Asteazkenean, eguerdiak jo berritan hitz egin du BERRIAk Aretz Iginizekin (Hendaia, Lapurdi, 1983), Jean Dauger estadioko aldagelan.
Toulonen aurka Anoetan jokatuko duzue bihar. Presio gutxirekin izanen da, mailari eustea ziurtatuta duzuelako. Nola ikusten duzu partida hori?
Presio gutxirekin ariko gara, aurretik etxeko lanak egin ditugulako. Jende anitz etorriko da, eta partida polita egiten entseatuko gara. Sasoi bukaeran partidak lasaiago jokatzen ahalko ditugu, eta hori gauza ona da. Hala ere, Toulon aurkari lanjerosa izanen da. Top 14ko talde onenetarikoa da, eta irabazteko gogoz etorriko da. Guk joko polita egin nahiko dugu, Anoetara hurbilduko diren zaleentzat.
Toulonek jakinarazi du jokalari batzuei atseden emanen diela [Michalak min hartuta dago, eta Wilkinson eta Giteauk ez dira ariko]. Zer asmorekin espero duzu Toulon?
Udaberria hurbiltzen ari da, eta kanporaketa zuzenen garaia ere bai. Hori prestatzen hasiko da Toulon [Heineken kopako final-laurdenetarako sailkatu da, eta Top 14ko finalerdiak jokatzeko oso postura onean da]. Hala ere, denek irabazi nahi dute, eta argi ibili beharko dugu. Touloneko jokalari guztiak dira maila onekoak, eta usaian ari ez direnek aukera izanen dute. Hamabostekoan lekua irabazteko motibazioz ariko dira, eta guretzat ez da bortxaz berri ona.
Jende anitz espero da Donostian: 28.000 lagun inguru. Plazer egin behar du, gisa horretako partida bereziak jokatzeak, ezta?
Ez dugu horren usaiarik. Jean Daugerren 17.000 ikusle arte sartzen dira. Anoetan 10.000 gehiago izanen dira, ez da gauza bera. Guretzako, final-laurden bat bezala izanen da. Festa polita izanen da zelaian eta harmailan, eta motibazio berezi horrekin ariko gara.
Sarreren %11 Hego Euskal Herriko zaleek erosi dituzte.
Partida horren berezitasun bat bada hori, eta, nire ustez, gauza polita da. Hego Euskal Herriko zaleei errugbi partida handi bat eskaintzea garrantzitsua da. Badago mugimendua errugbiaren inguruan, eta errugbi zaletasuna bultzatzeko balio dezake.
Hego eta Ipar Euskal Herriaren errugbiaren arteko zubia egiteko balio dezake partidak?
Horretan lagunduko du, behintzat. Hegoaldean bada sekulako maila jokalari aldetik. Oraindik, zorigaitzez, oztopo anitz ikusten ditut. Eta, nire ustez, hemen dira oztopo gehienak. Ate guztiak ez ditugu ireki. Proiektu anitz baliteke hemen egiteko. Gazteak hartu, trebatu eta saiatu Baionan edo Miarritzen profesionaletara eramaten. Zerbait egin nahi badugu, gazteekin lan egin behar da, eta, horretarako, Iparraldeko klubek atea ireki behar diete.
Zuk zeuk jarraitzen al dituzu Hego Euskal Herriko taldeak?
Egia erran, ez nahi nukeen bezain beste. Duela hilabete batzuk Ordizian izan ginen Baionarekin, lanean. Gainerakoan, badakit talde dezente badaudela Espainiako Lehen Mailan, baina partidarik ez dut ikusten, denbora faltaz.
Jokalari euskaldun gutxi daude elitean. Zu bazara Baionan euskaltasunarenordezkaria. Nola sentitzen zara?
Ongi. Euskalduna naiz, eta nire etxean nago. Ez dut zertan lotsatu. Euskaldun gutxi gaude Top 14an, eta Baionak batzuetan erabili egiten nau, kazetariekin euskaraz aritzeko, Hego Euskal Herrian prentsaurrekoak egitean. Baina, hori ona da. Klubean badago borondate bat euskal nortasuna lantzeko, nahiz eta gutxi egiten den euskararen aldetik, adibidez.
Horren adibide, Baionan Korrikaren alde kilometro bat egingo duzuela.
Bai, testigua Mathieu Ugaldek eta Francois Carrillok hartuko dute. Haiekin batera egonen gara Mike Phillips eta biok. Phillips pozik dago eman dioten aukerarekin, Galeseraren alde parte hartzen duelako.
Harrobiko zenbait gazte ari dira lehen taldean sudur punta erakusten. Nola ikusten duzu etxeko jokalariak elitean aritzeko aukera?
Euskal Herrian, beste lekuetan bezala, maila bada horretarako. Baiona saiatzen ari da harrobia lantzen, baina fisiko aldetik oso exijentea da errugbia. Lan anitz eskatzen du. Elitean oso leku gutxi dago. Gazte horiek harrobitik haztea garrantzitsua da, bainabestelako prestakuntza jasodezaten ere bai. Hamarretik bat edo bi iritsiko dira Top 14ra, eta bazterrean gelditzen diren gazte horiek aterabide bat izan behar dute.
Anitz ari zara jokatzen. Entrenatzaileen konfiantza baduzu.
Hori pozgarria da. Zuregan konfiantza dagoela ikusteak on egiten du. Gainera, kontratua berritu dut orain gutxi, eta 2016 arte egonen naiz klubean. Ez dut kexatzeko arrazoirik.
Beste sasoietan ez bezala, partidak hasi eta bukatu jokatzen dituzu. Fisikoki nola daramazu hori?
Egia da ez dela erraza. Harroina naiz, eta postu horrek neke handia eragiten du. Zaila da hori eramaten, batzuetan. Aste barruan ere, partida osoa jokatuko dudala jakinda, prestaketa ez dut berdin egiten. Ongi leheneratzea garrantzitsua da. Orain arte, min ez hartzeko zortea izan dut, eta horrek ere laguntzen du.
Entrenatzaileek hamabosteko bertsua zelairatzen dute usu. Nola darama taldeak hori?
Entrenatzaileen hautua errespetatu beharra dago. Anitz jokatzen ez dutenentzat ez da erraza. Konfiantza galtzen duzu horrelakoetan, eta aukera ukatean zaila da gauzak biribil ateratzea.
Baionaren arazoa aulkiaren ahultasunean omen. Zer iritzi daukazu?
Jokalari onak ditugu postu guztietan. Entrenatzaileek erabaki dute aldaketa gutxi egitea, eta errepestatu beharra dago. Gainera, oraingoz fruitua ematen ari da.
Aitzinean talde sendoaren ospea du Baionak. Harroin batentzat pozgarria da hori, ezta?
Egia da uztartzeetan eta eskasetan ongi ari garela. Defentsan ere oinarri sendoa daukagu. Nahiz eta partida batzuetan entsegu anitz hartu; oro har, ongi gabiltza.
Sasoia gaizki hasi zenuten, baina gora egin duzue. Sasoi bukaeran hurrengoa prestatzen hasiko zarete?
Sasoia gaizki hasi genuen. Hala ere, badira bi hilabete hobeto ari garela. Sasoia lasai bukatzeko aukera dugu. Joko politagoa egin nahi dugu, hurrengo sasoia olatu onean hasteko.
Nora irits zaitezke hurrengo sasoian?
Jokalari onak ditugu. Sasoi hasieran kostatu zitzaigun bat egitea, baina anitz hobetu dugu gero. Horrela segituz gero, hurrengo sasoian gorago joaten ahalko gara sailkapenean.
Aretz Iginiz. Baionako jokalaria
«Hegoaldean bada maila, eta Iparraldeko taldeek atea ireki behar diote»
Baiona Toulonen aurka ariko da bihar Anoetan, eta Aretz Iginiz pozik dago horregatik. Partidak Ipar zein Hego Euskal Herriko errugbiaren artean zubiak eraikitzeko balio dezala nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu