Usain zitekeen ez zela gauza onik, eta Juan Martinez de Irujok berak eman zuen albistea atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. «Bihotzeko lesio bat topatu didate, eta aldi batean kantxetatik kanpo egongo naiz». Lehen ere hiru hilabetez jokatu gabe zegoen Iberokoa, binakako finalean hatz batean min hartu zuelako, baina bestelako eritasunarekin egin du topo oraingoan. Eritasun larriagoarekin. «Bihotzean arazo bat aurkitu diogu, eta nahiago dugu prebentzioz jokatu. Ez du arazorik bizitza normala egiteko, baina bai pilotan aritzeko. Debekatua du neurriz gora kirola egitea», adierazi zuen Txema Urrutia Aspeko medikuak. Noiz arte egongo den horrela? Batek daki. «Garbi esan nahi dut: hau ez da agurra. Kazetarien aurrera azaldu naiz errespetua dudalako eta pilota maite dudalako, ez erretiroa iragartzeko». Medikuen emaitzen zain egotea tokatzen da orain.
Erretiroan eta halako kontuetan «ez pentsatzea nahiago» duen arren, negar malkoak gertu zituela hitz egin zuen Irujok.Bi begiak gorrituta. Zehazki, 11:30ean zuen hitzordua, bainaareto inguruan zenordu erdi lehenago, batarekin eta bestearekin hizketan. Ezin egonez. Ikusmina sekulakoa zen, kezka ere bai, eta, azkenean, uste txarrak bete ziren. «Aspeko ohiko azterketetan topatu zidaten lesioa». Aurrez ere zerbait bazela uste zuten medikuek, eta, hatzaren erruz geldirik egon behar zuenez, arazoa hobeto aztertzea erabaki zuten. Ondorioa garbia da. «Albistea jakinarazi zidaten ekain hasieran; ordutik, probak egin eta egin ari naiz, eta beti nago emaitza gehiagoren zain. Aurrez, zantzu berezirik ez nuen sentitu, baina, pentsatzen jarrita, baliteke zerbait igarri izana. Mugitu behar dudan tokira mugitzeko prest nago arazoa sendatuko bazait».
Pazientzia beharrezkoa izango da, Urrutiaren esanetan. Lesioaren xehetasunik ez zuen eman nahi izan. «Soilik esan dezakegu bihotzeko arazo bat dela», eta egunez egun joatea izango da onena. «Genetikatik datorren lesio bat izan daiteke, edo bizitzaren joanak berak sorrarazi diona. Ez dakigu». Baina lesioa zehazki bihotzekoa izanda, uste du hobe dela arriskurik ez hartzea. «Ezin du ahalegin fisiko handirik egin. Aurrerantzean, atseden hartu beharko du. Emaitza zehatzagoak esku artean izan arte, goi mailako kirolari batek ezin dezake arriskurik hartu». Gainera, Urrutiak berak aitortu zuenez, pilotari bati halako agindua ematen dion lehen aldia da. «Gaur egun, bihotzeko kasu txar asko entzuten dira, eta hobe dugu zuhur jokatu».
Nahiago eperik ez jarri
Horregatik, Aspeko pilotariak uste du hobe dela balizko epeetan ez pentsatzea. «Oraindik goiz da erabakiak hartzeko eta balizko epeak jartzeko. Ez naiz ez baikorra ez ezkorra. Errekuperazio fase honetan ilusioa izango dut berriro ere galtza zuriak janzteko, baina nahiago dut horretan ez pentsatu». Oraingoz, familiaren alboan egon eta aurrera egitea izango du buruan. «Beldurtuta nago, ez dut gezurrik esango. Lasterraldi txiki batzuk egitera irten naiz egunotan, eta sufritu egin dut. Ezin bizirik nabil. Galtzamotzak janzterakoan gauza asko pasatzen zaizkit burutik, lasterka ari naizenean ere bai, eta amaitutakoan zer esanik ez. Gaizki pasatzen ari naiz, nire ingurukoak bezala. Aurrera egingo dut».
Ez du izango babes faltarik. 2003an profesional mailako debuta egin zuenetik, pilotan iraultzailerik nagusiena izan da Iberokoa. Ekarpen asko egin zizkion egungo pilotari, inork baino gehiago, eta jendeak zinez maite du. Albistea argitaratu zenean, ehunka erreakzio sortu ziren sare sozialetan, era guztietako pertsonenak, eta jakina da ez duela bakarrik egingo aurrerako bidea. Pilotak behar du Irujo.
«Hau ez da agurra»
Aspeko ohiko azterketa medikoetan bihotzeko arazoak aurkitu dizkiote Juan Martinez de Irujori, eta aldi batean kantxetatik kanpo egon beharko du. Erretiroan ez du pentsatu ere egin nahi: «Ez naiz ez baikorra eta ez ezkorra»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu