garrantzitsua, eta asko gustatuko litzaiguke sailkatzea. Gainera, kanporaketetan Galiziako ontziak egongo dira, eta Kontxan parez pare talde horiekin aritzeak lagundu diezaguke igoerako kanporaketak prestatzen».

Aurreko urtean gertu izan zuten igoera, baina aurten oraindik ere gertuago egon daiteke Zumaiarentzat. «Aurten Euskotren ligako zazpigarren sailkatuak jokatuko ditu kanporaketak, eta horrek gauzak erraztu ditzake guretzat. Iaz hiru traineru besterik ez ginen izan kanporaketetan, eta aurten bi ontzi gehiago egongo dira, galiziarrak. Aurkari gehiago egoteak dena estutuko du, ziur, baina gu ez gara txikituko aurkarien aurrean». 

Zumaiaren gorakada ezin da azaldu etxeko eta harrobiko arraunlariak aipatu gabe. Ibarren ustez, hori da talde horren gakoa. «Azken urteetan, jende gaztea igo da lehen ontzira, eta traineruko gehienak hogei urtetik beherakoak dira. Bloke antzekoekin lan egiteko aukera eman digu, eta gaztetasun horrek hobetzeko marjina ematen dizu bai teknikoki eta bai fisikoki. Urtetik urtera, bloke hori hobetuz joan da, eta, gaur egun, oso maila onean gaude. Etorkizunerako ere positiboa da ikustea ongi funtzionatzen dugula jende gaztearekin, eta, horri eusten badiogu, hoberantz egingo dugu urtetik urtera».

Bide erdia geratzen zaie

Denboraldia amaitu bitartean, Ibarrek argi dauka zer egiteko duten. «Gure lana ahalik eta hobekien egitera joango gara. Entrenamendu eta estropadetan dena ematen dugu, motibatuak gaude, eta hori antzeman egiten da. Uztailean, estropada gehienak ibaikoak dira, eta ibaian gauzak estutu egiten dira. Kaiku, Zarautz eta Astillero oso gertu ditugu, eta lehia estutu egiten da. Guk nahiago dugu itsasoa, baina Ibaian ere erakutsi dugu lehenengo postuak eskuratzeko gai garela, sinestea kostatzen zaigun arren». 

Hala ere, badaki abuztu amaiera bitartean traineru batzuek gora egingo dutela, eta lehia estutu daitekeela. «Kaikuk eta Zarautzek gora egingo dute seguruenik, baina guk ere hobera egingo dugu, ziur. Itsasoko estropada horietan mailarik onena erakusten saiatuko gara, eta Kontxako estropadara ere punturik onenean iritsi nahi dugu. Bide honetatik jarraitzen badugu, uste dut puntu onean iritsiko garela liga amaiera, Kontxako Banderara, eta Euskotren ligako kanporaketetara. Gure lana egingo dugula ziurtatuta dago, eta ikusiko da aurkariak nola iristen diren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.