Hasteko, ikuskizuna

Cardiff Bluesek 31-30 irabazi dio Gloucesterri Challenge kopako finalean. Leinster eta Racing 92 ariko dira gaur Txapeldunen Kopakoan

Cardiff Blueseko jokalariak, entsegu bat ospatzen, atzo, San Mamesen, Challenge kopako finalean. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hasi da errugbiaren festa Bilbon, ondo hasi ere, ikuskizun ederra izan baitzen atzo San Mamesen, Europako Challenge kopako finalean. Cardiff Bluesek irabazi zuen, Gloucester mendean hartuta (31-30). Galesko taldeak bigarren txapela du Challenge kopan, duela zortzi urte ere kopa bereganatu baitzuen. Ingalaterrako taldea, ordea, atarian geratu da berriro. Iaz ere finala jokatu zuen, baina orduan ere galdu egin zuen, Stade Françaiseren aurka.

Hasi, hobeto hasi zen Cardiff, eta 0-3 jarri. Baina berehala hasi zitzaizkion gauzak okertzen, Navidik min hartu baitzuen, eta partida utzi. Bi minutu eskas geroago Tinderrek lehen entsegua lortu zuen, eta Twelvetreesek transformaketa gauzatu (3-7). Evansek beste zigor kolpe bat lortu zuen gero, baina Twelvetreesek beste batekin erantzun zion (6-10). Cardiffeko beste jokalari bat lesionatu zen, Lane, eta horrek areagotu egin zuen ingelesen nagusitasuna. Hala, lehen zatiko azken minutuetan hamar puntu lortu zituzten. Atsedenaldian nahiko bideratuta zuten partida: 6-20.

Bigarren zatian, ordea, indarrez zelairatu ziren galesak, eta hamazazpi puntu lortu zituzten jarraian (23-20). Larri zen Gloucester, baina Hansonen entsegu batek eta Twelvetreesen transformaketak arnasa eman zion (23-27). Azken horrek beste zigor kolpe bat lortu zuen jarraian, eta aldea handitu (23-30). Scullik errenta murriztu zuen berriz ere (28-30), baina Anscombek ez zuen asmatu transformaketa. Handik gutxira konpondu zuen hutsa, bi minutu falta zirela zigor kolpe erabakigarria lortuta. Hortxe amaitu zen neurketa.

Atzoko finalak gaur izango du jarraipena, Txapeldunen Kopako finala jokatuko baita (17:45, Movistar Deportes 2). Leinster eta Racing 92 ariko dira aurrez aurre. Irlandako taldea da faboritoa. Hirutan irabazi du txapela. Betekada izango du San Mamesek, eta egunean zehar milaka errugbizale izango dira Bilboko kaleetan.

Kontratu berritzeak Ordizian

Bestalde, Aritz Garmendiak eta Iñigo Marotiasek beste urtebetez jarraituko dute Ampo Ordizia entrenatzen. Fernando Lopez, Juan Manuel Lescano eta Siosiua Moala jokalariek ere beste urtebeterako berritu dute. Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenak jokatu ditu aurten Ordiziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.