Jorge Azanza. Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria

«Helburu guztiak bete ditugu Vueltan; oso pozik nago»

«Erregulartasuna, errendimendua eta inplikazioa»: Azanzaren ustez, ardatz horien baitan zurkaiztu da Euskaltelen arrakasta aurtengo Vueltan, azkeneko parte hartzetik zortzi urtera.

EUSKALTEL EUSKADI.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltan, etapak izan zituen elkarren segidan. Eta, orain, etxera itzulita, elkarrizketak ari da izaten bata bestearen atzetik. Alta, ez da kexu Jorge Azanza (Altsasu, Nafarroa, 1982), Euskaltel-Euskadiko zuzendaria: «Vueltan oso ongi ibili garen seinale dira kazetarien deiak. Pozarren ari natzaizue erantzuten». Bizpahiru egunez hartuko du atseden, talde laranjarentzat «oso aberasgarria» izaten ari den denboraldiaren azken txanpari heldu aurretik.

Zure lehen itzuli handia bizi izan duzu zuzendari moduan. Nolako esperientzia izan da?

Oso polita. Sei egin nituen txirrindulari gisa, eta mentalki egiten duzun prestaketa antzekoa da, estres jarraitu bati aurre egin behar diozulako. Aldea da autoan zaudenean ez duzula neke fisikorik. Neke mentala, ordea, handia da. Arduradun gisa, gauza asko daude ezin dituzunak hala moduz egin. Zorionez, txirrindulariek oso ongi barneratu dute egin beharrekoa, eta langile taldearen jarduna ere zoragarria izan da.

Euskaltelentzat ere, aro berriko lehen itzuli handia izan da. Gauzak espero baino hobeto atera zaizkizue?

Gure helburua lehiakor aritzea zen, ihesaldietan sartuz eta etapa garaipenen bat lortzeko borrokatuz. Bada, biak lortu ditugu. Erlojupekoez aparte jokatu diren hemeretzi etapetatik hamaseitan izan gara ihesaldian. Eta irabazteko itxaropena izan dugu horietakoren batean; hala nola hogeigarrenean, Mikel Bizkarrarekin. Taldeak oso maila ona eman du batez beste; guztien lanarekin nago pozik.

Bada beste datu esanguratsu bat: 11. izan zarete taldekako sailkapenean, Pro Team mailako beste taldeen eta World Tourreko bederatziren aurretik.Zein hausnarketa egiten duzu?

Horrek erakusten du hiru astez erregulartasun handia izan dugula. Gainera, etaparik gogorrenetan beti sartu gara hamar talderik onenen artean. Azken erlojupekoan ere aurrean izan ginen, eta garrantzi handia ematen diot horri, ez delako diziplinarik onena guretzat, eta bukaerara arte lehiatu garela erakusten duelako, gure lehen itzuli handia izan arren. Ziklisten inplikazioa goraipagarria izan da, errendimendu fisikoa bezalaxe.

Bizkarraren saialdia aipatu duzu. Zazpigarren izan zen etapa hartan, baina oso gutxi falta izan zitzaion liderrak ezustean hartzeko. Gertu ikusi zenuen garaipena?

Azkenean Champoussin izan zen ustekabekoa eman zuena, baina Mikel ere izan zitekeen. Champoussin ez zen ikusi ere egin, azken unean agertu zen arte. Mikeli beldurrik ez izateko esan nion, eta unea bila zezala. Markaketa handia zegoen faboritoen artean. Mikelek bazuen indarra irabazteko, eta horrekin gelditzen gara.

Bizpahiru eraso egin zituen. Estaliago egon izan balitz, akaso bukaeran aukera gehiago izango zukeen.

Oso txirrindulari suharra da; oso azkar berotzen da. Berak piztu zuen sua azken igoeran, baina ez zioten ihes egiten utzi. Gero, uste dut oso ongi moldatu zela, kapaz izan zelako behin eta berriz liderren parera iritsi eta aurrera egiteko. Irakaspenak ere aterako ditugu etorkizunera begira, baina orain ez da ezer leporatzeko garaia, egindako lanarekin harro egotekoa baizik.

Beste beteranoen mailarekin ere pozik zaude? Izan ere, Lobato, Iturria eta Mate ez dira askorik nabarmendu.

Itzalpeko lan asko egin dute haiek. Duten eskarmentua eta jarrera oso lagungarria zaigu guztioi. Errespetu handia zaie tropelean, eta horrek segurtasuna ematen dizu: badakizu zure txirrindulariak ondo kokatuta egongo direla. Emaitzez harago, beharrezkoak dira halako txirrindulariak. Funtsezkoak izan dira azken hilabetean giro aproposa izan genezan.

Denboraldiaren hastapenean azaldu zenuen gazteen garapenaren araberakoa izango zela taldearen arrakasta. Bada, Vueltan garbi ikusi da aurrerapausoa eman dutela.

Hala da, eta aurten egiten ari direnak datorren urtean urrats are handiago bat egiteko balioko die, konfiantza nahiz errendimendu aldetik. Izan ere, itzuli handiek beste puntu bat ematen dizute fisikoki. Soto ikaragarri ibili da; Azparrenek oso ihesaldi onak hartu ditu, eta sekulako maila eman zuen azken erlojupekoan; Bouk presentzia handia eman digu... Ezin zaie gehiago eskatu. Oso itxaropentsu nago aurrera begira eman dezaketenarekin.

Errepide bazterrean zaleen marea laranja berpiztu dela sentitu duzue?

Zalantzarik gabe. Zoragarria izan da zaleen babesa sentitzea. Txirrindulariak txundituta gelditu dira. Nik badakit zer den hori ziklista moduan bizitzea, eta ez dauka parekorik. Uste dut hori dela gainerako taldeekiko dugun abantaila.

Lasterketa barrutik, nola ikusi duzu nagusiko borroka?

Gu beste dimentsio batean gaude, eta apur bat urruti ikusi dugu. Bosgarren nor zegoen ere ez nekien. Roglic, Mas eta Lopez ziren indartsuenak, eta haien taldeek zuten ekimena; baina, bestela, ez geunden haiei begira, arreta osoa ihesaldien borrokan jarri behar baikenuen.

Hautsak harrotu ditu Lopezen erretiroak. Zer iritzi duzu zuk?

Oso zaila izan behar du kudeatzeko. Lagunak dauzkat Movistarren lantaldean, eta badakit ez dela batere samurra izango halako egoera batean egotea. Niri ez zitzaidan batere gustatu Lopezek egin zuena. Ziklista batek egin behar duen azken gauza da lasterketa bat modu horretan uztea.

Zuei, ordea, nahieran ari zaizkizue ateratzen gauzak. Bigarren urtea duzue Pro Team mailan, eta bi garaipen lortu dituzue: Murtzian eta Alentejon. Non egon nahiko zenukete hemendik urtebetera?

Pixkanaka goaz. World Tourreko probetan debuta egin dugu aurten, eta hori nabaritu egingo dugu datorren sasoian, berriz ere harrobia ardatz hartuta. Garaipenak oso garesti daude, eta aurten bi lortu izana akuilu handia da. Eta, emaitzak alde batera utzita ere, oso denboraldi aberasgarria ari da izaten. Norabide egokian gaude, aurrez ezarritako planak aurrera ari garelako ateratzen. Puntakoak izan daitezkeen ziklistak ditugu, baina hori urteekin iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.