Helburu handiak ditu

Valentziako maratoia jokatuko da gaur. Iraitz Arrospidek bere markarik onena egin zuen iaz han. Hori hobetzeko asmoz korrituko du gaur.

Iraitz Arrospide, Valentziara iritsi berritan. IRAITZ ARROSPIDE.
ainara arratibel gascon
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Iraitz Arrospidek kutuna du Valentziako maratoia (Herrialde Katalanak). Iaz, adibidez, bere inoizko markarik onena lortu zuen: 2.11.00. Horri esker, Tokioko Olinpiar Jokoetan egoteko hautatua izateko gutxieneko marka lortu zuen. Azkenean, pandemia tarteko, Jokoak ez ziren egin, eta gaur berriz lehiatuko da maratoi horretan, datorren urtean Tokion egoteko ametsari begira. Arrospide baikor da gaurko, eta oso goian jarri ditu helburuak. «Sentipen onak ditut, eta oso gogotsu nago. Iazko marka hobetzeko moduan izan naiteke».

Duela hilabete pasatxo lehiatu zen azken aldiz. Maratoi erdiko Munduko Txapelketan izan zen, Polonian. 1.04.07ko marka egin zuen, eta 84. amaitu zuen. «Egia esan, azken unean jakin nuen lehiatu behar nuela. Hilabete askotan egindako entrenamenduen ostean, nekatu samar iritsi nintzen. Baina azken aste hauetan gorputzak hobera egin du, entrenamendu gakoak ondo joan dira. Konfiantza dut».

Arrospidek onartu du, COVID-19a tarteko aurtengoak ez duela zerikusirik iazkoarekin. «Bidaiatik hasita [Sheffilden bizi da, Ingalaterran] dena oso desberdina izan da». Asteazkenean iritsi zen Valentziara. Lehen gaua bere kabuz pasatu zuen, eta ostegunetik antolakuntzak parte hartzaileentzat burbuila moduan atondu dituen hoteletako batean egon da. «Apenas atera ahal izan dugu bertatik. Entrenatzera bakarrik».

Gaurkoan ere neurriak oso zorrotzak izango dira. Gainera, azken kilometroetan eta helmugan ez da publikorik izango, eta ibilbidean ere oso mugatua izango da. Atletak balkoietatik hauspotzera deitu du antolakuntzak. «Guretzat, batez ere azken kilometroetan, bultzada hori oso garrantzitsua izaten da, falta zaizun indar hori ematen baitizu».

Protokoloak tarteko, ohi baino gauza gehiago izan beharko dituzte kontuan. «Horrek urduritasun puntu bat gehitzen du, eta hori ondo kudeatzen jakitea ere garrantzitsua izango da. Ni, adibidez, arreta osoa egin nahi dudan lasterketan jartzen saiatu naiz: denborak, estrategiak, aukeratuko dudan multzoa...».

Iazko marka hobetzeko gakoetako bat erritmo aproposa duen talde edo multzo bat aukeratzea izango da. «Hautatu duzun taldea espero baino mantsoago joateak, erasokor izatera behartzen zaitu, eta hori zama bat izan daiteke azken kilometroei begira. Aurreikusi baino bizkorrago badoa, berriz, kontserbadoreagoa izan zaitezke, baina aldi berean zeure burua ondo ikusi behar duzu erritmo horretan. Asmatzen ez baduzu, gauzak zailtzen dira».

Erritmo biziko lasterketa espero du. «Uste dut gutxieneko marka horretatik oso behera joango dela lasterketa, beste koska bat da hori. Ez du balioko iazko erritmoan joatea. 2.09.00ko marka bat lortzeko erritmoetan joango gara Olinpiar Jokoetan egon nahi dugun guztiak. Horri eusteko indarrak eta ahalmena izatea izango da garrantzitsua».

Marka hori lortuz gero Tokiotikgertuago egon daiteke. Baina «presiorik gabe» doa. «Oinak lurrean ditut. Nire marka onena eginda ere, kanpoan gera naiteke. Ni ez naiz faboritoetako bat. Badakit hirurentzako lekua dagoela. Espainiako txapeldunak [Javi Guerra] ziurtatu du lekua, Dani Mateok ia ere bai. Besteak minutu baten bueltan gaude, eta helburua da hiru postu horietatik gertuen egotea. Izan ere, azken unera arte edozer gerta daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.