Iñaki Osa, 'Goikoetxea'. Puntista

«Hedabideen laguntzaz gora egingo genuke»

Retegi II.ak eskuz eta Ezkurrak erremontean hamaikana txapel dituzte buruz buru. Bederatzi ditu Goikoetxeak zesta-puntan. Bera da espezialitateko izar nagusia.

jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eguraldia zapuzten hasi aurretik, Miamirako (AEB) bidean da Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, 1981), hango klima beroaz gozatzeko prest. Bart hartu zuen hegaldi luzea. Hegazkineko orduak ez zaizkio motz egin izango, baina lo hartuta ere, ziur irribarreak ez diola aurpegitik alde egin. Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen buruz buruko txapela jantzi berri du, eta argi erakutsi egungo puntistarik onena dela. Bederatzigarrenez irabazi du titulu preziatua, Egiguren II.a 30-17 mendean hartuta.

Pozik, ezta?

Egia esan, oso pozik. Ez da batere erraza izan eta gustura nago.

Zergatik diozu ez dela erraza izan? Emaitzek ez diote hori.

Partidei begira baino gehiago, udan egutegi zaila dugulako diot. Neurketa asko jokatzen ditugu, ez duzu minik hartu behar, eta nekeza da buruz burukora ongi heltzea. Nik zortea izan dut, eta partidetan ere asmatu egin dut.

Bederatzigarren titulua banaka. Lehenengoak adina ilusiorik egin dizu?

Dudarik gabe. Urteak pasa ahala, gero eta gehiago kostatzen da txapela janztea, eta sekulako emozioa sentitzen da halakoetan. Urte guztiko lanak zerbaiterako balio duela ikustea gauza ederra da. Txapel bat zeure buruari egiten diozun opari bat da.

Hainbeste garaipenen ondoren, non bilatzen duzu motibazioa?

Eguneroko lanean. Momentu on bat bizi ahal izateko, sufritu egin behar izaten da aurretik, baina finaleko eguna bezalakoek lanean jarraitzeko gogoa pizten dute gorputzean. Beti gustatu izan zait irabaztea, eta horretarako prestatzen naiz.

Irabazle amorratu horietakoa izan al zara betidanik?

Ez, ez. Galtze ona daukat. Irabazten jakiteko galtzen jakin behar da, eta norgehiagoka asko galdutakoa naiz profesionaletan. Hasierako urteak ez ziren izan errazak, baina neure buruari esaten nion: segi lanean, Iñaki, mereziko dik eta! Eta halaxe izan da.

Zesta-puntako Bartzelona zara.

Bartzelona izango banintz, beste egoera batean egongo nintzateke. Komunikabideek arreta handiagoa jarriko zuten zesta-puntan. Eta, ikusten denez, ez da halakorik gertatzen. Beraz, inork ez du antzeko alderaketarik egiten.

Nola dago zesta-punta Euskal Herrian?

Oso kaskar. Ez dakit urtetik urtera okerrago ez ote dagoen. Egia esan, oso tristea da. Euskaldunon kirol bat, hainbeste familiari jaten eman diona, horrela ikusi beharra. Oso jende gutxi arduratzen da zesta-puntaz. Komunikabideek garantzi gutxi ematen diote, eta horrela ezinezkoa da altxatzea. Egunkari batean alferrik da jaialdietako zatian partida non den zehaztea jendeak interesa jartzeko. Orrialde osoa eman ezean, zesta-puntak kaskar jarraituko du.

Iparraldean egoera hobea da.

Uda honetan asko jokatu dugu bertan, eta beti 1.500 lagun inguratu dira pilotalekura.

Beraz, jende anitzek ikusi nahi zaituzte. Zergatik uste duzu komunikabideetan ez zaiola garrantzirik ematen zesta-puntari?

Bada, ez dakit. Nahikoa genuke hedabideek kasu handiagoa egitea; haien laguntzaz gora egingo genuke. Eskuak hartu du indarra, eta guretzat ez dago publizitatean ez tarterik, ez deus. Arazoa konpontzea ez da zaila. Behar dutenek horretaz jabetzea da zaila.

Zaila izango da egun dagoen kirolmaila berriz ere lortzea.

Hori argi dago. Egun maila izugarria dago, baina nik uste etorkizuna ere polita dagoela. Hori bai, eta lehengora itzuliz, haurrek zer ikusi, hura ikasi. Eta zesta-punta ez dute ikusten, inon ez dutelako ematen. Gure maila ona lanaren fruitu da.

Lana sarritan aipatu duzu, baina Zumaian ez daukazue pilotalekurik. Non entrenatzen zara?

Donostian, gehienbat. Zumaiako egoera lotsagarria da. Hainbeste pilotari eman duen herrian pilotalekurik ez egotea tristea da. Udalak berria egingo zuela agindu zuen, baina keba. Esan asko eta egin gutxi.

Zein da zure udako balorazioa?

Kirol arloari begiratuta, ezin hobea, eta bizitzari erreparatuta, tira. Familia da Miamin gehien faltan dudana, eta haiekin egon naiz, baina parranda gutxi egin dut. Surfean ere nahi baino gutxiago ibili naiz.

Eta zure etorkizunari begira, badakizu zer egingo duzun?

Ideiarik ere ez daukat. Oraingoz orain arte bezala jarraituko dut, udak hemen eta neguak Floridan igaroz. 31 urte dauzkat eta denbora badaukat pentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.