Gertu izan du urrea gaur ere Heidi Gaugain txirrindulariak. Jada, zilarrezko hiru domina lortu ditu Parisko Paralinpiar Jokoetan. Lehena pistan lortu zuen, 3.000 metroko jazarpeneko proban, C5 modalitatean. Bigarrena ere C5ean lortu zuen, banakako erlojupeko proban. Pistan, bi segundora eduki zuen urrea, eta erlojupekoan, laura. Gaur, are eta gertuago izan du. Esprintean erabaki da C4-5 modalitateko errepideko lasterketa, eta, berriz ere, Gaugainek bigarren amaitu du. Erlojupekoan bezala, Sarah Storey britainiarra gailendu zaio Lapurdin bizi den ziklistari.
Parisen ipar-ekialdean dago Clichy-sous-Bois herria, eta han egin dute lasterketa. Txirrindulariek bost itzuli eman behar izan dizkiote 14 kilometro pasatxoko zirkuitu bati; guztira, 71 kilometro osatuz. Onenen artean ibili da Gaugain une oro, eta, azkenean, beraren eta Stoyren artean erabaki da lasterketa. 46 urteko britainiarra azkarragoa izan da 19 urteko Gaugain baino. Bien atzetik, hogei segundora iritsi da Paula Andrea Ossa kolonbiarra.
Errepideko proba eta erlojupekoa irabazi ditu Storeyk, eta Paralinpiar Jokoetako izen handietako bat da. 1992an hartu zuen parte lehen aldiz, Bartzelonako Jokoetan. Orduan, igeriketan aritzen zen. 2008an irabazi zuen txirrindularitzako lehen domina, Pekinen. Eta, ordutik, hamalau urrezko domina kolkoratu ditu. Bi gurpilen gainean eskuratutako horiei aurrez igeriketan lortutakoak batuta, britainiarrak 30 domina lortuak ditu Paralinpiar Jokoetan.