Euskal Herriko errugbiak txapelketa bateratua izango du uda honetan. Lurralde ezberdinetako taldeak elkarren aurka modu antolatuan jokatzen ikustea aspaldiko nahia zen, eta azkenean lortu da. Lau asteko liga motza izango da, zazpi talde izango dituena bi multzotan banatuta, eta txapelduna irailaren 7an Ordizian jokatuko den finalean ezagutuko duena. «Proiektu pilotu bat da, baina hazi bat ereiten ari garela pentsatu behar dugu». Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak horrela deskribatu zuen ligaren hasiera atzo Donostian eginiko aurkezpen ekitaldian.
Euskal ligak urtean zehar Top 14, Pro D2, Federal 1 eta Ohorezko Mailako bi mailetan aritzen diren taldeak elkartuko ditu. A multzoan, Baiona, Hernani eta Getxo ariko dira. B multzoan, aldiz, Miarritze, Angelu, Ordizia eta Bera Bera. Teorian, Baionak eta Miarritzek maila askoz hobea dute, baina liga honetan espoirs delakoak erabiliko dituzte. Iñaki Laskurain Euskadiko federazioko presidenteak argitu zuen nola osatzen diren. «23 urtez azpiko taldeak dira, eta normalean lehen taldeko ordezkoak edo lesioren batetik itzuli diren profesionalak gehitzen zaizkie. Gazte horietako asko, gainera, lehen taldean aritutakoak dira».
Euskal Jaurlaritzak, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak, etaEuskadiko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko (Errgubi 64 departamentu batzordea) errugbi federazioek antolatu dute liga. Ez da lan erraza izan; txapelketa erritmo ezberdina duten taldeak dira, eta egutegia bateratzea izan da zailena. Horregatik dira hiru eta lau taldeko multzoak, eta bina jardunaldiko ligaxkak. «Presaka ibili gara, baina eredua finkatuz eta perfekzionatuz joatea da asmoa. Lehen aldia da zailena. Aurrerago, emakumezkoen liga eta gizonezkoen bigarren maila bat sortu nahiko genuke», aurreratu zuen Laskurainek.
Ligako egutegiari dagokionez, abuztuaren 17an hasiko da Getxo eta Baionaren arteko partidarekin, eta haren osteko larunbatetan garatuko da. Partiden artean bi nabarmendu daitezke, kokagunearengatik. Angelu eta Ordiziaren arteko partida Lekarozen jokatuko da, Baztan taldearen zelaian. Miarritze eta Ordiziaren artekoa, berriz, Aguileran. Miarritzeren lehen taldearen eta Vannesen arteko Pro D2ko partidaren aurretik jokatuko da Euskal Ligakoa.
Hazia sustraitu dadin
Euskal errugbi ligaren aurreneko aldia jokatuko da uda honetan. Gipuzkoa, Bizkai eta Lapurdiko eliteko zazpi talde ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu