Hegazkinak lur hartu du

Imanol Agirretxek futbola uztea erabaki du, azken urteetako lesioengatik. «Harro eta zoriontsu» amaitu du ibilbidea: «Realean aritzea guztia izan da niretzat»

Imanol Agirretxe, Realaren lehen taldearekin sartutako lehen gola ospatzen. 2005eko maiatzaren 15ean izan zen, Anoetan, Malagaren aurka. J. C. RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Amaitu dira Imanol Agirretxeren (Usurbil, Gipuzkoa, 1987) hegaldiak. Realeko aurrelariak iragarri du futbola uztea erabaki duela, eta zale txuri-urdinek gehiago ez dute ikusiko Agirretxe besoak zabalduta golak ospatzen. Atzo eman zuen jokatzeari uzteko erabakiaren berri; sare sozialetan mezu bat zabaldu zuen lehenengo, eta prentsaurrekoa eman zuen gero. Han xehatu zituen erabakiaren nondik norakoak.

Lesioek aurreratu dute usurbildarraren agurra, baina «harro eta zoriontsu» amaituko du 11 urteko ibilbidea. Agirretxeren esanetan, kontuan izanda nola dagoen, «erabakirik onena» hartu du, eta pozik agertu da Realean izan duen bilakaerarekin: «Realean sartutako golik ez nuke aldatuko beste kluben milioien truke».

«Realeko jokalari izatea guztia izan da niretzat. Lehen taldera igaro nintzenean, futbol jokalari izatetik Realeko jokalari izatera egin nuen jauzi, eta horrek egin nau zoriontsuen». Alabaina, usurbildarrak «igarri» du pauso bat eman eta ibilbidea eteteko garaia dela: «Egun zoriontsua da, egon nahi nuen lekuan amaituko baitut ibilbidea. Realean aritzea gertatu zaidan gauzarik onena izan da».

Agirretxeren agerraldiak txiki utzi du Zubietako prentsa aretoa, eta gimnasioan egin dute prentsaurrekoa; bertan izan dira taldekideak, klubeko ordezkariak eta jokalariaren gertukoak. Jokin Aperribai Realeko presidentea izan da lehena hitza hartzen, eta Agirretxeren jarrera azpimarratu du: «Zure iritzia beti izan da interesgarria, eta sekula ez interesatua. Mila esker zaren modukoa izateagatik».

Halaber, Aperribaik azaldu du «biak batera» iritsi zirela orain duten postuetara, eta aurrerantzean ere elkarren bideak lotuta jarraitzeko eskaintza egin dio presidenteak. Realak Klubean lan egitea eskaini dio; Agirretxek ez du aukera hori baztertu, baina oraingoz «atseden hartzea» besterik ez du buruan. Litekeena da etorkizunean harrobiko gazteekin lanean aritzea.

Jokalariak zehaztu du atzo zortzi hartu zuela taldea uzteko erabakia: «Azken lesioak ikusarazi dit uzteko garaia dela, niretzat ibilbide distiratsua izan denari amaiera ematekoa». Hala, Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariari jakinarazi zion lehendabizi, eta jokalariei gero: «Hasieran shock moduko bat izan zen aldagelan».

Aurrelari txuri-urdinak 2020ko ekainera arte zuen kontratua, baina espero baino lehen amaitu behar izan du bere ibilbidea. 2015eko abenduaren 30ean hasi zen usurbildarraren amesgaiztoa; Keylor Navas Real Madrileko atezainak lesio bat egin zion orkatilan, eta geldirik egon behar izan zuen bi urtez. Osatu zen, baina ordutik behin eta berriz egon da min hartuta.

Alabaina, argitu du ez duela sentitzen Navasekiko amorrurik: «Alferrikakoa litzateke hori; amorruak ez narama inora. Izan nezakeen amorru guztia lanarekin aldatu dut, nire mailarik onenera itzultzeko».

Gogotik saiatu da Agirretxe, eta 2015eko lesio hartatik itzultzea lortu zuen 2016ko otsailean. Ez nolanahi, gainera; Malagaren aurka galtzen ari zen Reala, eta aulkitik aterata partida berdintzea lortu zuen usurbildarrak. Salbuespena izan zen ordukoa, ez baitzegoen erabat osatuta, eta berriz erori zen lesioen zuloan. Kalbarioak ez du etenik izan ordutik, eta azkenerako futbola uztera behartu du.

Aurrelari txuri-urdinak gogora ekarri ditu urte hauetan guztietan alboan izan dituenak: zuzendaritzako kideak, taldekideak, Zubietako langileak eta etxekoak izan ditu gogoan, eta hunkitu egin da haiek aipatzean: «Zuek gabe, hau guztia ez litzateke posible». Zaleenganako esker hitzak ere izan ditu, eta azpimarratu du haien babesak «zoriontsu» egin duela: «Maitasun handia jaso dut. Zelaian eta zelaitik kanpo maitatua sentitu naiz, eta hori da handiena niretzat. Nirekin eramango dut hori».

Ibilbide txuri-urdina

Donostiako taldean urterik gehien zeramanetako bat zen Agirretxe. Xabi Prietoren erretiroaren eta Alberto De la Bellaren nahiz Carlos Martinezen salmenten ostean, bera eta David Zurutuza ziren 2010eko igoeratik taldean zeuden bakarrak. Usurbildarraren ustetan, baina, belaunaldi aldaketak ez du Reala bere balioetatik urrunduko: «Esku onetan uzten dut lekukoa. Harrobitik igo direnek ulertua dute zer den Reala; harrobitik kontzientziatuta datoz. Badakite zeintzuk diren gure balioak, eta ez dut zalantzarik betiko transmisio horri eutsiko diotela».

Gazte mailetan hasi zen bera ere txuri-urdinen elastikoa defendatzen. Antiguokon hasi zuen ibilbidea, eta Athleticera joan zen gero. Lezaman bi urtez aritu ostean, Zubietara egin zuen jauzi, eta jaioterritik gertu aritu izan da ordutik. 2005ean egin zuen debuta lehen taldearekin, Getaferen aurka, eta urte hartan bertan sartu zuen lehendabiziko gola. Malagaren aurka izan zen, Anoetan, 1-3 galdu zuten partida batean.

Castellora (Herrialde Katalanak) joan zen gero, utzita, eta handik itzulita Realaren bigarren taldean aurkitu zuen lekua, lehen taldera igo zuten arte. Ordutik, jokalari garrantzitsua izan da txuri-urdinentzat, eta erreferente bilakatu da aurrealdean. Guztira, 272 partida jokatu ditu Realarekin, eta 75 alditan sartu du gola. 2012-2013 sasoia izan da Agirretxeren onena, 14 gol sartuta. Aise gaindituko zuen marka hura 2015-2016 denboraldian, min hartu izan ez balu, bederen; 12 gol zeramatzan lehen itzulia amaitu aurretik. Euskal selekzioarekin ere aritutakoa da; bost aldiz jokatu du, eta bi gol erdietsi ditu. 2012an sartu zituen, partida berean, Tunisia aurkari zutela.

Klubak omenaldia egingo dio irailaren 15ean. Anoeta eraberrituko lehendabiziko partidan izango da, eta Bartzelona izango dute aurkari. Hain justu, kataluniarren aurka sartu zuen Agirretxek bere golik entzutetsuena. San Sebastian egunaren bezperan izan zen, 2013an. Azken minutuan sartutako gol harekin, Realakpartida irauli zuen, eta zoramena lehertu zen harmailan. Azaldu du, baina, golik gustukoena iazko denboraldi-aurrean Herbehereetan sartutako bat dela; lesio larrienetik atera berritan izan zen. Orduan, bazirudien hegazkina berriz aireratuko zela, baina lur hartzera behartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.