Euskal Herriko Itzulia

Hayter izan da azkarrena Bastidan

Ethan Hayterrek (Ineos) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapa. Jon Aberasturi (Trek) hirugarren izan da, eta Alex Aranburu (Movistar) laugarren.

jarraia226406.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 3a
17:42
Entzun

Gogotik egin du lan Ineosek Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapan, eta helmugan merezitako saria jaso du. Ethan Hayterrek irabazi du lehenengo etapa Bastidan (Araba), Omar Fraile santurtziarrak bideratu dion esprintean nagusituta. Sasoiko lehen garaipena lortu du Ingalaterrako txirrindulariak, eta hamar segundoko gainsaria eskuratu du helmugan. Hirugarren egin du Jon Aberasturik (Trek), eta laugarren Alex Aranburuk (Movistar). Bestalde, Pello Bilbaok gaixorik zegoela adierazi du Gasteiztik abiatu aurretik. Majo sufritu du gernikarrak tropelaren erritmoan aritzeko, baina eguna libratu du azkenerako.

161 txirrindulari ziren gaur ateratzekoak, baina Jaakko Hanninen, (AG2R) ez da tropelarekin batera irten. Etapa lasaiena izan zitekeela aurreikusten zen hasieratik, eta gozo-gozo aritu dira txirrindulariak tropelean. Haizearen beldur ziren bat baina gehiago irteeran, baina arazo handiegirik gabe egin dute Gasteiztik Bastidarako bidea.

Kostata sortu da eguneko ihesaldia gaurkoan. Jon Barrenetxea (Caja Rural), Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi), eta Cristian Rodríguez (Arkea) sartu dira bertan azkenerako. José Manuel Díaz (Burgos BH) eta Ibon Ruiz (Kern Pharma) ere ahalegindu dira hirukotearekin bat egiten, baina ez dute lortu, eta tropelak irentsi ditu. Berehala iritsi dira txirrindulariak eguneko mendate bakarrera: Opakua (7,1 kilometro eta %5,8ko pendiza). Hiru minutuko aldearekin iritsi dira iheslariak tontorrera, helmugatik 132 kilometrora, baina kontrolpean izan du tropelak lasterketa une oro.

Mendiko sailkapenari begira, eguneko beste puntu erakargarrietako bat, Barrenetxea izan da lehenengoa tontorrean. Sei puntu bildu ditu, eta hark jantzi du pinportadun maillota. Lau puntu eskuratu ditu Rodriguezek eta bi Juaristik. Hiru minututik gorako aldea izan dute une batez aurreko hirukoteak, baina motzean lotu du soka tropelak, eta helmugarako 30 kilometro gelditzen zirenean ezerezean utzi du ihesaldia.

Orduan hasi zitekeen urduritasunen dantza tropelean ondo kokatzeko, baina lasai egin  dute azken kilometroetara bidea, zabal-zabal jarrita. Guardiako tarteko esprintean soilik sortu da aztarrika tropelaren aurrealdean. Gainsariek garrantzia izango zutela aurreikusi zitekeen, eta faborito gehienak mugitu dira puntuen bila. Daniel Felipe Martinezek (Ineos) lortu ditu hiru puntuak, Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) bi puntu lortu ditu, eta bakarra Marc Solerrek (UAE).

Esprint horren ostean lasaitasuna nagusitu da tropelean berriro ere, eta, amaieran, esprintean erabaki da etapa. Esprinter petorik gabe etorri dira talde guztiak Euskal Herrira, eta txirrindulari azkarrek aukera izan dute garaipenaren lehian sartzeko. Azken metroetan aldapatxo bati egin behar izan diote aurre, eta bertan egin du apustua Ineosek. Frailek ezin hobeto bideratu du esprinta, eta Hayterrek azken ehun metroetan jota jarri dio ginga santurtziarraren lanari. Eskuinetik ahal bezala aurreratzen ahalegindu da Aberasturi, baina indarrik gabe gelditu da gasteiztarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.