Baiona errugbi taldeko presidentea

Philippe Tayeb: «Hazten jarraitzeko eta gauzak irabazteko anbizio handia dugu»

Martxoaren 31n Baionak Toulonen aurkako Top14 ligako partida jokatuko du Donostian. 26.000 sarrera saldu dituzte jada, eta salmenta «ondo» doala dio Tayeb presidenteak. Toulonetik 2.000 zale bertaratzea espero dute.

(ID_13596746) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-02-12, Donostia. Errugbia
ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñaki Berastegi.
Donostia
2024ko otsailaren 20a
05:05
Entzun

Baiona errugbi taldeak seigarren aldiz jokatuko du etxeko talde gisa Donostiako Anoeta estadioan, eta Philippe Tayeb (Lourdes, Frantzia, 1968) Baionako presidentea «urtero» partida bat Donostian jokatzearen aldekoa da. «Klubarentzat oso garrantzitsua da». Iaz, 20 eta 30 galdu zuten Paueren aurka, 38.646 zaleren aurrean: Anoetako zale kopuruaren marka berria ezarri zen.

Bigarren urtez jarraian, Top14 ligako partida bat jokatuko duzue Donostian. Zer esan nahi du berriz ere partida hori antolatzeak?

Baionarentzat, klub gisa, oso garrantzitsua da. Reala eta Realaren zelaia oso garrantzitsuak dira, eta Baionako zaleek aukera dute egun guztia edo asteburu osoa Donostian egin eta partida ikusteko. Ea urtero etor gaitezkeen, horrek esan nahiko lukeelako Top14 ligan jarraitzen dugula.

Arrakastatsua izan zen iazko norgehiagoka: Anoetako ikusle marka ezarri zenuten, 38.646 pertsona bilduta.

Bai, eta gainera jendea etorri gabe geratu zen, 3.000 edo 4.000 pertsona inguru, sarrerak azkar amaitu zirelako. Hilabete pasatxo geratzen da partidarako eta salmenta ondo doa, 26.000 sarreratik gora saldu baititugu jada. Orain hasi gara Baionatik kanpo sarrerak saltzen, edonorentzat. Iaz Pauetik 4.000 zale inguru etorri ziren, eta aurten Toulonetik 2.000 pertsona inguru espero ditugu.

Festa erabatekoa izan dadin, iaz ez bezala, irabazi egin beharko zenukete, ezta?

Bai. Jendea pozik dago Donostiara joateko aukerarekin, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu neurketa irabazteko, baina Toulon oso talde indartsua da; lau aldiz izan da Frantziako txapeldun eta hiru bider Europako txapeldun. Kapitaina, Charles Ollivon, gure harrobikoa da, baita Frantziako selekzioko kapitaina ere.

Ez dirudi taldea aurreko sasoian bezain ondo ari denik. Zer iritzi duzu?

Egoera nahiko antzekoan gaudela esango nuke. Gertatzen dena da etxean kanpoan baino neurketa bat gutxiago jokatu dugula. Denboraldi gogorra da, aurkariek jada beste modu batera jokatzen baitute gure aurka. Aurreko sasoian talde igo berria ginen, eta klub txiki baten kontra ariko balira bezala egiten ziguten aurre. Hori aldatu egin da denboraldi honetan. Orain, datorren sasoiari begira, zazpi jokalari fitxatu ditugu, Top14ko ligako maila dutenak, eta hazten jarraitzeko Jean Dauger estadioko azken berritze lanak amaitzea falta zaigu. 2026rako bukatuta egongo diren lan horiei esker, 16.500 lagunentzako lekua izango dugu. Egun, 14.000 lagun sartzen dira, eta asteburuero sarrera guztiak saltzen ditugu, aurrerapen handiz gainera.

«Jendea pozik dago Donostiara joateko aukerarekin, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu neurketa irabazteko, baina Toulon aurkari indartsua da. Taldeko kapitaina, Charles Ollivon, gure harrobikoa da». 

PHILIPPE TAYEB Baiona errugbi taldeko presidentea
Zein da denboraldi honetarako helburu nagusia? Aurreko sasoian aurreneko sei sailkatuen artean amaitzeko borrokatu zineten.

Aurreneko zortzi edo hamar sailkatuen artean amaitzea ona litzateke. Urtez urte hobetzen joan behar dugu. Top14 liga oso txapelketa gogorra da, Montpellierren egungo egoerak erakusten duen moduan: 2021-2022ko denboraldian liga irabazi zuten, eta orain azken postuan daude. Sasoi honetarako helburu hori dugu, baina datorren denboraldian aurten egindako postua hobetzea izango da asmoa. Hobetzen jarraitzeko ahalegin hori egiten ez duena beheraka doa.

Epe ertain eta luzera zein da klubaren asmoa? Aurrekontua handitzeko ahaleginak egiten ari zarete.

Bai, eta aurten 30 milioi euroko aurrekontua izatera iritsiko gara. Halere, urtero aurreneko sei sailkatuen artean amaitu nahi badugu, 34 edo 35 milioi euroko aurrekontua behar genuke. Anbizio handia dugu hazten jarraitu eta gauzak irabazteko.

Txapeldunen Ligan klubaren historiako lehen garaipena lortu zenuten Exeter Chiefs taldearen aurka, eta Edinburgoren aurka Challenge Cupeko kanporaketa jokatuko duzue orain. Ilusioa eragiten dizuen lehiaketa da?

Bai, noski. Lehen aldia da horrelako kanporaketa bat jokatzen dugula. Glasgowren aurka 13 eta 12 galdu genuen, bi zigor kolpe huts egin eta gero, eta horregatik ez genuen Txapeldunen Ligan jarraitzea lortu. Gure egitasmoaren unea, ikusita agian goizegi izan daiteke, baina Eskoziara ezer galtzeko ez dugula joango gara.

Zazpi jokalari sinatu dituzue datorren denboraldiari begira. Taldea itxita dago, edo jokalari gehiago fitxatuko dituzue?

Ez, oraindik beste bi edo hiru fitxatuko ditugula uste dut. Maila igo behar dugu, eta hori egiteko bi edo hiru jokalari garrantzitsu falta zaizkigu oraindik.

Harrobitik lehen taldera jauzia egin duten jokalari batzuk ere garrantzitsuak izaten ari dira. Beheko mailetan talentua dagoen seinale da hori.

Bai, eta horrez gain, kanpoan dabiltzan etxeko jokalari gazteak ere ekarri nahi ditugu, Baptiste Chouzenoux-en gisara. Asmoa taldeko jokalarien %60 edo %70 etxekoak, Euskal Herrikoak izatea da, Realak egiten duen moduan. Hori oso garrantzitsua da guretzat, gure kulturarako eta jokatzeko modurako etxeko jokalariak izatea oso inportantea baita.

Emakumezkoen taldea osatzeko aukera aipatu zen duela hilabete batzuk. Zerbait aurreratu daiteke horri buruz?

Normalean, Baionak nesken taldea izango duela datorren sasoian; %95 baietz esango dizut. Denboraldia amaitu aurretik, martxo amaierarako, dena itxita izatea espero dugu, zuzendaritzarako bi edo hiru pertsona falta zaizkigulako oraindik.

Duela hilabete batzuk emakumeei buruz egindako adierazpen batzuen harira barkamena eskatu behar izan zenuen.

Bai, gaizki ulertua izan zen. Hazparneko (Lapurdi) bi emakumek behin esan zidaten eurek sukaldean konpontzen zituztela etxeko kontuak, eta nik esaldi hori erabili nahi izan zuen, baina ez nuen esan nahi emakumeek sukaldean egon behar dutenik. Ez da gauza bera. 

Miarritzeko errugbi zuzendaritzak taldea Donostiara lekualdatzeko daukan interesari buruz zer iritzi duzu?

Ez dut iritzirik. Miarritze oso klub handia da, gauza handiak lortutakoa, baina euren asmoa zein den ez zait axola niri. Baionan gertatzen denari begiratu behar diogu guk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.