Hazteko tartea du... literalki

Hamazazpi urterekin, Euroligako onenen artean da Luka Doncic. Aurten Sergio Rodriguezen hutsunea betetzen ari da Real Madrilen. 2018an joango da NBAra, gutxieneko adina beteta.

Danel Agirre.
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Jokalari jakin batengatik «oraindik hazteko tartea du» dioenak kuantifikatu ezinezko hainbat aldagai izan ohi ditu gogoan: artean garatzeke dauzkan adimen taktikoa, lehiaketen ezaguera edo eskarmentuak emandako patxada. Real Madrilen izar berriaren hazteko tartea literala da, ordea, pare bat hilabetero neurtu ahal dutelako taldeko sendagileek. Irailean lanera itzuli zenean, Luka Doncic aurreko sasoia bukatutakoan baino bi zentimetro garaiagoa zen. Euroligak eta ACBk ematen dizkioten 2,01 eta 2,00 metro ofizialak eguneratu gabe daude. Hatz bat gehitu behar zaie gutxienez. 18 urte bete eta nerabea izateari uztera doa, baina bere hezurrak noiz arte luzatuko diren ez daki zehatz: «Sendagileek ez didate esaten, baina oraindik handitzen ari naizela uste dut».

Baina Doncic bitxikeria bilakatu duena ez da pubertaroa Europako talde handienetako batean eman izana, elitean mordoa direlako entrenamenduetan lagundu eta noizbait debuta egiten duten jubenilak. Aurrekorik ez duen fenomenoa 16 urte bete berritan Pablo Lasok lehen aldiz kantxaratu zuenetik Euroligako izar eztabaidaezin bilakatu arte pasatu den urtebete eskasa da. Unicajaren aurka estreinatu, eta ukitu zuen lehen baloian hirukoa saskiratu zuen. Defentsara itzultzen ari zela barre txikia irten zitzaion, eta ordutik ez zaio kendu.

Lasok Doncici ezarritako tutoretza ere zeharo atipikoa izan da. Tutoretzarik ez diolako batere ezarri. Joan den sasoian, kanpoaldeko hiru posizioetan erabili zuen entrenatzaile gasteiztarrak, askotan lehia berdinean. Udan Sergio Rodriguezek NBAra egin zuen. Bere mailako ordezkorik bilatu ere egin ez, eta Doncicentzat gorde ditu bere jokaldiak Lasok. Dagoeneko Euroligako jokalari onenen taldetxoan dagoela badakielako: «Oparirik ez duela behar esan izan diot. Bere gaztetasun eta kalitateagatik trataera berezia beharko lukeela dirudi, baina uste dut onena justu kontrakoa dela», azaldu zuen Lasok. Gidatzeko baimena izateko gazteegia da Doncic, baina kantxan, behintzat, L-rik gabe ari da.

NBAko frankiziek ezingo diote sarerik bota Doncici 2018ko draft zozketa iritsi arte, ligaren adin muga dela eta. Ikusteko dago bere hezurrek eta hezurrak ez direnek hazteari uzten diotenean zer izango den. Estatu Batuetan sarri erabiltzen da point forward adiera antolatzaile moduan aritu gabe bostekoa zuzentzen dutenentzat: Larry Bird edo LeBron James hegalekoak dira bi adibide historiko. Azkenaldian antzematen zaion gorpuzkerarekin, rol perfektua dirudi horrek Doncicentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.