Xakeak bi munduko txapeldun izango ditu 2023an. Batetik, Ding Liren-Ian Nepomniaxtxi norgehiagokatik ateratzen dena, ofiziala; eta, bestetik, Magnus Carlsen. Norvegiarrak uko egin dio Munduko Txapelketa jokatzeari, ez dago horretarako motibatuta. Baina zale eta aditu gehienentzat hura da jokalaririk onena. Xakean hori da tradizioa: munduko jokalaririk onenak txapelduna izan behar du. Gainontzean, norgehiagoka bat antolatu behar da, eta gauzak konpondu. Hori jakinda, argi dago txapelketa ofiziala bukatu bezain pronto Carlsen-Nepomniaxtxi edo Carlsen-Liren norgehiagoka antolatu nahiko dutenak azalduko direla.
Kalkuluen arabera, munduan 600 milioi pertsonak jokatzen dute maiztasunez xakean. Horietatik 350.000 baino gehiago federatuta daude, eta lehia ofizialetan hartzen dute parte. 190 herrialde dira FIDEko (Xakeko Nazioarteko Federazioa) kide. Soilik futbol, saskibaloi eta atletismo federazioak daude aurretik. Xakeak duen indarraz jabetzeko, Dubain jokatutako azken Munduko Txapelketako datuei erreparatzea besterik ez dago. Besteak beste, 12,6 milioi streaming ordu ikusi ziren, eta aldi berean 600.000 jarraitzaile baino gehiago izan zituen une konkretuetan. Munduko Txapelketak diru asko mugitzen du. Hori dela eta, 2023ko finalaren ostean, FIDEtik kanpoko hainbat korporazio eta erakundek Carlsen eta Nepo edo Liren tentatuko dituzte, haien arteko buruz buruko bat antolatzeko. FIDEk ezin izango du ezer egin horren aurrean. Gakoa jokalarientzat nahikoa diru jartzea izango da, eta formatua Carlsenen gustukoa izatea. Nazioarteko federazioak etorkizuneko Munduko Txapelketen kontrola galtzea dago jokoan.
Txapeldunaren garrantzia
Titulua izateak garrantzi handia izan du beti jokalarientzat. Ez bakarrik prestigio aldetik, baita ekonomikoki ere. Munduko txapeldunek ahal izan duten guztia egin dute tituluari eusteko. FIDE sortu aurretik, merezimenduak pilatuz gero, jokalari batek txapelduna desafiatzeko aukera zeukan. Txapelduna desafioa onartzera behartuta zegoen neurri batean, baina baldintzak ipini ahal zituen. Hori dela eta, egoera bidegabeak gertatu ziren. Emmanuel Laskerek, adibidez, uko egin zion hainbat hautagai arriskutsuren aurka jokatzeari. Haatik, beste batzuen aurka jokatzea onartu zuen. 27 urtez eutsi zion tituluari. Alexander Alekhinek uko egin zion hainbat aldiz Jose Raul Capablancaren aurkako kitarakoa jokatzeari, eta hil arte izan zen txapeldun.
Ez zen soilik estatus kontua. Munduko txapelduna izateak ate asko zabaltzen zizkien jokalariei. FIDErekin hori aldatu egin zen, eta Munduko Txapelketa arautu egin zuten.
Carlsenen aurretik soilik bi jokalarik egin zioten uko titulua defendatzeari. Oso kasu desberdinak izan ziren. Lehena Bobby Fischerrena izan zen. Estatubatuarrak Munduko Txapelketa irabazi zuen 1972an, baina, nahiz eta munduko —eta agian historiako— onena izan, galtzeko beldur patologikoa garatu zuen, eta 1975ean ez zuen Anatoli Karpoven aurka titulua defendatu. Betetzeko ia ezinezkoak ziren eskariak egin zituen jokatzeko, eta FIDEren ezezkoa aitzakia perfektua izan zen. Fischer mito bihurtu zen xakeko belaunaldi oso batentzat, eta askok benetako txapelduntzat jo zuten denbora luzez.
1993koa da Kasparoven kasua. Desberdina izan zen. Errusiarrak Nigel Shorten kontra jokatu behar zuen finala, baina biek FIDE salatu zuten, eta euren final propioa antolatu zuten. Horretarako, PCA Xake Profesionaleko Elkartea sortu zuten. FIDEk bere txapeldunak izan zituen, eta PCAk, bereak. Hala eta guztiz ere, xake munduarentzat Kasparov zen munduko txapelduna. 2000. urtean Kasparovek galdu egin zuen Vladimir Kramniken kontra, eta banaketa hori amaitzeko pausoak eman ziren. 2006an Kramnik txapeldun bateratua izan zen.
Carlsenen kasua bestelakoa da. Norvegiarrak ez du xakea utziko, eta ez du elkarte edo munduko txapelketa paralelo bat sortuko ere. Baina torneoak jokatzen eta irabazten jarrai dezake munduko txapeldun izan gabe. Hori ez da jasangarria xakearentzat, eta egoerari etekina ateratzeko nahian dabiltzanek, ziurrenik, apustua areagotuko dute.