TXIRRINDULARITZA

Hautagai bat beste guztien gainetik

Abuztuaren 12tik 18ra jokatuko da Frantziako Tourra, eta zortzi etapa izango ditu. Rotterdamen hasi, eta Alpe d'Huezen amaituko da. Demi Vollering da faborito argia.

Demi Vollering, maillot horiarekin, Erromandiako Itzulian. JEAN CHRISTOPHE BOTT / EFE
Demi Vollering, maillot horiarekin, Erromandiako Itzulian. JEAN CHRISTOPHE BOTT / EFE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 11
05:00
Entzun

Bihar hasi eta datorren igandera bitartean jokatuko da emakumezkoen Frantziako Tourra. Zortzi etapa izango ditu aurtengoak, eta lasterketa Frantziatik kanpo hasiko den lehen aldia izango da. Izan ere, aurreneko hiru etapak Herbehereetan egingo dira, Rotterdam hirian kokatutako irteeratik hasita. Haga eta Dordrecht hiriekin lotuko da ondoren, lehen etaparen helmuga eta bigarrenaren irteera hartzeko, hurrenez hurren.

Lasterketa antolatzen duen elkarteak, ASOk, sei talde gonbidatu ditu, eta horietako bat Laboral Kutxa da. Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza izango dira taldearen bi erreferentziak sailkapen nagusiari begira: Santesteban azken bi ekitaldietan aritu da, eta iaz zortzigarren izan zen. Ostolazak, berriz, lehen aldia izango du Tourrean.

Yurani Blanco, Debora Silvestri, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi izango dira Santestebanekin eta Ostolazarekin batera Frantziako itzuliari aurre egiteko aukeratu dituzten zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean. Multzo oso bat, azken bi etapetan igo beharko dituzten Le Grand-Bornand eta Alpe d'Huez mendateei aurre egiteko igotzaile trebe eta guzti. Eta beste ibilbideetan ondo moldatzen diren beste txirrindulari batzuk ere badituzte. «Ibilbidearen beharretara egokitutako talde bat» eraman dutela nabarmendu du Ion Lazkano taldeko kirol arduradunak: «Talde orekatua izango dugu irteeran. Hasierako ordekako ibilbideari aurre egiteko lehiatzeko txirrindulariak ditugu, ihesaldietan eta esprintetan sartzeko, hain zuzen ere; baita laugarren, bosgarren eta seigarren etapetako aldapetan eta ertainako mendian borrokatzeko ere; azkenik, gure bi erreferente nagusiak, Ane eta Usoa, azken bi etapa menditsuetan sailkapen nagusian sartzeko gure bi hautagaiak izango dira».

Lazkanok adierazi duenez, gogoa eta ilusioa ez zaie faltako. «Italiako Giroan ondo aritu ginen, eta, orain, esperientzia hori badaukagu. Maila pixka bat hobea izango da hemen, Tourra Tourra baita. Baina, taldea hobeto iritsiko dela ere uste dut, bai liderrak, baita lan egin beharko duten gainerako taldekideak ere. Nahiz eta gure lehenengo Tourra izan, tropela aski ezaguna dugu, eta aurkariak urtean zehar eduki ditugunak izango dira».

Berritasun gisa, abuztuaren 13an, lan saio bikoitza izango dute: goizean, 67 kilometro egingo dituzte, eta, arratsaldean, berriz, erlojupekoa jokatuko dute, 6,3 kilometroko ibilbidean. Laugarren etapak klasiko kutsua izango du, Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketetan ohikoak diren errepideetan egingo baita. Hurrengo bi etapak ere bihurriak izango dira: bosgarren etapan, bost muino gainditu beharko dituzte; eta, biharamunean, beste bost igoera izango dituzte bidean, bezperakoak baino luzeagoak. Mendaterik gogorrenak, dena den, azken bi egunetan igoko dituzte: zazpigarren etapa Le Grand Bornanden bukatuko da, aurrez lau igoera lotu ondotik. Azken etapak, berriz, Alpe d’Huez ospetsuan izango du helmuga.

Faborito nagusia

Demi Vollering (SD Worx) Frantziako Tourreko egungo txapelduna faborito nagusia da kiniela guztietan, 2023an bere lehen Tourra irabazi ondoren. Aurreko urtean bigarren izan zena, Lotte Kopecky taldekidea, Parisko Olinpiar Jokoetan aritu da, eta, beraz, ez da Frantziako Tourrean egongo. Hortaz, Elisa Longo Borghini (Lidl) izango da Volleringen aurkari nagusia. Lorena Wiebes (SD Worx), Juliette Labous (DSM) eta Marianne Vos (Visma) izango dira kontuan hartu beharreko beste txirrindularietako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.