HAUTAGAIAK ARGI SAMAR DITUZTELA

Sherpa Ai Aizkolari Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur, Bilboko Miribillan. Gizonezkoetan sei lagun ariko dira, eta emakumezkoetan, hiru. Kirol lehiaz haragoko jaialdia antolatu dute, eta musika emanaldiak ere egingo dituzte: Zea Mays, Zetak eta Sune ariko dira giroa berotu nahian.

Hiru emakume eta sei gizon arituko dira lehian gaur, Bilbon. Irudian, iazko txapelketako une bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bederatzi lagunek hartuko dute parte gaur Sherpa Ai aizkolari txapelketako finaletan (12:00, Gol). Sei batuko dira gizonezkoen lehian: Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa. Beste hirurak, berriz, emakumezkoenean: Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi.

Iker Vicentek eta Karmele Gisasola Zelai III.ak aurten ez aritzea hobetsi dutenez, txapeldun berriak izendatuko dituzte. Hori bai, guztiek ere argi samar dituzte gailentzeko hautagaien izenak. Batean, Larrañaga, Alberdi eta Otaño dira faborito; bestean, Arruti. Lehia ofizialetatik kanpo egon arren, sona handiko jaialdia antolatu dute Bilboko Miribillan: besteren artean, Zea Mays, Zetak eta Sune musikariak ariko dira.

ENEKO OTAÑO
Beizama, Gipuzkoa, 1994
«Aurten ez diet irabazi,eta ea oraingo honetan egitea lortzen dudan»

Eneko Otaño da hautagaien multzoa osatzen duten aizkolarietako bat. Goren mailan ari da azken urteetan, eta erakutsia du onenak estutzeko gai dela: «Gogotsu nago. Urtea ez dut oso ondo eraman; txispa eta kolpe faltarekin egon naiz. Azken bi asteetan atseden hartu dut. Ea txispa berreskuratu dudan, eta lan ona egiteko moduan naizen». Beizamarrak esan du hiru hautagaiak «borrokan» ari direla aspaldian: «Larrañaga apur bat gorago aritu da, baina Donostian ikusi zen Txikiak zer-nolako lana eginda kendu zion [Urrezko Kopa]. Gero, Gipuzkoako txapelketan Larrañaga nagusi izan zen. Aurten nik ez diet irabazi, eta ea oraingo honetan lortzen dudan».

Bestalde, jaialdian izango diren berritasunen inguruan, Otañok esan du antolatzaileek «eredu amerikarrera» jo dutela, kirola eta musika uztartuta: «Polita da, aizkoran beste inon ez baita halakorik ikusten».

MIKEL LARRAÑAGA
Azpeitia, Gipuzkoa, 1989
«Nire lana ondo egiten badut, txapela janzteko lehian izango naiz»

Mikel Larrañaga da irabazteko kiniela gehienetan agertzen den aizkolaria. Iazko bigarren sailkatuak urte ona osatu du—Gipuzkoako txapeldun izan da, besteak beste—, baina, halere, badaki kontrarioek ez diotela garaipenerako bidea erraztuko: «Hautagai nagusietako bat izango naiz, izatekotan. Azken urteetan hor nabil, kanporaketan ere ondo aritu nintzen, eta uste dut lana ondo egiten badut txapela lortzeko lehian izango naizela».

Hiru hautagai nagusiez harago, Larrañagak adierazi du parte hartzaileen zerrenda ona dela: «Kartela itxurosoa da. Ikusten da gazteak ere aurrera egiten ari direla, eta ikuskizun polita izango da».

JULEN ALBERDI, TXIKIA IV.A
Azkoitia, Gipuzkoa, 1991
«Ezin da oinbikoetara indarrak xahututa iritsi, baina oso atzean ere ez»

Julen Alberdik garai onean helduko dio gaurko probari, eta badu txapela janzteko ilusioa: «Eneko, Mikel eta ni antzera gaude; oraintxe bat, oraintxe bestea, nork egun hobeagoa duki. Uste dut borroka hori egongo dela». Txikia IV.ak adierazi du oinbikoak gako izango direla txapelketan, baina, halaber, enborrik handienetara ailegatu aurreko egurrei ere eman die garrantzia. Bina kana-erdiko (54 ontzakoak)eta 60 ontzako moztuko dituzte lehenik, oinbikoetara (72 ontzakoak) heldu aurretik: «Hasieratik, lorik hartu gabe aritu behar da. Egur horiek ere beren lana dute; ezin da oinbikoetara indar denak xahututa iritsi, baina oso atzetik ere ez. Oinbikoena aldapa handia da, eta ezin da deskuidatu».

UGAITZ MUGERTZA
Mutriku, Gipuzkoa, 1987
«Laugarren postua lotu, eta, ahal bada, aurrekoak estutu nahi ditut»

Ugaitz Mugertzak ibilbide luzea du aizkoran, baina estreinako aldiz ariko da Sherpa Ai txapelketako finalean. Urrats hori eginda, Mugertzak badaki ez dagoela irabazteko hautagai nagusienen zerrendan. Hark azaldu duenez, «Larrañaga, Txikia eta Otaño» daude aurretik.

Dena den, ez du hasi aurretik amorerik eman nahi: «Saiatzea izango litzateke nire helburua. Amundarain eta Soroa ere maila onean daude, eta haiekin ere kontuz aritu beharko dut. Hasieran, nire gogoan dagoen postua laugarrena da, eta gero, hirugarrena estutu ahalko banu, ondo egongolitzateke».

Mutrikuarra «gustura» dago finalera begira egin duen prestaketarekin. Haren esanetan, ohiko lanak egin ditu etxean: «Beti bezala entrenatu naiz. Kanporaketa prestatzen den moduan aritu naiz, baina lan luzeagoak eginda. Azken finean, lan bikoitza da finalekoa, eta bikoitza asko da. Erritmoa ere berdina izaten da».

Ikusteko dago gaurko finalean zer-nolako egurra aurkituko duten. Entrenamenduetan erabili duenak ez du aizkolari gipuzkoarra gogobete: «Aukera on-onik ez dut izan. Batez ere, oinbikoetan egur gogor samarra aurkitu dut. Baina, tira, entrenamenduetan nahiko gustura sentitu naiz, eta horrekin geratzen naiz».

IBAI SOROA
Arribe, Nafarroa, 1994
«Nire asmoa da lanaitsu-itsuan egitea, besteei begiratu ere egin gabe»

Ibai Soroak helburuak lortuta abiatuko du gauko finala. Berebizikoa izan zen urrian egin zuen jarduna. Lehendabizi, Sherpako bigarren mailako txapelketa irabazi zuen, eta maila nagusirako sailkatu zen hala. Gero, goren koskako kanporaketan sei onenen artean sailkatu zen, eta hargatik ariko da Bilbon. Gozatzea du gaurko helburua: «Nirea asmoa da lana itsu-itsuan egitea, besteei begiratu ere egin gabe, eta ikusiko dugu gero zer ateratzen den», adierazi du.

Orain artean egindakoei dagokienez, aizkolari nafarrak azaldu du Promozio mailako finalean «gustura» aritu zela: «Uste baino hobeki atera zitzaidan. Gero, kanporaketan, egun on bat igarotzera joan nintzen. Lanak ez nituen oso ondo egin, baina ondo atera zen».

TXOMIN AMUNDARAIN
Arribe, Nafarroa, 1993
«Gozatu egin nahi dut. Etxeko lanak plazan egiten baditut, ni pozik»

Txomin Amundarainek herrikidearen bide bera egin du finalera artean: promozio mailakoan abiatu, kanporaketa gainditu, eta Bilbora iritsi: «Ez nuen inolaz ere espero», onartu du Amundarainek. Ordea, sailkatu orduko, lantegi berria prestatzen aritu da. Plazan estreinako aldiz egingo du finaleko lana, eta oinbikoei erreparatu die bereziki: «Ebakerak alde eginez gero, minutu asko galdu daitezke, eta horrek morala jaits dezake».

Hargatik, Amundarainek ez du xede jakinik ezarri estreinaldirako: «Inongo helbururik gabe noa, postuei dagokienez. Gozatu egin nahi dut, eta, etxeko lana han egiten badut, ni pozik. Han egongo den giroarekin, gainera».

NEREA ARRUTI
Urnieta, Gipuzkoa, 1990
«Une oso onean nago. Helburua? Ahalik eta lanik politena egitea»

Zalantzarik gabe, Nerea Arruti da emakumezkoen finala irabazteko hautagai nagusia. Hark irabazi ditu aurten jokatutako txapelketa garrantzitsuenak —Euskadiko aizkolari txapelduna izan zen gaur zortzi—, eta aldarte onean ekingo dio Sherpako finalari ere: «Une oso onean nago. Ondo nago fisikoki, eta gogotsu nago finalerako. Nire helburua da ahalik eta lanik politena egitea, eta irabaziz gero, orduan eta hobeto».

Lau 45 ontzako ebaki beharko dituzte finalean, eta horrekin ados dago urnietarra: «Gustatzen zait. Ondo dago: zenbat eta enbor gehiago, orduan eta hobeto aritzen naiz».

IRATI ASTONDOA
Zeanuri, Bizkaia, 1991
«Aurrerako urratsa egin dugu egurren tamainan,maila igo egin baita»

Irati Astondoak (Zeanuri, Bizkaia, 1991) ondo baino hobeto ezagutzen ditu emakumezkoen aizkoraren nondik norakoak. Hura izan zen plazan aritzen lehendabizikoetako bat, eta horretan segitzen du oraindik ere. Hargatik, begi onez ikusi du aurten egurren tamaina aldatzeak. Iaz bina 36 eta 45 ontzako ebaki zituzten finalean. Aurten, berriz, lau enborrak izango dira 45ekoak: «Aurrerapausoa egin dugu egurren tamaina igota, aizkolarien maila igo baita. Datorren urtera begira ere, gehiago handituko nituzke. Geroz eta entrenamendu luzeagoak egiten ditugu, eta gehiago irauten dugu aizkoran. Uste dut ari garela apurka-apurka pauso batzuk ematen».

Kirol lehiari helduta, Astondoak dio «Arrutiri eustea» izango dela bere helburua: «Ezinezkoa ikusten dut irabaztea, baina saiatuko naiz. Haren atzetik joan, eta, ahal bada, aurreratu. Baina nahiko zaila ikusten dut». Astondoak adierazi du aurreko egunetan ez duela aparteko estutasunik izan: «Nahiko lasai egon naiz, oro har. Eguna ailegatzean mugitzen zaizkit barrenak, baina aurretik lasai antzean aritu naiz».

UXUE ANSORREGI
Mendaro, Gipuzkoa, 1995
«Igandekoa ikusita, jada hautagaiak badaude.Ni, lana egoki egitera»

Uxue Ansorregik osatuko du emakumezkoen finaleko aizkolari sorta, eta argi adierazi du: «Finalaren atarian sentipen onak ditut, baina Euskadiko txapelketako emaitzak ikusita, Iratiren eta Nerearen aurrean, nire lana txukun egitea noa. Ahalik eta ondoena moztu, eta ahalik eta lasterrena egitea. Hori lortzera noa finalera».

Arrutik eta Astondoak bezalaxe, Ansorregik ere erreparatu dio Miribillan egin beharreko lanari. Mendarokoak azaldu duenez, sekula egin gabeko lana da hori: «Aurrekoan, Euskadikoan, bina 36 eta 45eko, eta kana-erdiko bat ebaki genituen. Oraingoa erronka polita iruditzen zait, eta ikusteko ere hala izango dela uste dut. Aurreko astean kana-erdikoek hautsi zuten lehia. Orain halakorik ez dago, eta txikirik ere ez [36 ontzakoak]. Zenbat eta indar gehiago eduki, orduan eta azkarrago ebakitzen dira haiek».

Ansorregik ez du uste, ordea, gailentzeko moduan izango denik: «Lehengoa ikusita, hautagaiak badaude jada. Ni, lanak egoki egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.