Ordu txarreko zulatu bat lehen etapan, eta eroriko bat laugarrengoan: sasoia okerreko hankarekin hasi zuen Xabiek Mikel Azparrenek (Donostia, 1999) Saudi Arabiako Itzulian. Aurrenekoz lehiatu zen Q36.5 taldearen maillotarekin, eta, zorte txarra alde batera utzita, «gorputzaldi ona» eduki zuen. Sierra Nevadan dabil orain (Espainia), bere kabuz, taldeak agindutako entrenamenduak egiten. Indar betean iritsi nahi du klasikoetara; egun bakarreko proba ugaritan lehiatuko da datozen hilabeteetan.
Euskalteletik irtetea erabaki duzu, eta Q36.5 taldera joan zara, urtebeterako kontratua sinatuta. Erasmus moduko bat izango da?
Ez dut uste. Oso gustura nago talde berrian, eta sentitzen dut haiek ere pozik daudela nirekin, behin probaldia pasatuta. Ea laster kontratu berri bat negoziatzen hasten garen, eta hemen luzerako gelditzen naizen.
Hiru urte egin dituzu Euskaltelen. Atzera begiratuta, zer aho zapore gelditu zaizu?
Euskalteleko nire aroa bi aldeentzat izan da nahiko ona: nik aukera izan dut Espainiako Vueltan bitan lehiatzeko, Donostiako Klasikoan hirutan, eta Euskal Herriko Itzulian behin; eta maila oneko beste zenbait lasterketatan ere aritu naiz. Aldi berean, ikusgaitasuna eman diot taldeari, baita garaipen bat eta podium dezente ere. Egonaldi polita izan da.
Nahi baino egutegi murritzagoa zenuen Euskaltelen. Hori izan da irteteko arrazoi nagusia?
Hala da. Gainera, Q36.5 bezalako talde batek gauza gehiago eskaintzen dizkizu: prestakuntza, nutrizio eta material aldetik. Hazten segitu ahal izateko aldatu naiz taldez. Azkenean, garai bateko Qhubekaren ondorengoa da talde hau; badaki zer den World Tourrean aritzea, eta baliabide guztiak ditu berriz ere maila nagusira igotzeko.
Herrialde askotako ziklisten bilgune da Q36.5 taldea, eta eskarmentu handia dute hainbatek. Zer moduz hartu zaituzte?
Primeran. Bizikidetza oso ona da, eta eroso sentitzen naiz. Hamasei herrialdetako 26 txirrindulari gara; oso gauza berezia da. Gainera, alde humanoa duen proiektu bat da. Qhubekaren egitura Afrikan sortu zen, eta gizarte gai askorekin du konpromisoa. Ez da beste edozein talde. Balio handia ematen diot horri.
Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?
Talde gehienek bazekiten libre nengoela denboraldi honetarako, eta zurrumurruek zioten tratua egina nuela jada Movistarrekin. Zurrumurruak besterik ez ziren. Alex Sansen deia jaso nuen [Q36.5 taldeko kirol zuzendaria], eta beste talde batzuekin ere elkarrizketak izan nituen. Ordea, asko gustatu zitzaidan Alexek aurkeztutako kirol proiektua eta proiektu humanitarioa. Konbentzitu egin ninduen.
Babeslea 2029ra arte du lotua. Beste arrazoi bat hara joan nahi izateko.
Gaur egun, oso zaila da txirrindularitzaren munduan babesletza oso egonkorrak lortzea. Eta, ziklista moduan, sekulako lasaitasuna ematen dizu egonkortasun horrek. Egia da nik urte bakarrerako sinatu dudala, baina lasai nago. Urte batez proba egitea erabaki genuen. Haiek asko begiratzen diote ziklistaren atzean dagoen pertsonari, eta ezagutu egin nahi ninduten lehenik.
«Euskaltelek hazten jarraitzen badu, polita izango litzateke hara itzultzea. Ez legoke arazorik bi aldeen partetik. Atea zabalik gelditu da»
Klasikoei gehiago erreparatuko diezue itzuli handiei baino?
Suitzako taldea izanda, nahiko zaila da itzuli handien gonbidapena jasotzea. Hori bai, datorren urtean 30 talderik onenak gonbidatu ahalko dira bakarrik, eta erraztasun handiagoak izango ditugu orduan. Aurten, dena den, zabalik dago oraindik Espainiako Vueltan aritzeko aukera. Oraingoz, ia klasiko handi guztietarako deitu gaituzte, eta horrek asko motibatzen nau. Mota guztietako probei erreparatuko diegu, ziklista multzo jendetsua baitugu.
Klasiko handietan lehiatzeak hazten lagun diezazuke?
Dudarik gabe. Badakit ondo moldatzen naizela astebeteko lasterketetan, baita itzuli handietan ere, eta gogoa dut Ardenetako klasikoetan nire tokia bilatzeko. Aukera hori eskaini dit taldeak. Lehenik, ikasi egin nahi dut, oso proba gogorrak baitira. Eta etorkizunean, ondo lehiatu nahiko nuke.
Zeintzuk izango dira zuretzat denboraldiko beste helburu nagusiak?
Begiz joa dut Espainiako Erlojupeko Txapelketa. Eta Vueltarako gonbidatzen bagaituzte, etaparen bat irabazteko borrokan sartu nahiko nuke. Horrez gain, postu onak lortzen saiatuko naiz sailkapen orokorretan. Laster O Gran Camiñon ariko naiz, eta hori izango da hasiera honetan lehiatuko naizen itzuli bakarretako bat. Egutegia klasikoz josia izango dut.
Noizbait jantziko zara berriz ere laranjaz?
Euskaltelek hazten jarraitzen badu, polita izango litzateke hara itzultzea. Ez legoke arazorik bi aldeen partetik. Atea zabalik gelditu da. Anaiak [Enekoitz Azparren], oraingoz, han jarraituko du; beste urtebeterako kontratua dauka.