Inork ez du sei aldiz irabazi Binakako Txapelketa. Pilotan oraindik gelditzen da markaren bat edo beste hobetzeke. Buruz buruko txapel bildumak handi eta luzeak dira. Ez, ordea, binakakoak. Hiru bakarrik dira bost txapel dituzten pilotariak, eta, nola ez, izen handiak dira hirurak: Julian Retegi, Antton Maiz eta Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981). Bihar, beraz, Iberokoak sailkapen horretako buruan bakarrik gelditzeko aukera izango du, betiere txapela janzten badu. «Egia esan, halako datuak kazetariek bakarrik gogorarazten dizkidazue. Benetan diot: bihar irabazten badut, jokoan dagoen txapela ospatuko dut, beste horiei ez diet erreparatzen. Erretiratzen naizenean begiratuko diot sarien zerrendari».
Binakako txapelen bildumaren tamainak bainoago, dibertsitateaz dago harro Irujo. «Lau atzelarirekin irabazi ditut txapelak, eta bostekin jokatu ditut finalak [sei final jokatu ditu]. Meritu handia du horrek, nik egokitzen jakin izan dudalako, eta besteak nire jokora egokitzen». Bi aldiz izan da txapeldun Fernando Goñirekin —2005ean eta 2009an—, eta behin Peio Martinez de Eulaterekin —2006an—, Jose Javier Zabaletarekin —2013an— eta Abel Barriolarekin —2014an—. Oskar Lasarekin, berriz, galdu egin zuen, 2004an. «Denetarik izan dut alboan», gogoratu du, «seguruak, ezkerra, jotzaileak...».
Atzelari beteranoak eta gazteak izan ditu. «Alde handia dago, eta ni ere aldatu naiz urteekin. Orain ni naiz bikoteko beteranoa», azaldu du. Lehen finala Lasarekin jokatu zuen, oraindik belarritakoak zeramatzanean. «Oskarrek gauzak ziren bezala esaten zituen; onera edo txarrera har zenezakeen, baina bikotearen hobe beharrez egiten zuen, beti. Dena nola zihoan ezagutzen zuen: pilotak, txapelketa... Babestu egin ninduen». Hurrengo bikotekidea ere beteranoa izan zen: Goñi III.a. «Asko ikasi nuen Fernandorekin; galdera asko egiten nizkion», oroitu da. «Nortasun handiko beste atzelari bat zen, eta gauzak argi esaten zituena. Garai hartan, elkarrekin entrenatzen ginen, elkarrekin joaten ginen partida guztietara, bazkari eta afari asko egiten genituen elkarrekin».
Goñi III.arekin irabazitako bi txapelen artean irabazi zuen Eulaterena. «Denbora guztia egiten genuen elkarrekin. Lagun onak gara. Oberenan elkarrekin ibiltzen ginen debutatu aurretik, entrenatu ere batera, euskaltegian ere elkarrekin eman genuen izena... Neska-laguna baino gehiago ikusten nuen Pedro». Kantxa gainean, aldiz, Irujok hartu zuen lema, atzelaria zaharragoa zen arren, lehen txapelketa zuelako. «Ordurako buruz buruko txapel bat eta binakako bat irabaziak nituen. Pedro gidatzen saiatu nintzen, baina berehala egokitu zen. Konfiantza handia eman zidan».
2013an egin zuen bat Zabaletarekin. «Beste gauza bat zen», goratu du Irujok. «Agian ez zuen aurrekoen segurtasunik, baina jotzaile batekin jokatzen nuen lehen aldia zen. Nola ematen zion pilotari». Irujok aitortu du berak hartu zuela zama, baina, hala ere, «erosoagoa» zela Zabaletarekin jokatzea. «Berak agintzen zuenean, tantoa egiteko aukera asko nituen». Atzelari multzoen artean hark eta Beñat Rezustak harritu dute gehien. «Horiek pilotakada askatzen dutenean... Gainetik zein ziztutan doan ikusten duzunean... Harrigarria da».
Txapel kutunenen artean 2014koa du Irujok, Abel Barriolarekin irabazi zuena. «Liberazio moduko bat izan zen biontzat; primeran etorri zitzaigun. 2012an txapelketa tamalgarria egin genuen elkarrekin, eta beste modu batera hartu genuen». Leitzarraren dohainak deskribatzean, bat nabarmendu du: «Segurtasuna ematen dizu». Finala, gainera, egoera berezian jokatu zuen Irujok —Olaizola II.a-Aretxabaleta izan zituzten aurkari—. «Ezker eskua txikituta neukan, ia ezin nuen ezta pilota jo ere, eta Abelek izugarri lagundu ninduen. Eskarmentua du, badaki kantxan egoten eta bikote lan handia egin genuen».
Eta, aurten, berriz ere gazte indartsu bat egokitu zaio: Rezusta. «Harreman oso ona dugu, baina txapelketaren hasieran kosta egin zitzaigun kantxan elkar hartzea». Zergatik? «Txapelketaren aurretik gutxitan jokatu genuen elkarrekin, eta haren jokoa ezberdina da. Ezkerra da, eta haren pilotakadak askotan ukitzen du ezker pareta. Baina hain bortitza da kolpea... Gero, defentsan, askotan ahaztu egiten zait eskuinera doazen pilotekin lagundu behar diodala». Rezustak onartu du Irujorekin jokatzeak errespetua sortu izan diola; horrek, baina, grazia egiten dio. «Ez dut uste horretarako arrazoirik dagoenik. Ni beste bat gehiago naiz».
Palmares handia du, baina baita arantza bat ere. «Txapel bat irabazi nahiko nuke Beroizekin». Zaila izango da, atzelaria egun Asegarcen baitago, baina behin jokatu zuten elkarrekin txapelketan, 2010ean, eta finalerdietan kanporatu zituzten. Ligaxkako hiru partidetatik bi 22-21 galdu zituzten. «Ni eskuetako arazoekin ibili nintzen, eta ezin izan nuen nirea eman. Bizitza osoa daramagu elkarrekin, bere bikotekidea Iberokoa da, harreman estua dugu... Nahiko nuke harekin jokatu. Eta David Merinorekin; harekin jokatu nuenean ere ez nuen nire maila eman».
Olaizola II.arekin, gustura
Atzelariei buruz hitz egiten hasita, bihar finalean parean izango duena aipatu beharko. Harrituta dago Mikel Urrutikoetxeak eginiko lanarekin. «Ez nau harritu eman duen mailak, denok baitakigu zenbat jokatzen duen, baizik eta zenbat partidatan eman duen bere maila. Ez du egun txarrik izan, eta eskuek ondo eutsi diote». Partidarik onena, gainera, euren aurka jokatu zuen. «Bosgarren koadroan jartzen da, bolearekin, eta ez dago haren gainetik pasatuko denik. Duela gutxi arte, botera jokatzen zuen pilotaria zela esaten zen, gatza zuelako, eta begira orain. Aimarrek, gainera, asko laguntzen dio». Finala aztertzen hasita, hor ikusi du bidea: «Urrutiren bila joan behar dugu».
Irujok jokatu izan du atzelari moduan, baina inoiz ez txapelketan. Orain onartuko al luke? «Aimarrekin bai. Aimarrekin jokatuko nuke atzelari moduan. Erronka handi bat da, dena den. Gauza bat torneo bat da, eta beste bat, txapelketa oso bat». Enpresek badute nondik jo, udan jaialdi erakargarriren bat antolatzeko. Txapelketa ez bada, torneo bat, behintzat. Irujo prest dago. Orain Olaizolarekin jokatuko luke, baina 26 urterekin eskatu izan baliote, Urrutikoetxeari bezala? «Bada, ez dakit; aurrelari onenarekin eskaini balidate, bai. Adibidez, Titinekin».
Pilota. Binakako Txapelketako finala
Hau bai lagun ona
Bihar irabazten badu, binakako txapel gehien lortu duen pilotaria izango da Juan Martinez de Irujo: sei, guztira. Iberokoak, baina, kopuruari baino garrantzi handiagoa ematen dio lau atzelarirekin irabazi izanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu