Euskal Herriko Itzulia

Hazia erein, uzta ekar dezan

Iruñetik hasi, eta Nafarroako hegoalderantz joko du gaurko etapak. Erriberako ziklismoarentzat pizgarri izatea espero dute Aznar anaiek. Era berean, bultzadak jarraipena izatea nahiko lukete, eta «eskolak indartzea». «Hobetzeko tarte handia dago».

Hugo eta Unai Aznar, aurtengo Etoile de Besseges proban. SPRINTCYCLING
Hugo eta Unai Aznar, aurtengo Etoile de Besseges proban. SPRINTCYCLING
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 8a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Fruitu preziatuak ematen dituzte Nafarroa hegoaldeko baratzeek eta lursailek. Orburu, piper eta zainzuri; plater eder askoren oinarri izaten dira. Nekazaritzak nekez izan dezake enbaxadore hoberik. Txirrindularitza, ordea, erreferente beharrean dago Erriberan. Bertako ikur nagusiak, gaur egun, Unai Aznar (Cortes, Nafarroa, 2002) eta Hugo Aznar (Cortes, 2003) anaiak dira. Kern Pharma taldeko ziklistak dira biak. Inguru horretan errepideko ziklismoa «egoera eskasean» dagoela deritzote, eta aldi berean, Itzuliko gaurko etapak zaletasunaren hazia ereingo duen esperantza dute.

Iruñea eta Lodosa lotuko ditu tropelak, eta bidean Martzilla, Azkoien eta Carcar zeharkatuko ditu, besteak beste. Nahiko urrun geratuko da Cortes, Aznar anaien jaioterri eta bizitokia. «Etaparen hasieran Iruñetik Tafallara joango dira, eta inguru hori nahiko ongi ezagutzen dugu, batzuetan Iruñera joaten baikara entrenatzera. Etxetik aterata, ordea, nahiko aparte geratzen zaigu tropelak osatuko duen ibilbidea. Bizikletan kilometro asko izango lirateke», azaldu du Unaik. Horren ordez, Moncayo (Aragoi) mendirantz jotzen dute eskuarki, ibilbide gogorragoen bila. Etxetik hurbil, jende gutxi ikusten dute errepideko bizikletan, Hugoren arabera. «Txirrindularitza zaletasun eta kultura handiagoa dago Iruñea eta Lizarra inguruan. Alde horretatik, ona da ziklismo profesionala Erriberara apur bat hurbiltzea».

Bardea da Erriberako txirrindularitzaren epizentroa. Paradisua da mendiko bizikletan eta gravelean aritzeko. Hartara, diziplina horien itzalpean dago errepideko ziklismoa, Unairen esanetan. «Paraje horretan gozatu egiten du jendeak, eta askok nahiago du mendiko bizikleta edo gravel bizikleta hartu, errepidera irtetea baino. Iruñea inguruan ibiltzen den jendearen erdirik ere ez duzu ikusten errepideko bizikletan». Hein batean, normala da, inguruaren orografiak ez baitu joko handirik ematen. Aznar anaiek, ordea, erlojupekoak prestatzeko baliatzen dituzte herritik herrira doazen errepide zuzen eta lauak. «Ordeka besterik ez dago hemen, eta herriak zeharkatzeko ez dago inongo zailtasunik. Motor atzean lasai asko egin ditzakezu entrenamenduak», azaldu du Hugok.

Bertako klimak, berriz, alde on eta txarrak ditu bizikletan ibiltzeko. Mesedegarria da prezipitazio eskasia; ez, ordea, neguan Ebro ibaiaren inguruan izaten den hezetasuna. «Hamar gradu egin arren, sentsazio termikoa bi gradukoa izaten da batzuetan. Behe lainoa izaten da, eta hezetasun handia», nabarmendu du Unaik. Anaiak «haizea» eta «udako bero handia» ere aipatu ditu desabantaila gisa.

«Erriberan baino zaletasun handiagoa dago Nafarroako beste toki batzuetan, eta ona da profesionalak hona hurbiltzea»

HUGO AZNARKern Pharmako txirrindularia

Zailtasunik handienak, aitzitik, ez du zerikusirik eguraldiarekin, txirrindularitza taldeka egiteko dagoen aukera faltarekin baizik, Unairen hitzetan. «Apenas dagoen ziklismo eskolarik Tafallatik beheiti. Gu Tuterako Muskaria taldean aritu ginen, baina desagertu egin zen gu han izan ginen azken urtean. Turiaso taldeak eskola bat du Tarazonan (Aragoi), eta Tuteran ere sortu du beste bat». Uzta lortzeko, haziak erein behar dira lehendabizi. Eta horretarako, funtsezkoak dira eskolak. Aznar anaiek, ordea, etxean jaso zuten zaletasuna; edo zehatzago esanda, aitaren bizikleta dendan. Hala oroitu du Hugok, anaietan gazteenak. «Eguna bizikleta artean pasatzen genuen, eta aitarekin atera ohi ginen errepidera, ordubetez-edo. Azkenerako, zaletu egin ginen».

Gorenean tokia egin nahian

Tuteratik Altsasura jo zuten, aukera gehiagoren bila. «Benetako txirrindularitza zer den ezagutu genuen Burunda Txirrindulari Elkartean. Ume mailako azken urtean iritsi nintzen ni, eta kadeteetan hasi zen Unai. Hori bai, Altsasura oso gutxitan joan ginen entrenatzera. Ez zen bideragarria». Hurrena, bi urrats handi eman zituzten. Lehenik, Kern Pharmaren harrobian sartu ziren. Eta, 2023an, 23 urtez azpikoen mailan distira egin ondotik —Unaik Espainiako Txapelketa irabazi zuen erlojuaren aurka eta iraupen proban, eta Hugo Nafarroako itzulian nagusitu zen—, talde nagusira igotzeko deia jaso zuten biek. «Harro» sentitzen dira biak, eliterainoko bidea elkarrekin egin ondoren.

«Bardea dugu hemen, eta jendeak nahiago du mendiko bizikleta edo gravel bizikleta hartu, errepidera ateratzea baino»

UNAI AZNAR Kern Pharmako txirrindularia

Orain, gorenean egonkortu nahian dabiltza. Unai gozakaitz ibili zen estreinako denboraldian, arazo fisikoen ondorioz. «Ematen du ajeak atzean utzi ditudala. Indartsu ikusten dut neure burua, baina iazkoa urte zaila izan zen, eta konfiantza hartzea falta zait oraindik». Hugok, ordea, aho zapore onarekin finitu zuen debuteko urtea. «Asko kosta zitzaidan hastea, baina emaitza onak lortuz bukatu nuen sasoia. Aurten, garaipenak gertuago ikusi nahiko nituzke». Edonon ongi moldatzen den ziklista dela esan du; Unaik, berriz, emaitza onak lor ditzakeen langiletzat du bere burua. Izaera aldetik, hiztunagoa da Unai. «Bizikletan, ordea, Hugo da liderra, eta nik aholkuak ematen dizkiot».

Haien ereduari jarraituz, bizikletara igotzeko gogoa piztu dakieke Nafarroako Erriberako gazteei. Baliteke gaurko etapak ere xaxatzea, gizonen Espainiako Vueltako hamargarren saioak bezalaxe: Arguedastik atera eta Nafarroako hegoaldea zeharkatuko dute ziklistek, helmugaren bila; Belaguan amaituko da. Emakumeen Vueltan, berriz, tropela Cortestik oso gertu igaroko da laugarren etapan, baina Nafarroan sartu gabe. Aho batez, azken analisi bat egin dute Aznar anaiek: «Horrek guztiak hauspotu egin dezake hemengo txirrindularitza. Ordea, oinarria da garrantzitsuena; eskolak indartzea eta baliabide nahikoa izatea, alegia. Hobetzeko tarte handia dago oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.