Euskal Herriko Itzulia

Healy irabazle Gernikan, ihesean erakustaldia eginda

Irlandarrak irabazi du Itzuliko bosgarren etapa: ihesaldian sartu, 56 kilometroren faltan abiatu, eta bakarrik iritsi da helmugaraino. Alferrikakoa izan da Bilbaoren saiakera, faboritoen erasoak bezalaxe. Almeida lider iritsiko da azken etapara.

Ben Healy, helmugan, eskuak altxatuta. MIGUEL TOÑA / EFE
Ben Healy, helmugan, eskuak altxatuta. MIGUEL TOÑA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 11
17:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Ben Healyk (Education First) etxeko giltzak ebatsi dizkio Pello Bilbaori (Bahrain). Gernikan, Bilbaoren jaioterrian amaitu da etapa, eta hark ondo ezagunak dituen errepideetan jokatu. Hainbeste, ezen ibilbidea diseinatzen lagundu baitzien antolatzaileei. Abantaila baliatzeko gogoz zen gernikarra, baina Healyrentzat ere oso saio aproposa zen, klasiko itxura izanik. Bada, modu ikusgarrian gailendu da irlandarra: iheskideak atzean utzi, eta bakarrik egin ditu azken 56 kilometroak. Oso apustu arriskutsua egin du, baina ez zebilen oker. Bizikleta gainean oker ipinita, baina pedalei gogor eraginez, zuzen jo du helmugarantz. Bi minutu baino gehiago atera dizkie gainontzeko txirrindulariei.

Maisua da Healy bakarkako erakustaldiak egiten. Bere ibilbideko garaipenik handiena 2023ko Giroko zortzigarren etapan lortu zuen, eta orduan ere, bere kasa abiatu zen 50 kilometroren faltan. Ausardia eta indar handia behar da gisa horretan irabazteko, eta bi ezaugarri horiek bikain uztartu ditu gaur. Faboritoek, berriz, apalago jokatu dute, bihar jokatuko den etapa erabakigarriaren zain. Eraso batzuk izan dira Zallobanteko muinoan, helmugatik gertu, baina Maximilian Schachmann (Soudal) izan da sufritu duen bakarra. Alemaniarra onik atera da azkenean. Joao Almeidak (UAE), berriz, tinko eutsi dio lidergoari.

Healyren atzetik Axel Laurence (Ineos) iritsi da, 1.47ra, azken txanpan erasoa jota. Segundo bat geroago helmugaratu da indartsuenen multzoa. Simone Velascok (Astana) esprinta irabazi dio Alex Aranbururi (Cofidis); ezkiotarra laugarren izan da azkenean. Zazpigarren iritsiko da Itzuliko azken etapara, Almeidarengandik 1.37ra. Liderrak Schachmann eta Florian Lipowitz (Red Bull) ditu gertuen, 30 eta 38 segundora, hurrenez hurren.

Bere jaioterrian amaitzekoa zen etapan, asmoak oso garbi zituen Bilbaok. «Ez naiz ondo ibili erori nintzenetik, baina hobera egin dut pixkanaka. Egun berezia da niretzat, eta gozatu egin nahi dut. Protagonista izango naiz zelan edo halan», esan du Urduñan, lehiari ekin aurretik. Bada, esan eta egin: ihesaldian sartu da etapako lehen kilometroetan, eta hartara, denbora luzez fokupean izatea bermatu du. Ametsa, noski, Gernikan garaipena ospatzea zen, baina horretarako, alde batetik, ihesaldiak izkin egin behar zion tropelaren aginteari. Eta, bestetik, iheskideak azpiratzeko gai izan behar zuen Bilbaok. Azkenean, hori izan da oztoporik zailena, Healy tartean egonik. Alex Baudin (Education), Julian Alaphilippe (Tudor), Warren Barguil (Picnic) eta Bruno Armirail (Decathlon) ere ez ziren badaezpadako arerioak. 

Almeidak bezperan lasterketa apurtu ondoren, UAE taldeak ez zuen tropela ziztu bizian gidatzeko beharrik. Ihesaldia ontzat eman zezakeen. Hori horrela, beste talde batzuek hartu behar izan dute kontrolaren ardura. Aurrekoei hiru minutu inguruko aldea eman diete gehien jota. Zetorrena zetorrela, Armirailek aurretiaz atera dio etekina etapari: mendiko puntuak batu, eta sailkapen horretako lidergoa berreskuratuta du, Marc Solerren (UAE) kaltetan.

Laidako hondartzara bidean zen lasterketa, eta halako batean, eraso egin du Healyk. Burugabekeria zirudien. Helmuga tokitan zegoen oraindik, eta tropela, berriz, ez zen oso aparte: 1.50era. Bada, irlandarrak arrakala zabaldu du berehala, eta hortik aurrera, ez du pitzadurarik izan. Arerio indartsuegia izan da ihesaldiko beste bostentzat. Amore eman dute, eta helmugatik 20 kilometrora irentsi ditu tropelak. Bilbaok azken ahalegin bat egin du; laster harrapatu dute. Healyk, ordea, eutsi egin dio aldeari, Zallobanten faboritoek sua piztu duten arren.

Almeidak odol hotzez defendatu du maillot horia. Ez du taldekideen behar handirik izan. Laurencek egin du lehen erasoa, eta Mattias Skjelmose (Lidl) eta Enric Mas (Movistar) saiatu dira hurrena. Aranburuk ere erritmoz aldatu du pare bat aldiz. Azkenean, elkarrekin iritsi dira hautagai guztiak. Bilbaok ezin izan du etxean irabazi, baina podiumera igo da halere, omenaldia egin baitiote.

Azken dantzan, iraultza?

Eibarko etapa klasikoak emango dio amaiera Itzuliari. Untzaga plazan egongo da, ohi bezala, hasiera eta amaiera. Helmugan nekatuta agertuko dira txirrindulariak, esfortzu bortitza egin beharko baitute: zazpi mendate igoko dituzte 153 kilometroan, horietatik hiru, lehen mailakoak: Azurki (5,1 kilometro eta %7,4ko pendiza), Krabelin (5 kilometro eta %9,6) eta Izua (4,1 kilometro eta %9,2). Lehen biak aurreneko 50 kilometroetan igoko dituzte, eta Izuak helmugatik 40 kilometrora izango du gaina. Berritasun gisa, birritan igoko dute Trabakua (3,3 kilometro eta %7,1), lehenik hasieran, eta bukaeran gero —eguneko azken mendatea izango da—. Era berean, aurten ez dira Gorlara igoko; Karabietak ordeztuko du (6,6 kilometro eta %6,7).

Almeida da Itzuliko ziklistarik indartsuena, baina ahalaz gain, adimenak eta estrategiak ere garrantzi handia izaten dute Eibarko etapan. Iraultza ugari izan da azken urteetan, beraz, oso erne ibili beharko du lasterketako liderrak. 2021ean maillot horiak azken egunean egin zion ihes UAE taldeari; Brandon McNultyk zeraman soinean. Aurrekari horri aurre egin nahi dio Almeidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.