Lourdes Oiarbide. Movistarreko txirrindularia

«Helburu garbien falta nabaritzen nuen, eta taldeak entzun egin nau»

Planteamendu aldaketa egingo du aurten Oiarbidek, eta lasterketa jakin batzuk «buru-belarri» prestatuko ditu. Sei urte daramatza Movistarren. Langile estimatua da taldean.

MOVISTAR.
enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Denboraldi berriaren prestaketari azkena ematen ari zaio Lourdes Oiarbide (Egino, Araba, 1994). Egunotako elurrak ez du etxean harrapatu. «Igandean Kanaria Handitik itzuli nintzen, eta orain Katalunian nabil. Urtarrilean, kanpora joatea da onena». Hilaren 29an itzuliko da lehiara, Almeriako klasikoan. Egutegian itzuli handiak dauzka biribilduta. «Van Vleutenek jende indartsua behar du alboan, eta oso erronka polita da niretzat».

Nolakoak ari dira izaten lehiara itzuli aurreko asteak?

Entrenamenduari dagokionez, gogorrak. Aurrez erresistentzia landu dut, errepidean ordu asko igaroz, eta, orain, serie bidezko lanketa ari naiz egiten. Saio motzagoak dira, baina gogotik estutu behar izaten dut. Orokorrean, pozik nago egin dudan prestaketarekin. Hasieran, korrika apur bat egin nuen mendian. Asko gozatzen dut. Denboraldian zehar, zaila izaten da halako etenaldiak egitea. Bizikletari itsatsita izaten gara.

Zuk bereziki, atseden hartzeko beta gutxi izaten duzu behin sasoia hasita. Iaz, adibidez, 49 lasterketa egun pilatu zenituen.

Taldean gehien lehiatu den txirrindularia izan naiz azken urteetan. Egia da denboraldi batzuk luze samarrak egin zaizkidala, gorputzak atsedena eskatu didalako. Baina, tira, gauzak ondo atera dira, eta taldeak konfiantza izan du nigan. Ondo moldatzen naiz mota guztietako lasterketetan, eta prest nago beti taldeari laguntzeko. Hori bai, aurten proba jakin batzuetan zentratu nahiko nuke. Denboraldi osoan erregularra izaten naiz, baina horrek ez dizu aukera ematen lasterketa jakin batzuk buru-belarri prestatzeko. Helburu garbien falta nabaritzen nuen, eta taldeak entzun egin nau.

Zeintzuk izango dira helburu horiek?

Denboraldi hasieran, Almeriako eta Valentziako lasterketetan ariko naiz. Gero klasiko batzuetan lehiatuko naiz Belgikan, eta, ondoren, hilabete bat emango didate Espainiako Vuelta prestatzeko. Hara ondo iristea gustatuko litzaidake. Annemiekek [Van Vleuten] jende indartsua behar du alboan, eta oso erronka polita da niretzat. Geroago, Italiako Girora joateko ere aukera asko dudala esan didate. Buru-belarri prestatu nahiko nuke.

Seigarren urtea duzu Movistarren. Taldearen sorreraz geroztik bertan jarraitzen duten lau txirrindularietako bat zara. Oso lan ona egiten ari zaren seinale.

Bai, oso gustura nago. Movistarrek profesional izateko aukera eman zidan duela sei urte, eta uste dut ondo ari naizela aprobetxatzen. Urterik urte aldaketa handiak ari dira gertatzen taldean: geroz eta txirrindulari indartsuagoak dauzkagu, eta helburuak handiagoak dira. Ni eroso nago, ondo moldatzen naiz taldekideekin, eta gogoz nago taldearekin batera hazten jarraitzeko.

Nolakoa da Van Vleuten bezalako izar handi batekin besoz beso lan egitea?

Taldera iritsi zenean, izututa nengoen. Munduko txirrindularirik onena taldekide izateak presioa eragiten dizu. Baina, behin hura ezagututa, lasaitu egin nintzen. Pertsona normala da. Lasterketetan gauzak oso argi ditu, eta ondo daki zer behar duen momentu bakoitzean bere taldekideengandik. Horrek asko laguntzen du. Horretaz aparte, motibazio handia da harekin jardutea: badakizu edonon irabaz dezakeela, eta zure laguntza behar duela horretarako. Horrek hobetzera bultzatzen zaitu. Denok batera ondo egiten dugunean lan, garaipenak nire sentitzen ditut.

Denboraldi historikoa osatu zuen iaz: Giroa, Tourra, Vuelta eta Munduko Txapelketa irabazi zituen. Talde barruan nola bizi izan zenuten?

Berak egiten duena ezin du beste inork egin. Sinestezina da. Dena irabazi nahi zuela esan zigun denboraldi hasieran. Ondo dago helburu handiak izatea, baina oso zaila da denak lortzea. Ordea, ikustekoa da nola lan egiten duen. Ikaragarri metodikoa da, eta sufritzeko ahalmen izugarria dauka. Gainera, entrenamendu karga handiak oso erraz barneratzen ditu. Lesio batzuk izan zituen denboraldian zehar, baina ez zuen helburu bakar bat ere baztertu nahi izan. Burugogorra da. Azkenean, oztopo guztiak gainditu zituen, eta nahi zuen guztia irabazi. Ez dago bera bezalakorik.

Talde lanean ekarpen handia egiten duzu. Aurten, helburu zehatzagoak izanik, garaipenen bat lortzen ere saiatuko zara?

Ez da hori nire helburua. Agian, Espainiako Txapelketan bai lor dezaket emaitza on bat, eta helburu pertsonal moduan har dezaket. Askatasuna izango dut horretarako. Erlojupeko proba alde batera utzi dut azken urteetan, baina ondo prestatzen saiatuko naiz aurten. Vueltara eta Girora, ordea, besterentzat lan egitera joango naiz, ez neronek emaitza on bat lortzera.

Klasikoetan ondo molda zintezke, indar handiko txirrindularia izaki. Ez dituzu helburu gisa hartu nahi?

Oso lasterketa politak dira, baina gogorregiak egiten zaizkit. Fisikoki bainoago, psikologikoki bukatzen duzu nekatuta. Tentsio handia dago, eta oso luzeak dira. Porru eginda bukatzen duzu. Ez ditut hainbeste gozatzen. Egia da iaz nahiko ondo moldatu nintzela. Adibidez, aurrenekoz aritu nintzen Paris-Roubaixen. Asko sufritu nuen belodromora iristeko. Bizitzan gutxienez behin egiteko lasterketa bat da. Hori bai, aurten ez dut errepikatuko.

Hamar urte dira Bizkaia-Durangon debuta egin zenuela. Zer gogoeta egiten duzu?

Ufa, hamar urte! Oso azkar pasatu zait denbora. Gauzak izugarri aldatu dira. Orokorrean, emakumeen txirrindularitza asko aldatu da; hoberako. Lasterketen antolakuntza, taldeen egitura, materiala... Dena da hobea orain. Oso eskertuta natzaio Bizkaia-Durangori, nire lehen bost urteetan eman zizkidan aukerengatik. Hasieran, lehentasuna eman nien ikasketei. Pentsaezina zen niretzat orain nagoen tokira iristea. Mugarria 2017ko sasoia izan zen: ikasketak bukatuta, aurrerapausoa eman nuen, eta Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazi. Movistar erakarri nuen.

Emaitza aldetik, 2019an aritu zinen ondoen: Burgosko Itzuliko etapa bat eta Espainiako errepideko txapelketa irabazi zenituen.

Oso urte polita izan zen. Gero, pandemiaren urtea nahiko gogorra izan zen. Konfinamenduan oso gaizki pasatu nuen, eta, kalera irtetean, gehiegi entrenatu nintzen. Erreta nengoen. Sentsazio eta datuetan, iazko denboraldia izan zen onena. Emaitzetan ez zen islatu, baina inoiz baino hobeto eta egonkorrago aritu nintzen. Aurten beste koska bat igo nahi nuke.

28 urte dituzu. Urte asko gelditzen zaizkizu txirrindularitzan?

Ez dakit. Urte honetarako kontratua daukat taldearekin. Bertan jarraitzeko aukera izango dut, eta egia da kanpoan ere aukera asko dagoela. Oraingoz, ez dut bizikletatik jaisteko ez datarik, ez asmorik. Baina argi dut utzi egingo dudala nire hobekuntza eteten denean. Ez dut atzerapausorik eman nahi. Hainbat plan ditut ondorengo bizitzarako, eta horrek lasaitasuna ematen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.