Hegan egiten jarraitu nahi du

Odei Jainagak Espainiako marka ezarri du xabalina jaurtiketan. Haren prestatzaile Jose Antonio Garcia Feijook nabarmendu du gai dela urrutirago jaurtitzeko.

Odei Jainaga eta Jose Antonio Garcia Feijoo, Getxoko Fadurako kirol instalazioetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
inigo lasa fresneda
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Geroz eta distantzia handiagoa ari da egiten airean Odei Jainagaren xabalina. Gutxinaka-gutxinaka baldin bada ere, aurretik zapaldu gabeko soropilean ari da erortzen makila. Hegaldi luzeak egitera ohitu da Eibarko atleta, baina ez du horretan geratu nahi. Hegan egiten jarraitu nahi du.

Iragan larunbatean, berak ezarrita zeukan marka ondu zuen, Polonian jokatutako selekzioen Europako Txapelketako estreinako jardunaldian. 84,80 metroko jaurtiketa batekin, 70 zentimetro hobetu zuen lehendik zuen marka. Hori gutxi ez, eta Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko 20 zentimetrora geratu zen. Hala eta guztiz ere, oraindik badu aukera Tokion egoteko.

Ondo baino hobeto ezagutzen du haren jarduna Jose Antonio Garcia Feijook (1949, Lugo, Galizia). Jainagaren entrenatzailea da orain dela sei urtetik, eta haren ondoan izan da azken denboraldi emankor hauetan. Iragan asteburukoak, lesio batetik bazetorren ere, ez zuen ustekabean harrapatu: «Zalantzak genituen joan edo ez joan; hamabost egun zeramatzan geldik. Bidaiatu baino egun bat lehenago, ikusita 80 metro inguru jaurtitzen ari zela, joatea erabaki genuen. 84 metro botako zituenik ez nuen uste: 80-82 metroen jiran ibiliko zelakoan nengoen».

Berriki egindako markarekin, Jainaga 2021ean Europako bost jaurtitzaile onenen artean kokatu da. Feijoo ziur da orain arte bezala segituz gero bere markak hobetzen jarraituko duela: «Horrela jarraituz gero, 85 metroak gainditu eta 90 metroen bueltan ere ibiliko dela uste dut. Ikasteko asko dauka. Oso gaztea da oraindik; 28 urte inguruan egoten da xabalina jaurtitzaile baten gailurra. Eskarmentuari eta maila goreneko lehiaketei esker, asko irabaziko du».

Azkenaldian, geroz eta gazte gehiago ari dira loriaren tontorrera iristen kirol munduan. Hainbat faktore daude horren atzean, baina horietako bat zein den argi eta garbi du zein den: irabazle izaera: «Odei oso lehiakorra da. Ez zaio ezertan galtzea gustatzen, eta hori oso ona da. Boleibolean ibiltzen gara tarteka, eta beti irabazi egin nahi du. Maila gorenean hori ez baduzu, jai daukazu”.

Azkar ikasi du

Onenen artean lehiatzen ari bada ere, gailurrera iristeko bidea geratzen zaio oraindik ere. Presarik gabe, baina betiere aurrera begira. Feijook argi du zein den hurrengo pausoa: «Kirolari bat final batean sartu arte, ezin da esan goi mailako kirolaria denik. Iritsitakoan, bai. Aukera asko ditu Olinpiar Jokoetan sartzeko, baina aldea dago hortik final batean sartzera».

Kanpotik erraza dirudien arren, ez da batere samurra xabalina ondo jaurtitzen ikastea. Galiziako entrenatzailearen ustetan, bost urtetik gora behar dira oinarri sendo bat izateko: «Xabalina jaurtiketaren ikasketa prozesua ez da motza. 5-6 urte behar dira ikasteko, eta ordutik aurrera iristen dira emaitzak normalean. Odeiren kasuan, fruituak askoz ere lehenago iritsi dira».

Jainaga ere ez zen ikasita jaio: «Gogoan dut niregana estreinakoz etorri zenekoa, 18-19 urterekin. 52 metroko markarekin etorri zen. 1'90 metro neurtzen zuen, eta 75 kilo inguru pisatu. Oso mehea zen xabalina jaurtitzeko. Egun, hogei bat kilo gehiago pisatuko du, eta 80tik gora jaurtitzeko gai da. Badago aldea». Aldaketa horretan ere, jaurtiketa bere gorputzera egokitu behar izan du: «Ez da berdin 70 kilorekin edo 90ekin jaurtitzea. Ikasteko, hobe da gutxi pisatzea, indar gutxiago izaten delako, eta mugimenduak barneratzea errazagoa delako».

Jainagariaspaldi ikusi zion gaia: «Jaurtitzen ikusi nuenean, esan nuen 80 metroak gaindituko zituela. Haren izebak, hori gogorarazi, eta esan zidan pentsatu zuela erotuta nengoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.