Athleticek bolada ona luzatu nahi du

Europa ligako zortzi onenen artean sailkatzeko urrats erabakigarria egin nahi du gaur, Fenerbahceren zelaian irabazita. Aldaketak espero dira hasierako hamaikakoan.

Athleticeko jokalaria, presidentea eta teknikariak, atzo, hegazkina hartu aurretik. LUIS TEJIDO / EFE
Athleticeko jokalaria, presidentea eta teknikariak, atzo, hegazkina hartu aurretik. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2024ko abenduaren 11
05:05
Entzun

Azkenaldiko emaitza eta joko bolada bikainaz gozatzeko betarik gabe, Athleticek denboraldiko garai erabakigarri bezain zailari aurre egin beharko dio datorren hilabete eta erdian. Besteak beste, lau lehiaketatan jokatu beharko baitu oso tarte txikian, eta guztiak San Mamesetik urrun. Bost garaipen jarraian lortu ondotik, datozen zortzi norgehiagoketan bisitari moduan ariko dira zuri-gorriak, eta Turkia izango dute abiapuntu eta helmuga. Hasteko, Fenerbahceri egingo diote gaur bisita, eta Europa ligako zortzi onenen artean sailkatzeko urrats erabakigarria egin nahi du dute. Lehen zortzietan sailkatzeak zera ahalbidetuko lioke taldeari: zuzenean final-zortzirenetako kanporaketa jokatzea. Ekonomikoki sari handiagoa jasotzea ere bai. Hortaz, gerora etxeko lanik utzi gabe, zuzenean sailkatzea gaur bertan bideratzea du helburu Ernesto Valverderen taldeak.

Ezbairik gabe, Fenerbahceren zelaian hiru puntuak lortzeak lasaitasun handia ekarriko lioke Athletici epe laburrera begira. Europa ligako hurrengo jardunaldia urtarrilaren 22an izango du, berriz ere Turkiako lurretan, Besiktasen zelaian. Eta, bien bitartean, partida zailak izango dituzte zuri-gorriek. Ligari dagokionez, bi euskal derbi jokatuko dituzte datozen bi asteburuetan, Alavesen eta Osasunaren kontra. Urte berriarekin batera, Espainiako Kopari ere ekingo diote, Logroñon (Errioxa, Espainia). Eta, gainera, Espainiako Superkopa jokatzera joan beharko dute Saudi Arabiara, finalerdietan Bartzelonari aurre egiteko. Maletak puska baterako egin beharrean izango dira jokalariak, eta, motibaziorik faltako ez badute ere, bidaiek eragiten duten nekea jasateko arriskua izango dute.

Hots, azken bi hilabeteetako inertzia eta sasoi puntua izango ditu alde Athleticek. Talde fidagarria eta sendoa dela erakutsi du, eta animoz laineza hartuta daude Valverderenak. Laugarren postuan dira ligan, eta are gorago Europa ligan: bigarren, Lazio liderrarekin berdinduta. Jokoan izandako hamabost puntuetatik hamahiru eskuratu dituzte, baina badakite ez daukatela lo hartzerik, oso fina delako lehen zortzien eta bederatzigarren postuen arteko marra. Gainera, Fenerbahceren zelaian infernua topatuko dute. Ezaguna da zaleek sortzen duten zalaparta eta ke giroa. Bada, horri gehitu beharko diote Jose Mourinho Fenerbacheko entrenatzailearen jokatzeko era. Partida itxia eta korapilatsua nahiko du portugaldarrak.

Gaurko partidari begira, Valverdek jokatzeko moduan ditu jokalari guztiak, Ander Herrera izan ezik. Erdilaria etxean geratu da, min hartuta. Gainontzean Unai Simon hasieratik aritu daiteke, eta ikusteko dago, hain egutegi betea izanda, teknikariak atseden ematen dion beste jokalariren bati. Bidaiatu aurretik Loiuko aireportuan hitz egin zuen Jon Uriarte presidenteak. «Irabaztera goaz. Jakitun gara txapelketa honetan ari diren taldeek maila handia dutela, eta partidak ez direla errazak. Balio handia ematen diogu orain arte egindakoari, eta bide beretik jarraitu nahi dugu».

Mourinho, arriskuan

Turkiako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, jokoan egon daiteke Mourinhoren etorkizuna Fenerbahceren aulkian. Kontuak ez zaizkio nahi bezala ateratzen ari entrenatzaile ezagunari. Ligan Galatasaray liderrarengatik sei puntura dauka taldea, eta Europan ere 15. tokian dago gaur-gaurkoz, zortzi punturekin. Orain arte jokatutako sei partidetan bi garaipen, bi berdinketa eta porrot bat erdietsi ditu. Ez dira zenbaki txarrak, baina Fenerbacheren zuzendaritzak multzo irabazlea eraiki nahi izan zion sasoi hasieran. Helburu horrekin, fitxaketa garrantzitsuak egin zituen: Youssef En-Nesyri eta Sofyan Amrabatenak, esate batera. Horiez gain, lehendik Fenerbachen dihardute izen handiko beste jokalari batzuek: Edin Dzekok, Dusan Tadicek eta Fredek.

Aurrekariei dagokienez, soilik behin neurtu dituzte indarrak Fenerbachek eta Athleticek, baina sekula ez partida ofizial batean. Elkarren arteko lehia 2017ko denboraldiaurrean izan zen, Suitzan jokaturiko lagunarteko batean, eta hutsean berdindu zuten. Dena den, bada datu bat bi taldeak lotzen dituena, 2011-2012 denboraldikoa. UEFAk gogor zigortu zuen Fenerbache, Turkiako ligan partidak erosi zituela leporatuta, eta Txapeldunen Ligatik kanpo utzi zuen. Trabzonspor taldeak bete zuen hutsunea, eta Athletic zuzenean sartu zen Europa ligako multzokako fasean. Sasoi ahaztezin hartan finalera heldu ziren bilbotarrak, Marcelo Bielsaren eskutik.

Fenerbahce-Athletic

Fenerbahce: Livakovic; Samuel, Akaydin, Djiku, Muldur; Szymanski, Yusek, Fred; Tadic, En-Nesyri eta Saint-Maximin.

Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Nuñez, Yeray, Adama Boiro; Vesga, Jauregizar; I. Williams, Unai Gomez, N. Williams; eta Djalo.

Epailea: Irfan Peljto.

Lekua: Sukru Saracoglu estadioa.

Ordua: 16:30 (Movistar+).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.