Hautsa kendu dio

Iker Arozena da saltorik handiena egin duen euskal atleta: 7,81 metro. 20 urteko jauzilari hondarribiarrak lau zentimetro hobetu berri du aurreko marka; 1986koa zen. Baina gehiago nahi du: «Seguru nago urrunago salto egin dezakedala».

MICHAEL DENKER / BERRIA.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hautsa hartzen hasia zen Luis Felipe Areta Pipe-k eta Javier San Adrianek luzerako jauzian egindako errekorra. Haiek ziren inoizko jauzirik luzeena egin zuten euskal atletak: 7,77 metro. Aspaldi egin zuten biek: Aretak, 1963an, eta San Adrianek, 1986an.

36 urte pasatu behar izan dira euskal atleta batek urrunago jauzi egin dezan. Iker Arozenak egin du (Hondarribia, Gipuzkoa, 2001). 7,81 metro egin du salto Bidasoa Atletiko taldeko jauzilariak. Hark kendu dio hautsa aspaldiko errekorrari.

Inor gutxi hartu du ustekabean, Arozenak denbora baitzeraman errekorraren usainean. Duela urtebete, hamar zentimetroko hozkada ematear izan zen. 7,87 saltatu zuen, baina gehiegizko haizeak lagunduta egin zuen: 2,1 metro segundoko, legezkoa baino dezimetro bat gehiago baino ez. Aurten, berriz, maiatz hasieran, lehiatzen zen bigarren egunean, Aretaren eta San Adrianen marka berdindu zuen. Eskura zuen, eta ez dio ihes egiten utzi. Maiatzaren 25ean hobetu zuen, Logroñon (Espainia).

«Banuen itxaropena errekorra hobetzeko, iaz oso gertu ibili bainintzen. Baina ez nuen espero horren goiz egingo nuenik: batetik, duela gutxi hasi baitut aire zabaleko sasoia; eta, bestetik, zenbait lesio direla eta, hamar hilabetez egon bainaiz lesionatuta; horren ondorioz, ez nintzen lehiatu pista estalian. Oso pozik nago. Ezin hobeto ekin diot denboraldiari», esan du Arozenak.

Berehala aipatu du: hamar hilabete inguru egin ditu lesionatuta. Saihets batean, iskioetan, aduktoreetan, ezker oineko bi hatzetan...Minak jota egon da ia azken urte osoan. Hori dela eta, «lasai» hartu du aire zabaleko sasoia. «Helburu bakarra jarri diot neure buruari: gozatzea. Horrenbeste sufritu eta gero, gozatu egin nahi dut. Ez dut burua behar baino gehiago estutu nahi. Iaz, etsita bukatu nuen, ez bainuen lortu 23 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka. Ez nuen berriz halakorik gertatzerik nahi. Presiorik gabe aritu izanak mesede egin dit. Oso gustura nabil, oso erregular, eta izugarri eskertu dut minik ez izatea».

Haren ustez, «deigarria» da 36 urtez Euskal Herriko atleta bakar batek ez hobetu izana marka. Ez du azalpen zehatzik. «Agian, ez da egon maila oneko jauzilaririk», aitortu du. Oso gazte hobetu du berak, 20 urterekin, baina jarraian zehaztu du San Adrianek oraindik eta gazteago izanda hobetu zuela. «18 urterekin lortu zuen berak. Sekulako meritua du». Adin berarekin hasi zen Arozena luzerako jauzian. Ordurako zortzi urte zeramatzan atletismoan, eskola kirolean probatu zuenetik. Denetarik egin zuen hasieran, proba konbinatuak gero, eta luzerako jauzia azkenik.

Gehiago nahi du. «Sinetsita» dago urrunago salto egin dezakeela. «Ez dakit zenbat, baina seguru nago oraindik eta gehiago jauzi egin dezakedala». Luzerako jauzian badago esanahi handiko langa bat: zortzi metroak. Hura gainditzearekin egiten du amets. «Jauzilari guztiok nahi dugu aurreneko langa hori pasatu. Erronka handia da, baina ez dut oso urrun ikusten. Aurten, ez dut uste lortuko dudanik, baina aurrerago, nork daki. Nik gogor jarraituko dut lanean ahalik etaurrunago jauzi egiteko».

Berezkoa eta lana

Argi du zertan moldatzen den ondoen eta zertan okerrago. «Oso azkarra naiz, eta eutsi egiten diot abiadurari. Ondo egiten dut salto, eta teknika nahiko txukuna dut», azaldu du. Baietz dio berezkotik ote duen galdetuta, baina berehala azpimarratu du berezkoak ezer gutxirako balio duela lana egin ezean. «Eta nik badakit asko dudala hobetzeko: abiadura, indarra, zehaztasuna, oldarkortasuna... Horretan ari naiz».

Oso ondo antolatua du lana: astean zehar Gasteizen bizi da, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea ikasten ari baita. Hiru egunetan entrenatzen da Mendizorrotzan, bi orduz egunean, Euskal Herriko Unibertsitateko klubeko Gorka Zuazo entrenatzailearen esanetara. Asteburuan, berriz, Hondarribira itzultzen da, eta Irunen entrenatzen da larunbatean (Gipuzkoa), Bidasoa Atletismo Taldeko Gorka Sotoren aginduetara. Horrez gain, beste jauzilarien bideoak ikusten ditu. «Iraganekoen artean, Ivan Pedroso kubatarra dut eredu. Oraingoen artean, berriz, asko gustatzen zait Miltiadis Tentoglou greziarra».

Gutxienez hiru txapelketa ditu sasoi honetan marka hobetu ahal izateko: asteburu honetan, Espainiako Lehen Mailako Kluben Arteko Txapelketan ariko da; datorren astean, Ordiziako Sari Nagusian (Gipuzkoa); eta bi aste barru, Espainiako Txapelketan. Europako eta munduko txapelketak jokatuko dira uztailean eta abuztuan, baina ez du bere burua haietan ikusten. «8,10 metro eskatzen dute horietan lehiatzeko, eta asko da hori». Horixe du helburu: nazioarteko txapelketa batean aritzea. Bitartean, «pausoz pauso» joan nahi du: «Beti aurrerantz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.