Daniela Ryf eta Jan Frodeno

Hegan ere egiten dute

Bigarren urtez jarraian irabazi dute Hawaiiko ironmana, nagusitasun handiz gainera. Frodenok bost minutuan hobetu du munduko marka, eta Ryfek hogeita bat minutura utzi du bigarren sailkatua.

Suitzako bandera eskuetan hartuta. BRUCE OMORI / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Igeri, bizikletan ibili, korrika egin... eta hegan ere bai. Jan Frodeno eta Daniela Ryfen kasuan bai behintzat. Biek ala biek bigarren urtez jarraian irabazi dute Hawaiiko (AEB) Ironmana, edo beste modu batera esanda, distantziako munduko txapelketa. Iaz egin bezala herenegun ere eurek altxatu zituzten besoak Konako helmugan. Biek ala biek, gainera, nagusitasun handiz irabazi zituzten probak.

Faboritoak ziren biak, eta iragarpenak bete zituzten. Ironman batean faborito izateak, baina, ezer gutxirako balio du, hain proba luze batean edozer gauza irten daiteke gaizki, eta dena pikutara joan daiteke. Ryf eta Frodeno, baina, fidagarriak dira, eta ez zuten hutsik egin. Frodenok, gizonezkoetan, munduko marka hobeto eta guzti egin zuen, eta ez nolanahi, ia sei minutu hobetu baitzuen (5.54). Alemaniarrak zazpi ordu 39 minutu eta 35 segundo behar izan zituen 3.800 metro igerian —itsasoan—, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika egiteko.

Frodenok lau minuturen aldea atera zion Sebastian Kienle bigarren sailkatuari, eta bost Patrick Lange hirugarrenari —alemaniarrak hirurak—. Frodenok nagusitasunez irabazi zuen, baina, aldeari erreparatuz gero, Daniela Ryfen garaipen are ikusgarriagoa izan zen. Suitzarrak (8.46.46) 21 minuturen aldea atera zion Mirinda Carfrae zeelanda berriarrari (9.10.30). Hirugarrena Heather Jackson estatu batuarra izan zen (9.11.32). Bientzat, bigarren garaipena izan zen, eta, alde horretatik, urrun dituzte Hawaiiko mitoak. Paula Newby-Fraserrek zortzi aldiz irabazi zuen proba, eta hark du garaipen bildumarik handiena. Gizonezkoetan, berriz, Dave Scottek eta Mark Allenek seina aldiz irabazi zuten.

Frodeno eta Fys bi makina dira. Fys ez zen askorik nabarmendu triatloi motzagoetan baina Ironmanetan aurkitu du bere lekua. Egunean hiru entrenamendu saio egiten ditu: bost kilometro igerian, hiru ordu bizikletan eta gero korrika. Prestaketari dagokionez, baina, gehien ezagutzen duen arloa elikadura da. Izan ere, Fysek elikadura zientziak ikasten ditu Bernako Unibertsitate batean. Adierazi duenez, elikadurak txunditu egiten du. Atzoko, besteak beste, espresuki jaki bat diseinatu zuen beste elikagai batzuekin batera proban zehar hartzeko: «Suitzar txokolatea kafeina pixka batekin nahastuta». Berak diseinatua da hainbat ironmanetan jandako gutizia: platano izoztua, gatzdun txokolatearekin estalia. «Entrenamenduetan ordu asko egiten dituzu tripazorriekin, eta nik halako gauzetan pentsatzen dut». Bai, erraza da asmatzen, Suitzako txokolatea da haren gutizia.

Frodenoren entrenamendu errutinak ere oso zorrotzak dira. Astean 25 kilometro egiten ditu igeri, 700 bat bizikletan eta ehun korrika. Bi maratoi eta erdi igerian zein korrika, eta Tourreko hiru etapa. Eta pilates saio pare bat... Atzo 45.22ko marka egin zuen igerian, bizikleta tartea batez beste orduko 43,52 kilometrotara osatu zuen, eta maratoia 2.39.17an. Alegia, 3.46 kilometroko batez beste.

Hark esana da arlo mentala lantzea dela gehien kostatzen zaiona entrenamendu eta lehiaketetan. Une oro burua beste nonbaiten edukitzeko jolas mentalak egiten ditu. «Oso epe motzerako erronkak jarri behar dituzu. Helburua hurrengo kilometroa izan behar da, hurrengo pedalkada. Estimulu txikiak behar dituzu. Horiek bereziki garrantzitsuak dira azken txanpan, maratoiaren erdi aldetik aurrera». Burua lehiatik aldentzeak oinazea leuntzeko balio duela dio Frodenok. Fysek, baina, ez du uste beti komeni denik. «Minak eramaten zaitu hurrengo mailara. Minik ez baduzu nabaritzen,zaila da hobetzea».

Podiumetik urrun

Eneko Llanos eta Gurutze Frades izan ziren Hawaiiko Ironmaneko maila nagusiko proban parte hartu zuen euskal triatloilariak, eta biak podiumetik urrun gelditu ziren. Llanos 27. izan zen (8.45.25), uste baino apalago. Maratoian zazpigarren postutik hogeita zazpigarrenera jaitsi zen. Llanos txapeldunorde izandakoa da Hawaiin. Fradesek, aldiz, 10.18.46ko marka egin zuen eta 33. postuan bukatu zuen. Iurretarrak oso makal bukatu zuen proba. Bi aldiz egin zuen botaka maratoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.