Hasteko, derbi bero-bero bat

Lehen aldiz Ibon Navarrok zuzenduko du gaur Laboral Kutxa, Gipuzkoa Basketen aurka

unai zubeldia
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Pertsona eta entrenatzaile gisa, sentitzen dut. Amets baten gisakoa zen Baskonia entrenatzeko aukera izatea. Gauzak ez dira atera nahi eta pentsatzen nuen bezala. Iritzi asko dauzkat buruan, baina badakit zer den errespetua edukitzea, eta orain ez da garaia balorazio gehiago egiteko. Eskerrik asko». Ohar labur horrekin agurtu zuen atzo Marco Crespik Laboral Kutxa Baskonia. Erabat modu harrigarrian, herenegun iluntzean Izar Gorriaren aurkako partida galdu berritan jakinarazi zuen Felix Fernandez Laboral Kutxako kirol zuzendariak italiarrak ez zuela jarraituko entrenatzaile karguan. Denboraldi honetan jokatutako 11 partidetatik lau irabazi eta zazpi galduta, Joxean Kerejeta presidenteak Ibon Navarro gasteiztarrari eman dio egoera bideratzeko ardura.

Eta bideratzen hasteko partida beroa izango du gaur, krisi betean Gipuzkoa Basketen aurkako derbiari aurre egin beharko diotelako gasteiztarrek. Ligan, lehen sei partidak jokatuta, bi garaipenekin daude arabarrak, eta Kopa jokatzeko aukera urruntzen ari zaie pixkanaka. Gipuzkoarrek, berriz, garaipen bakarra daukate, baina joan den asteburuan irabazi zuten partida bakar hori, etxean, Andorraren aurka, eta gaur bigarrena segidan lortzea da erronka. Bi taldeak erabat bestelako egoeran iritsi ziren joan den sasoian derbira, titulurako kanporaketak buruan zituztela, eta, jokalari asko faltan izanda ere, Gipuzkoa Basketek 66-72 irabazi zuen Buesa Arenan. Denboraldi-aurrean ere gipuzkoarrak nagusitu ziren: 67-52.

Azken bi urteotan Laboral Kutxa zuzenduko duen bosgarren entrenatzailea da Navarro. 2012ko azaroaren 18an kendu zuten kargutik Dusko Ivanovic, eta ordutik Zan Tabak, Sergio Scariolo eta Crespi bera aritu dira entrenatzaile lanetan. 38 urte ditu Navarrok; eta gasteiztarra da jaiotzez. 2000. urtean hasi zen entrenatzaile lanetan, Baskoniaren harrobiko taldeetan. EHU zuzendu zuen 2005-2006 sasoian, eta laguntzaile lanetan hasi zen gero, Tenerife Ruralen. 2007-2008an itzuli zen Tau Ceramica zenera, eta Neven Spahija, Dusko Ivanovic, Sergio Scariolo eta Marco Crespiren laguntzailea izan da ordutik. Tartean, baita Paco Olmos (Menorcan eta Valentzian) eta Velimir Perasovicena ere (Valentzian).

Kirol arloari dagokionez, oaindik ere erabat osatu ezinik dabil Lamont Hamilton Laboral Kutxako pibota, baina Izar Gorriaren aurka jokatu zuen herenegun, eta, ondo bidean, denbora dezente jokatuko du gaur ere. Gipuzkoa Basketi dagokionez, Dani Diez bakarrik dabil kili-kolo. Azken asteotan min hartuta ibili dira Jordi Grimau eta Ioann Iarotxevitx, baina osatuta daude biak. Aste barruan oso baikor hitz egin du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak. «Sentsazio onak dauzkat, parean aurkari indartsua izango dugun arren». Crespi entrenatzaile kargutik kendu aurrekoak dira adierazpen horiek. Defentsako lanean dotore ari dira gipuzkoarrak, baina erasoan puntu gutxien saskiratzen duen taldea da Donostiakoa.

LABORAL KUTXA-G. BASKET

Laboral Kutxa Baskonia. Heurtel, Perkins, San Emeterio, Bertans, Causeur, Vujacic, Shengelia, M. Diop, Tillie, Iverson, Hamilton eta I. Diop.

Gipuzkoa Basket. Jordan, Franch, Diez, Dean, Grimau, Oroz, Motos, Hanley, Olaizola, Iarotxevitx, Huskic eta Doblas.

Epaileak. Conde, Sanchez Monserrat eta Planells.

Ordua. 21:00 (ETB 1).

Lekua. Buesa Arena pabiloia (15.504 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.