Helburu bera dute, baina beharra ez

Realak joera txarra eten nahi du gaur, Valladoliden: lau puntu besterik ez du lortu lehen sei jardunaldietan. Osasuna, berriz, indartsu ari da etxean, eta bolada on horri eutsi nahi dio gaur Sadarren, Las Palmasen aurka.

Ander Barrenetxea Mallorcako Antonio Sanchez gainditu nahian. CATI CLADERA / EFE
Ander Barrenetxea Mallorcako Antonio Sanchez gainditu nahian. CATI CLADERA / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko irailaren 21a
05:05
Entzun

Realak eta Osasunak gaur jokatuko dituzte Espainiako Lehen Mailako seigarren jardunaldiko partidak: txuri-urdinak etxetik urrun ariko dira, Valladoliden (Espainia), 14:00etan (DAZN); gorritxoek, berriz, Sadarren jokatuko dute, Las Palmasen aurka, 16:15ean (Movistar La Liga).

Helburu bera dute biek: irabazi egin nahi dute. Baina batek eta besteak ez dute behar bera. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago: Osasunak zazpi puntu lortu ditu bost jardunalditan. Realak, berriz, lau seitan —partida bat gehiago jokatu du—. Nabarmena da aldea. Askoz premia handiagoa du Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak.

Argi gorria piztua dago Zubietan. Taldea ez da horren gaizki aritu Imanolek hasieratik taldea zuzendu duen sei sasoietan. Aitzitik, ohituta zegoen ondo hastera: aurreko denboraldian aritu zen okerren, eta bederatzi puntu lortu zituen. Oroitzapen oso txarreko garaira egin behar da atzera horren uzta eskasa baten berri izateko: 2006-2007 sasoian, maila galdu zuen azken aldian, puntu bakarra zuen lehen sei partidak jokatu ondoren. Oso goiz da halakoetan pentsatzeko, baina egoera zaila da, aspaldiko okerrena, eta heldu egin behar zaio. 

Imanolek Mallorcaren aurka jokatu aurretik esan zuen Real Madrilen aurka egindakoa dela bidea, baina horrek «ezer gutxirako» balio duela «irabazi ezean eta, batez ere, segidarik eman ezean». «Taldearen erantzuna» ikusi nahi zuela azpimarratu zuen, eta ez zedila izan «egun bateko kontua». Bada, halaxe izan zen: egun bateko kontua. Real Madrilen aurka ikusi ziren argi printzak itzali egin ziren asteartean Palman (Herrialde Katalanak). Gaizki aritu ziren berriro txuri-urdinak.

Gaur beste aukera bat dute bide zuzena hartzeko. Talde igo berri bati egingo diote bisita: Valladolidi. Espainiako taldeak lau puntu ditu, Realak bezala. Etxean lortu ditu guztiak: 1-0 irabazi zion Espanyoli lehen jardunaldian, eta hutsean berdindu zuen Leganesekin hirugarrenean. Etxetik urrun, aldiz, ezinean ari da, baina kontuan hartu behar da Real Madrilen eta Bartzelonaren kontra jokatu duela: espainiarren aurka 3-0 galdu zuen, eta katalanen kontra, 7-0. Azken jardunaldian, berriz, 3-1 galdu zuen Celtaren aurka. Realak badaki: Valladolid inon arriskutsua bada, bere zaleen aurrean da.

Imanolek atzo eman zuen partida atariko prentsaurrekoa, eta bertan adierazi zuen «oso lasai» dagoela. «Badakit zer egiten dugun ondo eta zer gaizki, eta nik gutxi hitz egiteko momentua da. Izan ere, egoera ez da erraza. Baina aldi berean ilusio handiarekin nago». Valladolidek zelaian erakusten duen «ausardia eta nortasuna» nabarmendu zituen. Ez zuen baztertu gaurko partidarako marrazkia aldatzea. Brais Mendez eta Javi Lopez ez dira osatu. 

Sadar, gotorleku

Realaren aldean, lasai daude Osasunan. Baina horrek ez du esan nahi zer hobetua ez dagoenik. Etxean otso eta kalean uso dabil: zazpi puntu ditu, eta guztiak Sadarren lortu ditu: Mallorcari (1-0) eta Celtari (3-2) irabazi die, eta Leganesekin berdindu (1-1). Etxetik urrun, aldiz, eskas dabil, galdu egin baititu jokatu dituen bi partidak: Gironak 4-0 irabazi zion, eta Rayo Vallecanok, 3-1. 

Astelehenean jokatu zuen Vallecasen, eta Montilivin baino hobeto aritu zen, baina ez nahikoa punturen bat lortzeko. Gorritxoek sartu zuten lehen gola, baina Rayoren berdinketak jota utzi zituen, eta etxeko taldeak beste bi sartu zizkien gero. Vicente Morenok eta jokalariek azpimarratu zuten ezin diela horrenbesteko min egin gol bat jasotzeak.

(ID_14260935) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Raul Garcia de Haro baloia babesten, Rayoko Florian Lejeunen aurrean. JUANJO MARTIN / EFE

Gaur, ordea, etxekoen babesean ariko dira. Helburua argia da: joeraren alde onari eustea; hau da, etxean indartsu jarraitzea. «Egia da eraikuntza fasean gauden talde bat garela. Baina etxean jokatzen du, eta ederra da. Sadarren oso babestuta sentitzen gara», esan zuen atzo Morenok. Aukera ona dirudi gaurkoak, Las Palmas eskas ari baita: bi puntu baino ez du lortu, biak bere estadioan, beti itzuli baita esku hutsik etxera: Leganesek 2-1 irabazi zion lehen jardunaldian, eta Alavesek 2-0 laugarrenean. Azken jardunaldian ere galdu egin zuen, Athleticen aurka: 2-3. Baina gorritxoen teknikaria ez da fio. «Kalitate handiko taldea da Las Palmas, baloia denbora luzez izatea gustuko duena. Sufritu egin beharko dugu irabazteko». Budimir hasierako hamaikakora itzuliko da.

Reala eta eibar etxetik urrun arituko dira

Bolada oso desberdinean ekin diote Realak eta Eibarrek sasoiari. Jose Luis Sanchez Verak zuzentzen duen taldeak jokatutako bi norgehiagokak galdu ditu; Yeray Martinak, berriz, irabazi egin ditu. Gaur hirugarren jardunaldiari dagokion neurketa jokatuko dute. Reala Levanteren zelaian arituko da, eta Eibarrek Granadari egingo dio bisita. Neurketak 12:00etan jokatuko dira (DAZN). 

Talde txuri-urdinean, Nahia Aparicio deialdian da,  20 urtez azpiko Munduko Kopa jokatu ostean. Eibarren, haatik, Andrea Sierrak eta Nati Canok min hartuta jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.